Está en la página 1de 97

JENDAURREKO IRAKURKETA

Kaixo, lagun!
Hemen dituzu hainbat testu Jendaurreko
Irakurketa lantzeko aukeratuak. Testu hauen
grabazioak zure eskura izango dituzu web orri
honetan bertan. Hainbat irakasleren partaidetzari

esker burutu ahal izan da grabazio lana. Esker


mila, parte hartu duzuen guztioi!
Bai testuak bai grabazioak, Jendaurreko Irakurketa
lantzeko erabiltzeaz aparte, beste hainbat helburu
betetzeko ere balio dute.
Probetxugarri izango zaizkizun ustean…

Pako Eizagirre
AGURRA

Jaun-andreok, agur eta ongi-etorri guztioi:


Eskerrik beroenak eman nahi dizkizuet lehenik, Eusko
Jaurlaritzaren izenean biltzar hau antolatu eta kudeatzeaz arduratu
zareten guztioi: Antolamendu Batzordearen partaide, eta ekitaldi
honetan nire mahaikide zaretenoi; orobat, bulego-lanak egin
dituzuenoi, eta egunotako esan-eginak gizarte osora zabaldu eta
ezagutarazten jardun duzuen egunkari, aldizkari, irrati-telebista eta
gainerako komunikabideetako ordezkarioi; berdin, hain jatorri
desberdineko biltzarkideok elkar uler genezan lehia bizian aritu
zareten itzultzaile eta interpretarioi; bai eta ere, biltzarkideok eroso
egon gintezen, etengabe saiatu zareten andereñooi; eta, azkenik,
baina ez azken, hainbeste eta hainbeste izanik ahaztu nahi ez
zintuzketedan ezkutuko beste lankide guztioi. Zuen lan isil bezain
garrantzitsurik gabe Euskara Biltzarra ospatzea ezinezkoa izango
zelarik berau mamitu eta burutzen hain eskubetean lagundu duzuen
guztioi bihoakizue, beraz, Eusko Jaurlaritzaren izenean, esker oneko
agur-azalpenik bihotzekoena.

Idazlea: Mari Karmen Garmendia


Irakurlea: Itziar Otaño
ALTZAIRUA HAINBAT FORMATAN

Iraultza industrialean, metalen arteko borroka ez da


luzea izan: altzairuak erraz irabazi du!

Materia moldakorra izatea ona da gizarte industrialerako.


Altzairua horrelakoa da. Altzairuarekin eraikin-egiturak egiten dira,
autoetako piezak, kontserba-potoak… Erabilera mugaezinak ditu ia-
ia.

Altzairua burdinaz eta karbonoz eginiko aleazioa da. Hala ere,


karbonoak ez du masa osoaren 1,8a gainditu behar, bestela
burdinurtua sortzen baita. % 1,8ko mugatik behera karbonoaren
edukia alda daiteke.

Batzuetan beste metal batzuk gehitzen dira: nikela, kobrea eta


tungstenoa, adibidez, tasun bereziko
altzairuak sortzeko. Altzairu herdoilgaitzak,
adibidez, kromoa dauka; abantaila handiena
herdoilari eta korrosioari dion erresistentzia
handia da. Horregatik erabiltzen da asko
ontziak, tresnak, sukaldeko harraskak eta beste hainbat gauza
egiteko.

Burdinazko aleazioa aspalditik egiten da. XV. mendean


burdinurtua marmitak, dandabak eta hodiak egiteko erabiltzen zen.
XIX. mendean, aldiz, altzairuak burdinurtuari eta beste materiei
gaina hartu zien. Iraultza industrialeko metal gustukoena bilakatu da.
Gaur egun ere, dituen tasun bereziengatik, maitatua da: aleazio
sendoa izateaz gain, harikorra da. Hau da, luza daiteke eta forma
desberdinak ematen ahal zaizkio.

Testua: Elhuyar
Irakurlea: Xabier Galarraga
AMONA
Amona Amaren ama da. Haren etxera bizitzera etorri
aurretik, ez genekien amak ama bazuenik artean.
Guk Amona deitzen diogu. Jendeak sorgina deitzen dio.

