Está en la página 1de 3

BASURDE EGOSKORRA

Mailu Erzibengoa Elustondo 616.120266 Errenteria

Bazen behin Urdaburu inguruan bizi zen basurde egoskor bat. Lagun asko zituen: behiak, ardiak, azeriak, zozoak, kattagorriak, eperrak, ahuntzak. Asko jolas egiten zuten elkarrekin. Baina gure basurdea egoskor xamarra zen; behiak ezkutaketan ibiltzeko esaten bazuen, berak ezetz, lasterketak egin nahi zituela; kattagorriak esaten bazuen 1-2-3 Ezin da mugitu-n ibiltzeko, berak bordan kartetan ibili nahi zuela. Eta beti berdin. Besteek esaten zutenaren aurkakoa egin nahi izaten zuen, baina azkenean ados jartzen ziren, eta denak elkarrekin ibiltzen ziren. Halere, bazen jolas bat batere gustatzen ez zitzaiona: uretan ibiltzea. Basurdearen lagunak egunero, afaldu baino lehen, Aarbeko uretan sartzen ziren jolastera, txipli-txapla, eta bide batez, garbitzera. Bera, ordea, inoiz ere ez. Ezetz esan dut, ez naizela uretan sartuko- esaten zien lagunei haserre.

Saiatu arren, ez zuten inoiz lortu. Hain zen egoskorra!!! Baina, uretara ez sartzeak, ondorio handi bat ekarri zion basurdeari. Gero eta usain txarragoa zuen!! Konturatu al zarete zein usain txarra duen basurdeak?- esan zien behiak

gainerako lagunei. Usaina ez, kiratsa da basurdeari dariona!!- erantzun zuen kattagorriak. Lagunok, zerbait egin behar dugu!- esan zuen serio-serio ahuntzak. Gauza bat bururatu zait!- esan zuen azeriak zutituz- Eta animalia guztiak bildu eta hurrengo egunerako plana azaldu zien ahots baxu-baxuan basurdeak entzun ez zezan.

Hurrengo eguneko iluntzean, han zebiltzan denak Aarbe urtegiko aldapetan gora eta behera, lokatzetan zilipurdika. Basurdeari asko gustatzen zitzaion txiribueltak egitea lokatzetan, eta kroketa baten antzera, alde batera eta bestera ibiltzea. Baina gero, jakina, ez zen uretara joaten eta lokatzez beteta geratzen zen. Animalia guztiak erne zeuden azeriak esandakoan planari ekiteko, eta halako batean, ORAIN! esan zuenean, denak basurdearen atzean jarri ziren. Basurdea harri eta zur geratu zen, ez zekien zer gertatzen zen, baina batbatean denak berari bultzaka hasi zirela ikusi zuenean, konturatu zen uretara sartu nahi zutela eta oihuka hasi zen:

- Zertan ari zarete? Utz nazazue bakean!!!! Ez dut uretara joan nahi!!!! Baina inork ez zion kasurik egiten; ardiak indar guztiarekin hanketatik bultzatzen zion; behiak ipurditik (adarrak ere sartu zizkion behin baino gehiagotan); kattagorri batek hanka batetik tira egiten zion, eta besteak, bestetik; zozoak basurdearen aurrean jarri eta besteei aginduak ematen zizkien: aurrera!, ezkerretara! Halako batean, PLAUSTA handi bat entzun zen eta han joan ziren denak uretara! - Lortu dugu!!! oihu egiten zuten denek. Beno, denek ez. Basurdea ixil-ixilik zegoen, blai eginda, burua uretatik ezin atereaz. - Ikusiko duzue, bai!!!-esan zien haserre bizian denei. Baina, uretatik ateratzera zihoanean, konturatu zen ez zela hain gaizki egoten uretan, eta ura ez zegoela hain hotza! Buelta eman eta lagunekin batera uretan jolasten hasi zen. Hura zen bee, muuuu, txio-txio festa!! Ordutik aurrera, basurdea astean behin, ostiraletan, joaten da bainatzera bere lagunekin. Orain ez du kiratsik, basurde usaina baizik.