Está en la página 1de 2

LOLO EGITERA NINDOALA

Gaur goizean, egunero bezala, goiz jaiki naiz. Gaurko nire helburu bakarra ipuin bat idaztea da. Goiz guztia nire alabaren atzetik pasa ondoren, arratsaldean ipuina idazteko konpromisoa hartu dut. Besterik gabe, eta haurra ohean zegoela, bazkaria prestatu dut, eta dena jaso ondoren, ipuin bat idazteko momentu aproposena dela pentsatu dut. Dena den, nekatuta nagoenez, aurrena hamabost minutuko kuluxka egitea pentsatu dut. Nekatuta nago eta bai gorputzak, bai buruak eskertuko dit 'lolo' egitea. Orduan sofan etzan naiz eta soinu batek iratzarri nau. Alaba izan dela pentsatuta, berehala jaiki naiz. Bat batean, nire inguruan neukan guztia ez nuen ezagutzen. Hormaren kolorea zuri-zuria da. Ez telebistarik, ez interruptorerik ez zegoen gelan. Atzera begiratu nuen eta leihoa zegoen lekuan orain kristal ilun bat zegoen, hormaren alde batetik bestera. Baina benetan harritu ninduena nire ondoan zegoen mahai handi bat izan zen. Bi metro karratuko lauki formako mahaia zen. Mahaiaren kanpoaldea zurezkoa zen eta erdian pantaila handi bat zeukan. Pantaila honen gainean, eskua ipini nuen eta piztu egin zen berehala. Bertan irakur nitzakeen aukerak handiak ziren. Denetik zapaldu nuen eta jarraian kanpoko leihoaren kolorea argitu egin zen eta eguzkia barrura sartu zen. Jarraian, beste aukera desberdin bat sakatu nuen eta paretan telebista piztu zen. Pantaila alde batera utzi nuen eta kalera irten nintzen non nengoen jakiteko asmoz. Atea ireki eta berriz ere harrituta geratu nintzen. Nik ezagutzen nuen kolore berde eta bizia kolore marroi eta lehor batengatik aldatuta zegoen. Leku batetik bestera begiratu nuen zuhaitz edo loreren baten bila, baina ez nuen deus aurkitu. Aldi berean, zerura begiratu nuen eta nabaritu nuena zera izan zen; eguzki printzek min handia egiten zutela. Minaren ondorioz, eskuekin begiak estali nituen eta orduan nire larruazalaz ohartu nintzen. Kolore iluna zuen, eta ukitzean, oso hotz zegoen. Gainera, gorputz guztia horrelakoa nuen. Aurrerantz pauso batzuk eman nituen eta esan behar dut benetan asko kosta zitzaidala. Bat-batean, hamar bat metrora, bi pertsona ikusi nituen hizketan eta haien ondoan zakur bat. Harritu egin nintzen txakurrak ez baitzeukan ilerik eta azala oso fina eta beltza zuen. Ziur aski eguzkiaren eraginez. Baina gehien harritu ninduena euren artean nola komunikatzen ziren ikustea izan zen. Esku seinale asko erabiltzen zuten, eta hizkera oso sinplea eta ulergaitza zuten. Eurengana hurbildu nintzen eta beraiekin hitz egiten saiatu nintzen. Mantso hitz eginez eta esku seinaleak erabiliz, 2400. urtean geundela jakin nuen, eta ezagutzen ditudan hizkuntza guztiak orain dela berrehun bat urte desagertu zirela. Gainera, erabiltzen ziren tresna guztiak bakoitzak sortzen zuen energiarekin mugitzen ziren. Urduritasuna nabaritzen hasita nengoen eta, bat-batean, auto beltz batetik jantzi arraroz jantzitako bi gizon jaitsi ziren. Niregana hurbildu ziren eta keinuak egiten hasi ziren. Ez nuen ezer ulertzen eta hirurok urduri jartzen hasi ginen. Bat-batean hauetako batek makila luze bat atera zuen eta ezer esan gabe bizkarrean astindua eman zidan.

Lurrera erori nintzen eta bien artean besotik heldu ninduten autoan sartzeko asmoz. Orduan oihuka hasi nintzen haurra etxe barruan neukala, baina ez zidaten jaramonik egin. Bat-batean begiak ireki nituen eta momentu horretan konturatu nintzen dena amets bat izan zela Eta horregatik ezin izan dut ipuina idatzi.