Berak «txakurkume» deitzen digu. Amona txikia eta iharra


da. Buruzapi beltz bat du buruan. Haren jantziak gris ilunak dira.
Oinetako militar zahar batzuk erabiltzen ditu. Giro ona egiten
duenean, oinutsik ibiltzen da. Aurpegia zimurrez, orban arrez eta
garatxoz beterik dauka, eta garatxoetan ileak hazten zaizkio. Ez
du hortzik; ikusten denik ez, behinik behin.
Amona ez da inoiz garbitzen. Ahoa buruzapi ertzarekin
lehortzen du, zerbait jan edo edan ondoren. Ez du azpiko
galtzarik erabiltzen. Pixagale denean, dagoen tokian gelditu,
hankak zabaldu eta lurrera egiten du pixa, gonapetik. Etxe
barruan, jakina, ez du halakorik egiten.
Amona ez da inoiz biluzten. Haren logelan begiratu izan
dugu gauean. Gona eranzten du, eta beste gona bat du azpian.
Atorra eranzten du, eta beste atorra bat du azpian. Horrelaxe
oheratzen da. Ez du buruzapia kentzen. Amonak ez du askorik
hitz egiten, iluntzean izan ezik. Iluntzean, botila bat hartzen du
apal batetik; zuzenean edaten du botila-muturretik. Luze gabe,
ezagutzen ez dugun hizkuntza batean hasten da mintzatzen. Ez
da atzerriko militarrek hitz egiten dutena, zeharo bestelako
hizkuntza bat baizik. Hizkuntza ezezagun horretan, amonak
galderak egiten dizkio bere buruari, eta berak erantzuten gero.
Batzuetan barre egiten du, edo, aitzitik, haserretu eta garrasika
hasten da. Azkenean, ia beti, negarrari ematen dio; logelara
joaten da balantzaka, ohean amildu, eta zinkurinez ari dela
entzuten dugu gauean luzaroan.

Testua: Agata Kristof. Kuaderno handia

Irakurlea: Txaro Navarro

ARDIA ETA BELARRA

“Ardiak eta bedarra” da ipuin honen izenburua. Ezaguna da


ardiak bedarra jaten dabela, baina badakizue zergaitik esaten daben
beee? Animaliak eta landareak berba egiten eben sasoira bueltatuko
gara eta han topatuko dozue erantzuna …

Behin artzain batek atara eban bere artaldea larrera, oso bedar
ona egoan leku batera, eta ardieri esan eutsen:
—Larre ona daukazue gaur, eta nahikoa jandakoan, etorri
etxera.
—Iluntzean etorri ziran etxera eta ugazabak itaundu eutsen:
—Nahikoa jan dozue?
—Bat bere ez dogu jan –erantzun eutsen ardiak.
—Zer bada?
—Jaten hasten ginan bakotxean, “aurrean goxo, aurrean goxo”
esaten euskun bedarrak, etaaaa…egun guztian ibili eta ibili, ez dogu
ezertxo be jan.
—Ez zarie tonto makalak -esan eutsen artzainak-, hurrengoan
hori esaten deutsuenean, “berton goxo” esan, eta bertan geldi
zaiteze nahikoa jan arte.
—Biharamonean joan ziran ostera bere ardiak larre leku on
haretara, eta bedarra hasi jaken esaten:
—Aurrean goxo, aurrean goxo…
Baina oraingoan ardiak erantzuten eben:
—Berton goxo, berton goxo…
Iluntze haretan nahikoa janda bueltatu ziran etxera.
—Sasoi haretan gauza guztiak ekien berbetan: bedarrak, sasiak,
arbolak eta animaliak bere bai. Bakar bakarrik odoldiak ez ei ekian.
Beste gauza guztiak alkartu ziran odoldiari berbetan erakutsi behar
eutsela, eta erakusten hasi ziranean, zelan odoldiari erakutsiko,
danak mutu gelditu ei ziran. Horregaitik ordundik gauza horreek
danak ez dabe gehiago berbetan.
Batzuk esaten dabe oraindino bere, ardiek eta bedarrak berba
egiten dabela alkarren artean. Ardiak larrera doazenean, bedarrak
esaten ei deutse:
—Aurrean goxo, aurrean goxo…
Ardiak ibiltzen dira apur batean batetik bestera, eta azkenean
beee-beee! eginda, bertan geratzen dira.
Beee-beee…horrek… “berton goxo, berton goxo”, esan gura ei
dau.

