Está en la página 1de 3

TXINTXOREN ISTORIOA

Nire herriko istorio bat kontatuko dizuet:

Nire herria oso txikia eta pobrea zen; gehienak baserriak ziren , ez zegoen lantegirik.
Horrexegatik, baserrietako gizonek, etxera diru pixar bat ekarri ahal izateko, beste
herrietara joan behar izaten zuten bizikleta hartuta.

Herriko plazan dendatxo bat zegoen, denetarik izaten zuten horietako bat. Denda
Mirentxurena zen. Mirentxuren senarrak Jazinto zuen izena, baina inork ez zion
Jazinto deitzen, gehienek Zinto esaten zioten eta haurrek Txintxo, benetan txintxo-
txintxoa zelako.

Txintxo ez zen herrian jaioa, Mirentxurekin ezkondu zenean etorri zen herrira eta
Mirentxuren dendan tailerra jarri zuen. Txintxo zapataria zen.

Hasieran esan dizuedan moduan, oso herri behartsua zen, horregatik, baserrietan
etxekoandreek zapatak, abarkak edo alpargatak behar zituztenean, baserriko
produktuekin ordaintzen zioten Txintxori. Batzuetan lekak, besteetan arrautzak
Horregatik, Txintxok ez zuen goserik pasatzen, baina dirurik ere ez zuen askorik
izaten.

Egun batean, gizon handi bat sartu zen Mirentxuren dendan. Dotore jantzita zihoan,
aberatsa zirudien.

-Egunon!

Esan zuen jauntxoak.

-Baita zuri ere.

Erantzun zion Mirentxuk.

-Hemen al dago Jazinto zapataria?

-Bai, jauna! Nire senarra da.

Etorri al daiteke, mesedez, andrea?

-Bai, bai, oraintxe deituko diot.

Berehala azaldu zen Txintxo izutu aurpegiarekin.

-Zer nahi duzu, jauna?

-Hara! Oso zapata onak egiten dituzula entzun dut eta hala den jakin nahi dut. Nik
arazo handiak ditut oinetan eta ezin ditut edonolako zapatak jantzi. Beraz, zuk
egindakoak probatu nahiko nituzke.
Gizonak zapatak kendu zituen eta oinak erakutsi zizkion Txintxori.

-Begira zer nolako Juaneteak!

Benetan oin itsusiak zituen. Oker-oker eginak zeuzkan, gorriunez beteak.

-Zuk egindako zapatek minik egiten ez badidate, ongi ordainduko dizut.

-Baaaaa, … nik … .- esan zion Txintxok beldurrez.- nik ez dakit lortu ahal izango
dudan. Zure oinak oso gaizki daude, baina ahal dudana egingo dut. Nik dakidan
moduan egingo dizkizut zapatak.

Neurriak hartu zizkion gizonaren oinei. Goitik, behetik, zabaleran, luzeran … ez zuen
lan makala! Gainera, astebete beharko zuen gutxienez bere lana egiteko.

Gizona konforme zegoen epearekin eta agur esanda joan zen.

Segituan ekin zion Txintxok bere lanari. Zeukan larrurik finena hartu zuen. Hartara
zapata bigun bigunak egin ahal zango zituen. Kontu handiz egin zuen lan eta
azkenean han zeuden zapatak. Lana bukatu zuenean, pixka batean begira geratu
zen Txintxo. Gustura geratu zen egindakoarekin, benetan ederrak ziren zapatak,
baina gogoko izango al zituen jaun hark?

Aste bete pasatuta, dendan agertu zen berriro ere gizon hura. Txintxok zapatak atera
zizkion, distiratsu zeuden. Zapatak jantzi zituen, dendan zehar bueltaxka bat eman
zuen … eta zenbat zen galdetu zuen.

Txintxo pentsakor geratu zen pixka batean, eta esan zion:

-Ez dizut orain ezer kobratuko. Zuk eraman itzazu zapatak eta probatu itzazu etxean,
lasai. Egun batzuetan erabili ondoren, minik ematen ez badizute, etorri eta egoki
iruditzen zaizuna ordainduko didazu.

Gizona harrituta geratu zen, baina proposamena gustatu zitzaion. Zapatak hartu eta
etxera joan zen.

Egun batzuk pasa ziren eta gizona ez zen dendatik agertzen. Txintxok pentsatu zuen
ez zela gehiago etorriko. Seguruenik min egin zioten zapatek eta ez ordaintzea
erabakiko zuen.

Baina egun batean, Txintxo lan eta lan ari zela, gizona agertu zen. Zoriontsu zirudien
eta eskuetan zeraman diruz betetako poltsa mahai gainean utzi zion Txintxori.

-Hemen duzu egindako zapaten ordaina. Orain, nire etxeko guztientzako zapatak
egitea nahiko nuke.

Ikaragarrizko enkargu handia egin zion gizon hark: emaztearen zapatak, seme-
alabenak, morroien abarkak, alpargatak … denetik eskatu zion egiteko.
Guztien neurriak hartzera bere jauregira joatea proposatu zion. Ez zen lan makala!
Baina nola moldatuko zen lan hori guztia egiteko? Lan gehiegi zen pertsona
bakarrarentzat.

Gau hartan ez zuen batere lorik egin. Nola antolatu lan guzti hura? Bat-batean,
argitxo bat piztu zitzaion buru barruan. Ideia bat bururatu zitzaion!

-Badakit! Dendaren atzeko aldean badago tailer eder bat antolatzeko nahikoa toki,
eta gizon honek eman didan diru guztiarekin behar ditudan tresna guztiak erosi ahal
izango ditut. Inguruko baserrietan izango dira lan bila dabiltzan gazteak. Denak bildu
eta nire lanbidea erakutsiko diet, hartara, ez dute beste herrietara lan bila joan
beharko.

Hurrengo goizean baserriz baserri eta etxez etxe joan zen bere proposamenarekin.
Oso ongi hartu zuten guztien Txintxoren ideia eta ez zen zaila izan ikasle taldetxoa
osatzea.

Bildutako neska-mutilei lanbidea erakutsi zien eta denen artean errez bete zuten jaun
aberats hark egindako enkargua. Gizon hark primeran ordaintzeaz gain, Txintxo eta
bere ikasleen berri zabaldu zuen herriz herri. Epe laburrean Txintxoren lantegiko
zapatak izugarri ezagun bilakatu ziren. Inguruko herrietan guztiek nahi zituzten
zapata hauek. Enkargu pila bat iritsi zitzaizkien.

Pixkanaka, tailerra handitzen joan zen eta ordutik aurrera gure herria izugarri
aberastu zen . Horrela herriko gazteek ez zuten gehiago kanpora lanera joan behar
izan.

Hala bazan eta ez bazan, sar dadila Txintxoren lantegian.

EGILEA: Lurdes Garmendia Bengoetxea (Oiartzun)