Está en la página 1de 3

BAZEN BEHIN HOSTO BAT

Udaberria iritsi zen eta Jaizkibel mendia loratzen hasita zegoen. Euri eta
eguzki izpien artean hostotxo bat agertzen zen haritz baten adar gainean. Zein
polita, zein berdea! eta bera ere poliki-poliki hazten joan zen. Hostoa
garrantzitsu sentitzen zen, hain ederra, halako distirarekin eta gainera
haritzaren adar altuenean zegoen paisaia guztiari begira.

Han goitik txoriak ikusten zituen, baita jendea paseatzen ere, horregatik
gero eta gehiago gustatzen zitzaion haritz hartan bizitzea. Dena den, gehien
gustatzen zitzaiona txoritxo bat bere ondoan jartzea eta txistuka kantari hastea
zen. Zirimiria ere atsegin zitzaion, batez ere eguzkiarekin batera ortzadarra
sortzen zutenean. Zein ederra zen dena!

Pozik, kantari hasten zen.

HARITZ EDER BATEAN


BIZI NAIZ GUSTORA
HEMEN IGAROTZEN DUT
DAUKADAN DENBORA
TXORIAK ETORTZEN DIRA
KANTARI ONDORA
POZIK BIZI NAIZ ETA
EZ NOA INORA.

Egunak aurrera joan ahala eta udara iristearekin batera, loreak indartzen
zihoazen eta hostotxoa ere bai, udaberrian bezain ederra jarraitzen zuen.

Hala ere, udara pasa ondoren, udazkena iritsi zen eta udazkenarekin
batera euria, haizea, tximistak….. eta abar. Gainerako hostoak erortzen hasi
ziren pixkanaka, eta gure hosto txikia beldurtzen hasi zen.Bere kolore berdea
marroi bihurtu zen eta beldurra zuen, beldur ikaragarria bera ere eroriko ote
zen.

- Nolakoa izango ote da bizitza hor behean? Zer gertatuko zait?-


galdetzen zion bere buruari.

Urriko egun ilun batean, euri-jasa ikaragarria hasi zen, gainera haizea
indartsu zebilen. Hosto txikiak, tinko eutsi nahi zion bere adarrari, baina ezin
izan zuen, eta bera ere lurrera jausi zen.

Haizeak batetik bestera zeraman bitartean, hostotxoak pena handiarekin


begiratzen zion haritz eder hartako adarrari, berea zen adar hori, eta berarekin
zer gertatuko ote zen galdetzen zion bere buruari.

Halako batean lurrera iritsi zen, eta lur hotz hartan, bera bezala,
zuhaitzetatik eroritako beste hosto batzuekin elkartu zen.
Bere bizitza izugarri aldatu zen, argitik ilunera bezala, zoriontasunetik
tristetasunera!

Orain ez zuen ezer ez ikusten, hotz handia egiten zuen eta eguzkia ez
zen ateratzen.

- Zer gertatuko zait orain? –esaten zion bere buruari.


Eta negar-malkoen artean kantatzen zuen.

BIZITZA ALDATU ZAIT


TXURITIK BELTZERA
HAIZE BOLADA BATEK
BOTA NAU LURRERA
LURREAN NAGO ORAIN
BESTEEKIN BATERA
BERRIZ IGO NAHI DUT NIK
NIRE ADARRERA.

Egun batean Jon izeneko mutiko bat Jaizkibel mendian barrena zihoan
bere aitona Joxerekin eta han, haritz eder baten magalean ikusi zuen gure
hosto txikia.
- Aitona, aitona! Ikusi zein hosto polita! – esan zuen Jonek poztasunez.
- Haritz baten hostoa da eta! –erantzun zion aitonak.
- Bikain! Haritz baten hostoa behar nuen hain justu ere irakasleak
eskatu digun lan baterako!

Jonek hostoa hartu, lehortu eta bere motxilan gorde zuen.

- Non nago? Zein toki iluna! – esaten zion hostoak bere buruari
beldurtuta.

Goiz osoa mendian igaro ondoren, paisaia ezberdinetan zehar hosto


ezberdinak jasoaz, Jon etxera iritsi zen. Mahai gainean jarri eta jasotako hosto
guztiak atera zituen motxilatik eta paper handi batean jarri zituen banan-banan.
“Zein polita den haritz-hosto hau” pentsatzen zuen Jonek ikusten zuen
bakoitzean.

Hurrengo egunean, Jonek egindako lana eraman zuen eskolara eta bere
gelakideen lanekin batera, gelako paretarik handienean itsatsi zuen.

Gure hosto txikiari bizitza zeharo aldatu zitzaion, orain eskola hartako
pareta batean bizi zen, beste hosto askorekin batera, eta zoriontsua zen.

- Zein pozik bizi naizen hemen! Babesean goxo-goxo nago! Ume asko
daude, zein ondo pasatzen dudan! Hau poza! – esaten zuen egunero,
eta kantari hasten zen:

ZUHAITZEAN HASI TA
ESKOLAN BUKATU
AIZU, NIRI BIZITZA
ASKO ZAIT ALDATU
ORAIN POZIK NAGONEZ
EZIN NAIZ KEXATU
ESKERRIK ASKO JON
BAINAUZU MAITATU

Egileak: Jéssica López eta Jon Esnaola (Lezo)

También podría gustarte