Está en la página 1de 2

TXORIEK ABESTEN JARRAI DEZATEN

Udaberria zen eta Ana, igande goizetan ohi zuen bezala, etxeko balkoira irten
zen Jaizkibel mendia, beheko plaza, parkea eta azken batean herria eta
bertakoak nola zeuden ikustera.

Eguna benetan polita zetorren, Aiako Harritik eguzki printzak balkoiko loreak
goxatzen hasiak ziren eta hauek esnatzen ari ziren. Txoriak txio-txioka zebiltzan
arboletako hosto berri eta berdeetan aspaldian ez bezala. Baina bat-batean
txoritxo hauetako bat zuhaitzetik hegan atera eta Anaren balkoian geratu zen
neskatxari begira.

-Zer duzu txoritxo? Galdetu zion Anak.

-Badakizu Ana, esan zion txoriak, udazkena iristen denean, bidaia luze
bat egiten dugula lurralde beroagoetara, hotzetik urruntzeko.

-Bai badakit txoritxo eta zer moduz igarotzen dituzue egunak lurralde
bero horietan? Galdetu zuen Anak.

Txoritxoaren aurpegian irri-barrea sumatu zuen Anak eta halaxe esan zion:

-Begira Ana, ehunka kilometro egin ondoren, bidaia luzea eta gogorra
baita, lurralde beroetara iristen garenean, bertako haurrak gu itxaroten
egoten dira, eta ohitura dute ongi-etorri festa moduko bat egiteko,
dantza, abesti eta kolorez beteriko jaia egiten da.

Lurralde beroago hauetako haurtxoak, jarraitu zuen txoritxoak, ezer gutxirekin


dira zoriontsu, ia jostailurik gabe, herri osoan apenas aurki daitezke baloi bat
eta zenbait margo, baina nahikoa dute. Guk txoriok ere, alaitasun horrekin
kutsatuta, kantu eskola bat sortu dugu eta goizero bertakoei kontzertu eta
emanaldiak eskaintzen dizkiegu.

Hona bueltan ordea, -txoritxoa betilun igarri zuen Anak oraingoan, eta-, zer?
txoritxo, zer? Galdetu zuen Anak jakin-minez.

Hemengo haur asko eta asko ez da ez joan, ez eta etortzen garenik ere
konturatzen, ez gaituzte ez ikusi, ez entzun ere egiten... Euren negar
kapritxosoek gure doinuak isilarazten dituzte. Hemengo haurtxoen lo-geletako
leihoetan jartzen naiz zenbaitetan eta geroz eta jostailu gehiago ikusten ditut
baina ez ditut alai ikusten, eta ondorioz, ezin dugu kontzerturik prestatu, gu ere
kezkatuta baikaude.

Ana pentsakor geratu zen.


Gau hartan neskatxa lotara joan zenean ezin zuen burutik kendu txoritxoak
kontatutakoa. “Zer egin genezake munduko haur guztiak zoriontsuago izateko
eta, era berean, txoritxoen kantu alaiak entzun ahal izateko?”

Lo geratu zen Ana eta gau horretan amets zoragarri bat izan zuen:

Ametsetako munduan ostadar erraldoi bat zegoen, puntta bat Anaren etxe
azpiko parkean zuen, beste puntta berriz, lurralde beroagoetan zuen. Kolore
guzti-guztiak zituen ostadar super distiratsua zen hura. Ostadarraren alde
bietan haurrak zoriontsu ziren eta honen inguruan txoriek beraien melodiak
abesten zituzten.

Ametsetan Anak gehien maite zuen panpinetako bat hartu eta Erromako zubitik
gora abiatu zen tontorreraino iritsi arte. Hemen, panpina hartu, ostadarrean
eseri eta sorbaldatxoan bultza egin zion txirrista batetik botako balu bezala.
Panpina ostadarretik behera joan zen honen bukaerara iritsi zen arte. Anaren
panpina lurralde beroetako haur irribarretsu baten besoetara erori zen.

Hurrengo goizean, astelehen goiza zen, eskola eguna eta Ana inoiz baino
irribarretsuago esnatu zen, bai bait zekien nola izan zitezkeen munduko haur
eta txoritxoak zoriontsuagoak.

Anaren andereñoak borobilera esan zuenean, Anak eskua altxa eta gertatutako
guztia azaldu zien bere gelakideei.

Eskolako leihoan kuxkuxean zegoen txoritxoa txorrotxioka hasi zen eta denek
entzun zuten.

Egileak: Itsaso Errasti eta Katrin Muñoz

También podría gustarte