Está en la página 1de 1

Piiiiii! Piiiiii!

EGITEN ZUEN MUTILA


Nire etxe aurrean jolas-parke bat dago. Beti egoten da beteta: ume txikiak, handiak, haien gurasoak, aitona-amonak Duela 10 urte-edo, bazen gure auzoan mutil berezi bat. Bere etxetik parkera jaisten zen egunero bizikleta hartuta. Berehala jakiten genuen Manuel parkera hurbiltzen ari zela. Orduan ez geneuzkan orain ditugun kristal bikoizdun leiho modernoak, eta urrutitik entzuten genuen Manuelen -Piiiii! Piiiii! ozena. Izugarrizko abailan jaisten zen maldan behera, bere bizikleta gorrian. -Piiiiii! Piiiii! Askotan, parean topatzen zituen haur txikiak izutu egiten ziren eta hauen gurasoek eta aitonaamonek errieta egiten zioten Manueli. Ia auzo osoa haserre zegoen Manuelekin. Batzuek haurrak beldurtzen zituelako, beste batzuek berriz, siestan zeudenean, bere zarata ikaragarriekin esnatzen zituelako Manuel ez zen telebistan printze urdin gisa erakusten dizkiguten mutil lerden eder horietakoa. Egia esan, pastel eta litxarkeria gehiegi jatearen ondorioz, gizen xamar zegoen, azal iluna zuen eta ileek ia beti aurpegi erdia estaltzen zioten. Gainera, bere zarata jasanezin hark mutilik ederrena piztia bihurtuko luke. Gainera, gaztelaniaz hitz egiten zuen guztiekin. Auzoko neska-mutilek iseka egiten zioten eta ia beti bakarrik ibiltzen zen Manuel. Urteak aurrera zihoazen eta Manuelek bakarrik jarraitzen zuen. Triste joaten zen kalean. Jada ez zen bizikletan ibiltzen. Ez zuen zaratarik egiten baina bakarrik jarraitzen zuen. Behin, balkoitik parkera begira nengoela, Manuel etorri zitzaidan gogora. Denbora luzea pasa zen azken aldiz ikusi nuenetik. Non ote zegoen? Une hartantxe bertantxe, sorginen lana balitz bezala, hantxe azaldu zen parkean mutil bat. Ez zuen zarata jasanezinik egiten, ez zebilen bizikletan, argal eta garaia zen baina bera zen! Manuel! Beste pertsona bat zirudien! Gainera, lagun-talde batekin ari zen kontu kontari. EUSKARAZ, gainera! Izugarri poztu nintzen eta kalera jaitsi nintzen kasu egitera. -Kaixo Manuel. Zu zara, ezta? Non ibili zara, ia ez zaitut ezagutu ere egin. -Hara, herrian ikasketak bukatu nituenean, ez nekien zer ikasi. Ez nuen deus ere gustuko eta lagunik ez nuenez, berdin zitzaidan zein ikastetxetan ikasi. Badakizu jatea beti izan dudala gustuko eta sukaldaritza ikastea erabaki nuen. Sukaldaritza eskolan lagun berriak egin nituen eta haiekin ikasi nuen euskara maitatzen. Gainera, sukaldean ongi moldatzeaz gain, osasuntsu jaten ikasi nuen eta hara non nagoen. Tira, euskararen kontuarekin ez dizut dena kontatu. Behin, eskolako sukaldean bakarrik nengoela, iratxo bat azaldu zen zartaginen artetik eta hark lagundu zidan lagun berriak euskararen bidez egiten. Tartean, egia esango dizut, bazen oso gustuko nuen neskatxa bat. Euskalduna zen eta beti egiten zuen euskaraz. Argi ikusi nuen harengana hurbildu nahi banuen, euskaraz izan beharko zuela. Hala izan zen, eta neskatxa eder hartaz gain, beste lagun pila bat egin nituen euskarari esker.