Testua: Joxe Arratibel


Irakurlea: Augusto Ugalde
ARTIZARRA: IZARRA ALA PLANETA?

Gora begira jartzea nahikoa duzu hura ikusteko. Baina


kontuz… Artizarra ez da izar bat.

Artizarra begi-bistaz ikus dezakegun planeta bakarrenetarikoa


da. Lurraren auzokidea bada ere, oso gutxi ezagutzen dugu.

Etengabe estaltzen duen hodei-geruza trinko eta lodiengatik da


zaila Artizarra ikustea.

Bertako tenperatura hotzenetarikoa dela pentsa genezake,


baina guztiz bestela da. Artizarreko tenperatura Merkuriokoa baino
altuagoa da, nahiz azken hori Eguzkitik hurbilago dagoen. Planetak
ikertzen dituzten astronomoen aburuz, Artizarreko atmosferak
berotegietako estalkien eragina du. Eguzkitik datozen erradiazioak
eta berotasuna erraz iristen dira planetaren azalera, baina
atmosferaren % 96 osatzen duen gas karbonikoak ez die ihes egiten
uzten.

Ondorioz, ‘berotegi-efektua’ deitzen duguna dela medio,


Artizarra berotzen doa. Horrela, eguzki-sistemako tenperatura
altuenetarikoa du, batez beste 460 °C-ko tenperatura, hain zuzen
ere.

Artizarreko azalera teleskopioarekin ikus ezin badaiteke ere,


radarrek irudi zehatzagoak eman dizkigute. Astronomoek izugarrizko
kontinenteak ikusi dituzte (Ashtar, Aphrodite), baita 100 kilometroko
diametroa duten sumendiak ere, eta ubide bihurgunetsu
amaiezinak… Artizarreko atmosfera Lurrekoa baino 90 aldiz
dentsoagoa dela ere badakigu. Azaleko presio atmosferikoa, beraz,
urpean kilometro bateko sakonerara jaitsita sentitzen dena bezain
indartsua da!

Testua: Elhuyar
Irakurlea: Jon Kortabarria
ESPAZIOKO ZABORRA GERO ETA UGARIAGOA

Lurra zikintzearekin gutxi, eta espazioa zikintzen hasiak


gara. Eta, Lurrean bezala, espazioko zaborra ere arazoak
sortzen hasi zaigu. Espazio-ontziek sortzen dute zaborra;
baita kaltea ere.

Une honetan, ustez, milioika zabor-zati dago espazioan eta,


horietatik, 10.000 zati inguru 10 cm edo gehiagokoak dira (horiek
baino txikiagoei ezin zaie jarraipena egin). Erregai-tangak dira zabor
gehien sortzen dutenak (zaborraren % 40), baina baita nahita uzten
diren funda eta piezak ere. Columbia transbordadorea zabor-zati
batek hondatu zuela ere pentsatzen hasiak dira, beste arrazoirik
ezean.

Gidan diotenez, dagoeneko espazioan dagoen zaborra garbitzea


zaila eta garestia da, baina aurrerantzean zaborrik ez sortzeko
aholku batzuk hartu behar dira kontuan. Momentuz ez da
ezinbestean bete behar bertan dioena, baina nazioarteko legedia
sortu beharra ere izango dela dio zenbaitek.

Lastima da, baina oraingoan ere istripu larri baten beharra izan
dugu erakundeetan zerbait egiten hasteko.

Testua: Elhuyar

Irakurlea: Amaia Iraola


ESKALEA

Amonak eskaleak hartzen zituen etxean. Halaxe kontatzen du


behintzat amak. Haurrak zirelarik kalean burla egiten zioten aldian-
aldian etortzen zen eskaleari eta gero etxera bueltatzean eskale bera
aurkitzen zutela etxean, eskaratzean. Amonak zorriak kentzen
zizkien eskaleei iletik eta hankak beratzen jarri eta hatz oskolak
mozten zizkien gero. Etxetik atera aurretik diru apurra ere ematen
zien. «Tori diru hauxe, ardotarako». Ama harritu egiten zen, galdetu
egiten zion amari zergatik ematen zion eskaleari ardotarako dirua,
edanak kalte besterik ez zion egingo eta. «Gorputzak eskatzen dio
ardoa», erantzuten zion amari amonak, «gainera barrua berotuko dio
ardoak».

