Está en la página 1de 3

Kontaidazu ipuin bat 2009

Oarsoaldeko Euskara Batzordea


Idazlea: Luis Mari Zabala

MARTINTXO ETA INGELESAREN GAZTELUA

Behin batean bazen mendiz inguratutako herri batean Martintxo izeneko ume
koskor bat. Artzain lanetan ibiltzen zen, eta goizero eguzkia atera bezain pronto, ardiak
ukuilutik atera eta Zarpa bere artzain-txakurra lagun hartuta, mendi aldera abiatzen zen
egun guztirako.

Ez zen aberatsa noski, eta borda txiki batean bizi zen. Baina ez zuen ezeren
faltarik. Eta umoretsu eta alaia zenez, arratsaldero lanak bukatu ondoren, herriko plazara
joaten zen bere lagunekin jolastera. Batzuetan kukutan, besteetan elkar harrapatzera,
pilotan, zuhaitzetara igotzen. Pozik eta zoriontsu bizi zen gure Martintxo, eta oso lagun
onak zituen.

Egun batean bere ardiekin zelai batean, Aiako Harriaren magalean zegoela,
belarretan eseri zen zuhaitz baten kontra atseden hartzeko. Beti bezala, Zarpa bere
txakurra ondoan eseri zen. Zerbait jan ondoren, logura sartu zitzaion Martintxori, eta
honela agindu zion txakurrari: "Zarpa, nire ondoan gelditu, baina ardiak begi bistatik galdu
gabe. Nekatuta nago, eta lo pixka bat egin behar dut."

Bere aurrean pareta zahar bat zegoen. Zutik eusten zion oraindik, baina lurrean
harri-pila bat zegoen.

Martintxo: "Garai bateko gazteluaren arrastoak dira harri horiek. Ingelesaren gaztelutik
gelditzen diren azken paretak."

Eta imajinatzen hasi zen nolakoa izango zen garai batean gaztelu handi hura,
teilatu eta guzti, erori baino lehen.

Bat-batean bele bat azaldu zen hegan, eta mokoarekin bila hasi zen paretan.

Martintxo: "Bai arraroa! Pareta horretan harria besterik ez dago. Zer bilatzen ariko ote da
bele hori?"

Belea zertan ari zen ikusi zuenean, aho zabalik geratu zen artzain gaztea. Lurrean
paretaren ondoan kristalezko kutxa bat zegoen. Eta barruan, zapi zuri baten gainean
urrezko eraztun handi bat, moztutako behatz batean jarrita. Belea kutxa ireki nahian
zebilen mokoarekin.

Martintxo: "Izugarria! Bai eraztun polita! Eta diru piloa balioko du! Inork ez nau ikusi, eta
hartuko banu, niretzat? Baina ez da nirea, jabe bat izango du. Ezin dut hartu. Beno, hala
ere, niretzako izango da eraztun hau.

Belea bidali zuen hankarekin jota, eta kutxa ireki ondoren eraztun handi hura jantzi
zuen bere behatzean Martintxok. Eta eskuan nola gelditzen zitzaion begiratuz hauxe esan
zuen: "Bai elegante nagoela nire eraztunarekin. Baina nire arropa zahar hauek desitxuratu
egiten naute. Aii… Arropa berri eta dotorea izango banu!". Hori esan eta arropa zaharrak
bat-batean desagertu eta printze bat bezala jantzita azaldu zen Martintxo izugarrizko traje
ederrarekin.

Eraztun magikoa zela konturatu zen, eta garai bateko gazteluko pareta zaharrari
begiratuz honela esan zuen: "Bai elegante nagoela nire printzearen trajearekin! Baina
borda zahar batean bizi eta... Aii, gaztelu handi eta polita izango banu!". Hori esan eta
pareta zaharra bat-batean desagertu eta izugarrizko gaztelua azaldu zen bere aurrean.
Sinistu ezinik, lorez betetako lorategia pasa zuen, eta eskailera batzuk igo ondoren
gazteluaren barrura sartu zen. Mahai baten gainean altxorrez betetako kutxa handi bat
zegoen. Ispilu batean begiratu zuen bere itxura berria, benetako printze batena.

Egunak eta egunak pasa zituen Martintxok bere gazteluaren barruan. Altxorrak
kontatzen eta ispiluaren aurrean bere buruari begiratu eta begiratu. Konturatu gabe,
harropuzten hasi zen Martintxo.

Herrian bere lagunak kezkatu egin ziren Martintxo plazan azaltzen ez zelako, eta
mendira igo ziren bere bila. Ikusi zutenean honela zebilela, zera esan zioten harriturik:
"Baina, baina Martintxo, nondik atera duzu printzearen traje hori?" "Hara, baina zeinena da
gaztelu handi eta izugarri hau? Eta... eta..." "Martintxo aspaldian ez zara plazara jaisten
gurekin jolastera, zer gertatzen zaizu?"

