Está en la página 1de 1

Kontaidazu ipuin bat 2009

Euli gozozalea
Bazen behin euli gozozale bat. Jogurta edo esnea jaten zutenean, ahurrei erortzen zitzaien
azukre guztia jaten zuen gure euliak, Eulalia izenekoak.

Azukre kozkor bat mahaiaren kontra "klik klik" jo bezain pronto, hantxe gure Eulalia zurrut
eta zurrut.

Pixkanaka-pixkanaka gure eulia gero eta lodiago zegoen, eta heldu zen garaia, ia-ia hegan
egiterik ez zuena. Hegan egiten saiatzen zenean, lurretik pixka bat altxatu eta "plaf" berriro lurrera.

Bere lagunek, oso lagun onak zirenek, horrela esaten zioten Eulaliari: "Ez jan horrenbeste
azukre, ogi apurrak, fruitu zatitxoak, barazkien kondarrak, txitxi puska batzuk, arrain pusketak ere
jan behar dituzu. Eta eskerrak hortzik ez duzun, bestela denak galduko zenituen".

"Ay, ay! Gehien gustatzen zaidana azukrea da. Ez zait arraina gustatzen, ezta ogia, haragia
uaj, eta fruitua ere uaj, uaj", esaten zuen Eulaliak. "Hori ezinezkoa da Eulalia", erantzuten zioten
lagunek.

Bat-batean "klik" soinu liluragarria entzun zuen Eulaliak. Azukre pikorrek mahai gainean
erortzean egiten zuen soinua musika zen bere belarrientzat. Ehh! Ze belarri? Beno, ez dakigu, baina
euliek ere, nola edo hala entzuten omen dute. Horrexegatik, soinuaren atzetik atera zen ziztu bizian,
hegaz bzz, bzz, plaf, plaf. Egia esanda, erdi hegan eginez, ipurdia arrastaka erdi korrika ahal izan
zuen bezala gure Eulalia.

Heldu baino lehen euli beltz bat bere azukrea jaten ikusi zuen. Eulaliak, oso haserre, esan
zion euli beltzari: "Aizu, zergatik ari zara jaten nire azukrea?". "Zure azukrea? Bai zera! Ez dut uste
zurea denik, eta gainera zuk ez duzu azukre gehiago jan beharrik, ezta?", hau entzun ondoren
Eulalia haserre baino haserreago gorri-gorria jarri zen, baina lehertu baino lehen gure euli beltz
bakezaleak esan zion: "Tratu bat egingo dugu, nahi baduzu. Jakina!". (Eulalia) "Zer tratu mota?".
(Euli beltza) "Nik aurkitutako azukrearen erdia jango dut, eta zuk, geroago ailegatu arren, beste
erdia jango duzu. Zer iruditzen zaizu?". Eulaliari ez zitzaion proposamena batere gustatu, baina
beste irtenbiderik ez zeukan. Tratua onartu ala azukrerik ez. Eta jakina, hobe zuen azukrearen erdia
batere baino. "Ados, baina nire erdia ez ikutu", esan zion Eulaliak.

Eta tratu horri esker, Eulalia pixkanaka-pixkanaka argaldu zen. Beste euli batzuk ere etorri
ziren, beraz, azukrea banatu behar izan zuten denen artean. Eta gosea ez izateko, barazkiak,
fruituak, ogia eta denetik jan behar izan zuen Eulaliak. Hala eta guztiz ere, gure Eulaliak lekutxo bat
gordetzen zuen libre beti bere sabelean, azukre apur bat gehiago sartzeko badaezpada ere.

Egilea: Isabel Ballesteros (Errenteria)