Ondarroan egon naiz egunotan. Eta neguak bi berri ekarri ditu


herrira, besteak beste. Alde batetik, konturatu naiz ubarroiak
ailegatu direla. Saturrarango haitzetan igarotzen dute negu hotza.
Hantxe egiten dute habia itsas hegazti handi horiek. Beste alde
batetik, eskale bat iritsi da herrira. Plazan egoten da gehienetan.
Pintatu egiten du lurra eta holaxe lortzen ditu sosak. Errege bezperan
oparia jaso zuen berak ere. Ezohiko oparia. Plazan ikusi nuen lo-
zakuan sartuta eta gabonetako otzara erraldoi bat ondoan zuela.
Itxura guztien arabera, zozketa batean norbaiti egokitu eta
erregalatu egingo zion otzara. Irudi bitxia egiten zuten eskaleak eta
girnaldaz apaindutako otzara hark plazaren erdian. Amona falta da
baina oraindik ere bada borondate oneko jenderik.
Testua: Kirmen Uribe
Irakurlea: Maribi Urkola

EZ DAGO JAKITERIK...
Herri hartan oso familia txiroa bizi zen; aita alarguna eta haren
semea, bakar-bakarrik. Soroko lanetan laguntzeko zaldi bat baino ez
zuten.
Uztaroa iristerako, zaldiak ihes egin zuen.
Auzokoak kontsolatzera joan zitzaizkien, zaldirik gabe uzta
nekez bilduko zutela oharturik.
Baina aita ez zegoen horren kezkatuta, eta hauxe esan zuen:
—Ez kezkatu, ez dago jakiterik eta.
Eta, hau da hau!, handik bi egunera, zaldia itzuli egin zen, behor
eder batek lagunduta.
Orduan, auzokoak aita zoriontzera joan ziren, izandako
zorteagatik.
Baina familia hartako aita ez zen pozez saltoka hasi, ezta hurrik
eman ere; lehengo zuhurtasun bera agertuz hauxe baino ez zuen
esan:
—Ikusiko dugu, ez dago jakiterik eta.
Eta berriro ere arrazoi zuen. Izan ere, behor heldu berria ez
zegoen ohituta jende ezezagunarekin egoten, eta semea zela (*)
gainean ipintzen saiatu zenean, ostikoka hasi eta beso bat hautsi
zion behor honek.
Auzokoak berriz ere hurbildu ziren aita-semeen etxera beren
nahigabea agertzera: nola lagunduko zion semeak aitari uzta
jasotzen beso bat hautsita?
Hala eta guztiz ere, familiako buruak esan zuen:
—Ez larritu, ez dago jakiterik eta.
Oraingoan ere arrazoia. Izan ere, gerra hasi zen eta soldadu
batzuk herrira heldu ziren, gerrarako adinean ziren gazte guztien
bila. Gizon haren semea ez zuten eraman, besoa hautsita zuelako eta
horrela ezin zelako borrokatu.
Baten bat saiatu zen familiako burua zoriontzen izan zuen
zorteagaik, baina gizonak bereari eusten zion:
—Ikusiko dugu, ez dago jakiterik eta.
Eta arrazoi zuen; izan ere...
Testua: Ezezaguna
Irakurlea:Pako Eizagirre
GIZON BELTZAK, ZURIAK ETA HORIAK
NOLA SORTUAK DIREN