Martintxo: "Ni hemen ondo bizi naiz, nire gazteluan. Eta ez dut zuen beharrik" Erantzun
zuen zakar eta harropuztua".

Lagunak: "Baina, baina, Martintxo, zer diozu? Gu zure betiko lagunak gara."

Martintxo: "Zaudete isilik kalamidadeak! Zuek ez duzue merezi nire lagunak izatea. Orain
aberatsa naiz eta zuek ez. Nik ez dut lagunik. Ah! Eta bukatu da Martintxo deitzea niri.
Hemendik aurrera On Martin Jauna izango naiz. Bai? Gogoratu eh? ON MARTIN JAUNA!"

Triste bueltatu ziren mutikoak herriko plazara entzundakoa entzunda. Bitartean On


Martinek bere izen berriarekin bere gazteluan pasatzen zuen denbora guztia, herrira
batere joan gabe. Altxorrak kontatzen eta, ispiluaren aurrean, bere buruari begira eta
begira.

"Kax, kax, kax". "Nor da?" Galdetu zuen On Martinek. "Kax, kax, kax". Haserre eta
marmarka On Martin atarira jaitsi eta atea zabaldu zuen. Gizon bat zegoen, ile eta bizar
luzea, buruan kapela handi bat eta eskua bere kapa beltzaren barruan zeramatzana.
Sorbaldan belea zeraman. "Ah, zer nolako gaztelu handia! Esadazu, zurea al da?".
(Martintxo) "Bai, jakina, nirea da". "Kroak, kroak, gezurra, gezurra" Esan zuen bat-batean
beleak.

On Martin: "Zaude isilik txori nazkantea! Bai arraroa! Beleek ez dute hitz egiten."

Bat-batean gaztelu osoa, bere altxorra eta guzti, desagertu egin zen. Eta lehen
bezala pareta zahar bat besterik ez zen gelditu. "Ah, zer nolako traje ederra daukazun!
Esadazu, zurea al da?" Galdetu zuen berriro gizonak.

On Martin: "Eh? Bai, bai, nirea da".

Belea: "Kroak, kroak, gezurra, gezurra".

On Martin: "Isilik egon hadi mesedez! Baina, non ikusi dut lehen bele hori? Ah bai!
Hasieran kristalezko kutxa ireki nahian zebilena eraztuna hartzeko."

Bat-batean traje ederra desagertu zen. Eta artzainaren arropa zaharrak azaldu
ziren. "Ah, zer nolako eraztun polita! Esadazu, zurea al da?" Galdetu zuen gizonak bere
eskua kapatik atera eta behatz bat falta zuela erakutsiz. Berehala konturatu zen On Martin
eraztuna gizonarena zela.

On Martin: "Ez, ez da nirea. Nik ez nuen hartu behar, baina, hartu nuen, eta damututa
nago. Barkatu, badakit zurea dela. Eta... Tori, tori! Bueltatuko dizut. Hartu."

Eraztuna eman eta gizona eta belea berehala desagertu ziren. Bakarrik gelditu zen,
eta lasaitasuna eta zoriontasuna sentitu zuen dena lehen bezala zegoelako, pareta
zaharra, bere artzain arropa...

Orduan bere betiko lagunez gogoratu eta gaizki jokatu zuela beraiekin konturatu
zen. Damutu eta triste hauxe esan zuen: "Nire lagunak hemen egongo balira, barkamena
eskatuko nieke berriz adiskidetzeko". Hori esan eta bere atzean ahots bat entzun zuen.

Lagunak: "Eh Martintxo! Ez al duzu gurekin etorri behar ala? Goazen herriko plazara! Gaur
pilotan ibiliko gara"

Martintxok bere lagunak besarkatu eta musuka eta saltoka hasi zen zoriontsu. Eta
lagunak bere aurpegian mingaina pasa eta zaunka hasi zen. Martintxok begiak ireki
zituen. Lurrean eserita zegoen zuhaitz baten kontra, ardiak belarra jaten ari ziren
bitartean. Ondoan bere txakurra Zarpa bere aurpegian mingaina pasa eta pasa eta
zaunkaka ari zen, Martintxo esnatu nahian. Amets bat besterik ez zela konturatu zen. Eta
ingelesaren gazteluko pareta zaharrari begiratuz hauxe esan zuen: "Zarpa, ardiak bildu.
Goazen berandutu baino lehen! Gaur pilotan ibiliko gara lagunekin herriko plazan".