Está en la página 1de 1

Kontaidazu ipuin bat 2009

Oarsoaldeko Euskara Batzordea


Idazlea: Amaia Marina

Drakoren urtebetetzea
Bazen behin, ahotik sua botatzen ez zekien dragoi bat. Bere izena Drako zen. Aitak eta amak
nola egiten zuten begiratzen zuen, eta berdin egiten saiatzen zen, baina, putz eta putz egin ondoren,
ke pixka bat besterik ez zitzaion ateratzen bere ahotik.

Dragoi-eskolan marrazkiak egiten zituzten, abesten zuten, ipuinak kontatzen zituzten, baina
gehien gustatzen zitzaiena sukalde-gelara joatea zen. Eta, andereño Marimarrek esatea: "Beno,
orain sua piztu ezazue, janaria prestatzeko."

Dragoi guztiak oso pozik jartzen ziren, sua pizten zuten, ahotik sua botatzen.

Dragoi guztiek batek ezik, gure laguna Drakok putz eta putz egiten zuen, baina... bere ahotik
ke pixka bat besterik ez zitzaion ateratzen. Batzuetan txango bat egitera joaten zenean bere
lagunekin eta andereñoarekin, gaua egiten zenean joko bat egiten zuten sua pizteko. "Neuri, neuri,
neuri, ea tokatzen zaidan", esaten zuten denek oso pozik. Sua botatzen ez zekienak izan ezik,
Drakok.

Lau urte betetzen zituen egunean, Drakok izugarrizko festa prestatu zuen, eta bere lagun
guztiak gonbidatu zituen. Tartaren kandelak, beti, aitak edo amak pizten zituen, baina egun horretan
aitak eta amak katarro zuten; beraz, ezin zituzten kandelak piztu.

Nahiz eta opari asko izan, Drako oso oso triste zegoen. Bere tartaren kandelak piztu gabe
gelditu zirelako. Orduan dragoi aitatxok esan zion: "Itxi begiak eta desio bat pentsatu, eta gero putz
egiezu zure tartaren kandelei."

Gure laguna Drakok ahotik sua botatzea eskatu zuen, eta indar handiz putz egin zuen
"fuuui". Eta magia!, ahotik sua bota eta kandelak piztu zituen.

Lagun guztiak oso pozik jarri ziren, eta konturatu ziren, Drakoren festa, munduko festarik
zoragarriena zela. Drakok bere tartaren kandelak piztu zituen!

Eta hala bazan ala ez bazan, sar dadila kalabazan, eta dantza dezagun Beraungo plazan.