Está en la página 1de 2

BARRASKILOA ETA BAREA

Baziren behin Lezo Herri Eskolako jolastokian bizi ziren bi lagun: Barri
barraskiloa eta Bare izeneko barea. Oso lagun onak ziren, eta biei gehien
gustatzen zitzaiena haurrak batera eta bestera jolasten ikustea zen. Horregatik
jolastokira irteteko txirrinak jotzean, beraiek ere “ziztu bizian” ateratzen ziren
haurrekin batera. Gorde-gordeketan edota harrapaketan jolastea gustatzen
zitzaien Barri eta Bareri, baina beti Barek irabazten zuen. Egun batean,
eskolako jolastokian jolasten zebilen Mikel izeneko mutiko bat, eta barraskilo
eta bare txikiei begira zegoelarik, esan zion lagun bati:

- Begira, begira! Barraskilo hori eta bare hori lasterketa bat egiten ari
dira, baina barraskiloa mantsoagoa da. Nik uste dut soinean daraman
etxea astunegia dela eta ezin duela korrika egin!

Barrik Mikelek esandakoa entzun zuen, eta esan zion Bareri:

- Ikusten! Ni ez naiz zu baino mantsoagoa. Nik nire etxea daramat bizkar


gainean eta ezin dut zuk bezain arin korri egin!

Orduan Barek erantzun zion:

- Ken ezazu ba soinetik! Zertarako balio dizu ba? Begira ni zein arina
naizen!

Barrik bere lagunak esandakoan pentsatu zuen eta esan zuen:

- Eta nola ken dezaket?


- Nik ezagutzen dut kakalardo bat, gaztainondoaren gerizpean bizi da
eta lagun zaitzake- esan zuen Barek
- Beno, bihar ikusiko dugu elkar eta hitz egingo dugu.

Agurtu ondoren, bakoitzak bere bidea hartu zuen. Barri barraskiloak,


etxera iritsi zenean, hauxe galdetu zion bere amari:

- Etxea soinetik kentzea erabaki dut amatxo! Zer deritzozu?


- Zergatik seme? Zer erokeria da hori! – esan zuen amak harriturik.
- Bare bezain azkarra izan nahi dut ama, beti irabazten dit korrika!

Hori entzundakoan ama Barrirengana gerturatu eta goxo-goxo esan zion


Barriri:

- Begira seme, gure mundu honetan denetarik egon behar du: azkarrak
direnak, mantsoagoak, altuak, baxuak, iledunak, hegodunak…. Eta guk
etxea soinean badaramagu, arrazoiren batengatik izango da. Eta orain
goazen lotara.

Ohera sarta eta Barrik begiak itxi zituen. Lotan zegoelarik, amets sakon
batean sartu zen. Ametsetan ez zuen oskolik eta Bare baino azkarragoa zen,
baita jolastokiko azkarrena ere. Beraz, esnatu zenean….
- Erabaki dut! Kakalardoa ikustera joango naiz!

Barri Bareren bila joan zen eta esan zion:

- Goazen Bare, esadazu non bizi den kakalardoa.


- Hartu al dugu erabakia? Oso ondo, goazen! - animatu zuen Barek.

Bi lagunak kantari joan ziren bidean zehar.

Bat-batean, belar artean arrastaka zebiltzalarik, zerua ilundu egin zen eta
izugarrizko euri zaparrada hasi zuen; euria, haizea, kazkabarra…

Giro trumoitsu hura ikusitakoan, Barri bere etxean sartu zen segituan,
baina Barek ez zekien zer egin, ezta non sartu ere eguraldi kaxkar hartatik
babesteko.

- Barri zer egingo dut? Lagundu iezadazu! – esan zuen Barek


- Sartu hemen, nire etxean, biontzako adina toki badago- esan zion
Barrik
- Eskerrak etxea daramazun soinean Barri, bestela....

Eguraldia baretu zen, eguzkia atera zen eta bi lagunak babeslekutik atera
ziren. Orduan Barrik esan zion:

- Nire amak arrazoi zuen! Kakalardoarengana joan beharrean, etxera


bueltatzen bagara, hobe…
- Bai Barri, etxea soinean izan ez bazenu, ez dakit zer egingo nuen.

Bi lagunek elkar besarkatu eta eskolako jolastokira bueltatu ziren.

Eta hala bazan eta ez bazan, sar dadila kalabazan eta atera dadila Lezo
Herri Eskolako jolastokian.

Egileak: Jéssica López eta Mikel Esnaola

Lezo