Está en la página 1de 3

AMONAREN DEIADARRA

Nire herria oso polita da eta ziur zuena ere hala dela, bai, ezta?

Gure herriak bide-gorri luzea du, zuhaitzez betea eta belardiez inguratua.
Udaberrian lore asko izaten dira eta niri asko gustatzen zait loreak biltzea. Baina
askotan amonaren errieta jasotzen dut. Zergatik? Bada loreak hartzeko belarretan
sartzen naizelako. Amonak behin eta berriz esaten dit:

-Zenbat aldiz esan behar dizut belarretan ez sartzeko?

Eta nik erantzuten diot:

-Bai amona, badakit zakur kakaren bat zapalduko dudala...

Amonak arrazoi du. Kontuz ibiltzen ez banaiz, edozein txokotan sartu eta… to!
Hortxe duzu pastela! Benetan, nazkagarria da!

Ni zakurren beldur naiz eta gai honekin ere amona haserretu egiten da,
zakurrak aske joaten baitira lotuta joan beharko luketen tokietan. Behin, zakur bat
zaunka zetorren gureganantz, ni ikaratu egin nintzen eta amonari heldu nionean, ia-
ia lurrera bota nuen. Hauxe izan zen zakurraren jabeak esan zidana:

-Lasai, ez dizu ezertxo ere egingo!

Amonak, haserre, aurre egin zion jabeari:

-Zakur horrek lotuta joan beharko luke.

-Ezta pentsatu ere – erantzun zion jabeak- zakurrak aske joateko eskubidea
du.

Amona gero eta haserreago zegoen eta gizonak alde egin zuen marmarka.
Bat-batean, amonak irrintzi ozen eta beldurgarri bat bota zuen:

-Ai, ai, ai, ai,aijijiiiiiiiii!!!!

-Amona, zergatik egin duzu hori?- galdetu nion nik harrituta.

-Bada, Intxixuei deitzeko. Gure herrian gertatzen ari dena kontatu behar diet.
Auzoan asko dira zakurrekin gertatzen ari denaz kexu direnak, baina ez du inork
ezer egiten. Ea Intxixuek laguntzen diguten!
Bat-batean, intxixu gazte bat bide-gorritik barrena gureganantz zetorrela ikusi
genuen. Nik harrituta begiratzen nion eta zuzen-zuzenean amonarenganantz
hurbildu eta hauxe galdetu zion:

-Zer duzu amona? Gu lasai-lasai geunden Aiako Harriko leizean siesta egiten
eta zure irrintzia entzun dugu. Intxixuen artean zaharrena dena konturatu da zerbait
gertatzen ari zela eta ni bidali nau zuregana. Honela esan dit: “-Zerbait gertatzen
zaio amona horri, zoaz eta galde iezaiozu zein den horrelako deiadarra botarazi dion
arrazoia.”

Amonak den-dena kontatu zion. Intxixuak, alde egin aurretik, lasai egoteko
esan zion amonari, berak kontatuko ziola intxixu zaharrenari gertatutakoa eta hark
jakingo zuela zer egin.

Egun batzuk igaro ondoren, halako batean, amonak horrela esan zidan:

-Konturatu al zara azken egunotan zakur guztiak lotuta eramaten dituztela


bide-gorrian? Gainera, txakurren nagusiak kaka-mokordoak jaso eta horretarako
bereziki jarrita dauden ontzietan botatzen ikusi ditut.

-Bai amona, egia da. Ziur nago Intxixuek badutela zerikusirik kontu honetan.
Zuk zer uste duzu?

-Bai, nik ere hala pentsatu dut.

Amonak berriro ere bota zuen irrintzi ozen eta indartsu bat eta berehala agertu
zen aurrekoan azaldutako intxixu gazte berbera.

-Zer amona? Zer duzu oraingoan?

-Bada, egia esan, harrituta nago zakurren jabeekin. Guztiz aldatu dute haien
jarrera. Zuk ba al dakizu horretaz zerbait?

Horrela jarraitu zuen Intxixu gazteak:

-Bai amona, zuk deitu ondoren, Intxixuen artean zaharrena eta jakintsuena
denari kontatu nion dena eta berak Intxixuen batzarra deitu zuen. Batzarrean honela
mintzatu zen Intxixu zaharra:

-Badakit gure herrian badirela pertsona zintzo eta jator askoak, zakurren
kakak jaso eta ontzietan botatzeaz gain, jende gehiago dabilen tokietan zakurrak
lotuta eramaten dituztenak. Beraz, ezin ditugu denak zaku berean sartu.
Intxixu zaharrak esandakoari buelta batzuk eman eta honela esan zuen
Intxixu gazteak:

-Badakit zer egin dezakegun! Zergatik ez ditugu zintzo ez diren jabeak zakur
bihurtzen eta hauen zakurrak nagusi? Hartara, gaizki egindakoez jabetuko dira
agian.

-Ez da ideia txarra – esan zuen Intxixu zaharrenak – baina esan bezala,
denek ez dute berdin jokatzen, beraz, zintzo jokatzen ez dutenen etxeetara joango
gara gauez eta, lo daudela, gure asmoa zein den esango diegu, eta jokaera kaxkarra
aldatzen ez badute, zer gertatuko zaien.

Hala egin zuten. Intxixu guztien artean zintzo jokatzen ez zutenen etxeak
banatu eta banan bana, lo zeuden bitartean, zein arrisku zuten adierazi zieten.

Hurrengo egunean denak pentsakor zeuden. Beste zakur-jabeekin elkartzen


zirenean kezka beraren inguruan bueltaka ari zirela konturatzen ziren. Ia denek
amets berbera izan zutela pentsatzen zutela-eta, harrituta zeuden. Baina ez ziren
denak amets hori izan zutela pentsatzen zutenak. Baziren halakorik amestu ez zutela
esaten zutenak, gainera, beraiek beti lotzen zituztela zakurrak kalean eta kakak
biltzeko poltsatxoak gainean eramaten zituztela beti, kaka bildu eta ontzi berezietara
botatzeko. Zerbait gertatzen ari zela konturatu ziren. Hala esan zuen batek:

-Ez al da harritzekoa ia denek amets berbera izatea? Nire ustez Intxixuen


kontua da hau. Badaezpada, nik behintzat, kasu egingo diet nire ametseko Intxixuei.

Geroztik, herrian denak pozik bizi gara, zakurrak, jabeak, zakurrik ez dugunak,
zakurren beldur garenak, ez direnak…

Intxixu gaztea berriz, Aiako Harrira itzuli zen eta amona eta biok pozik geratu
ginen.

Hala izan bazan eta ez bazan, sar dadila kalabazan eta atera dadila Aiako
Harriko Intxixuen kobazuloan.

Egilea: Lurdes Garmendia Bengoetxea (Oiartzun)