Txinako gizonak hori-horiak dira, eta euren ustez horia da


gizonarentzat kolorerik jatorrena. Hona nola esplikatzen duten haiek,
beren ustez, gizon desberdinen jatorria.
Behin batean gizona egiteko asmotan hasi omen zen Jainkoa.
Eta ontzigileak Iapikoa egiten duen bezalaxe, Jainkoak ere buztin-
puska bat hartu eta gizon itxura eman omen zion poliki-poliki. Gero
labean sartu omen zuen, han egosi eta gogortzeko.
Lehen aldiz ari baitzen gizonak egiten, ez omen zekien artean
doi-doi zenbat denbora eduki behar zuen buztin-irudia labean. Eta
aldi batean eduki ondoren, atera egin omen zuen nola ote zegoen
ikusteko. Baina... luzetxo eduki nonbait eta dena kiskalduta, bel-
beltz, atera omen zuen. Horrela sortu ziren gizon beltzak.
Egin omen zuen orduan beste gizairudi bat eta labean sartu
omen zuen hau ere. Baina hau, aurrenekoa bezala ez kiskaltzeko,
berehala atera omen zuen labetik. Artean zuri-zuri omen zegoen
dena, labean behar baino laburrago egon zelako. Hortik omen datoz
gizon zuriak.
Orduan esan omen zuen Jainkoak:
“Oraintxe asmatuko dut zenbat denbora eduki behar dudan
labean”.
Eta beste gizairudi bat egin zuen eta labean sartu omen zuen.
Baina labean edukitzerakoan, ez omen zuen beltza bezain luze eduki
baina bai zuria baino gehiago. Eta atera zuenean, zer eta... hori-hori
omen zegoen dena. “Ederki dago", esan omen zuen orduan Jainkoak.
Eta horrela sortu omen ziren arraza horiko gizonak. Eta horien
artean, txinatarrak.

Testua: Ezezaguna
Irakurlea: Pako Eizagirre
LEHENA
Charles Darwinek ez zuen presarik hartu liburua argitaratzeko.
Ia hogeita hamar urte behar izan zituen Espezieen Jatorria lana
bukatzen. Liburu hartantxe azaldu zuen eboluzioaren teoria ezaguna.
Argitaratu aurretik, anotazioak besterik ez zituen idatzi.

1858an, lana bukatzear zuela, ezusteko bat izan zuen Darwinek.


Wallace izeneko ezagun batek artikulu labur bat bidali zion, erregutuz
Lyell editoreari helarazteko. Lyell zientzia editorerik entzutetsuena
zen eta Darwinen lagun mina. Darwinek ezin zuen sinetsi: Wallaceren
artikuluak eboluzioaren teoria zekarren. Aurrea hartu zion
ustekabean. Darwin beldurtu egin zen une batez. Wallaceren lana
argitaratuz gero, pentsatu zuen, akabo hogeita hamar urteko lana.
Baina lasaitu egin zen berehala. Bazituen bestelako kezkak. Alaba
gaixorik zeukan. Eta Lyelli bidali zion Wallaceren artikulua. Lyell
kezkatu egin zen lagunarekin. Askotan entzun zion Darwini
eboluzioaz hitz egiten, eta behin baino gehiagotan egin zion errieta
liburua behingoz buka zezan. Lyellek erabaki bitxia hartu zuen:
Wallaceren lana argitaratu egingo zuen eta Londreseko Linnean
Society elkarte ospetsuan irakurriko zuten. Baina egun berean,
Darwinen anotazioak ere irakurri egingo ziren. Wallaceren artikuluak
ez zituen bazterrak nahastu. Ez zuen sinesgarritasunik. Erokeriatzat
hartu zuten. Azkenik, bi urte beranduago atera zen Darwinen lan
eskerga. Ordura arteko zientzia goitik behera aldatu zuena.
Batzuetan, inportanteena ez da lehena izatea.
Testua: Kirmen Uribe
Irakurlea: Jose Maria Arnal
MADARIKAZIOA
Ez pentsa, autobusean joateak baditu bere alde onak. Paisaiaz
goza dezakegu eta baita atseden hartu ere, aldi baterako. Eta ausaz,
aspaldiko lagun bat egokitu ahal zaigu autobus berean eta haren
alboan eseri eta garai bateko kontuez hitz egiteko aukera izan ahal
dugu, zorterik bada. Gutxitan jazo ohi dira horrelakoak baina
lantzean behin gertatu gertatzen dira. Halabeharrak gordetzen digun
ezusteko atsegin horietako batzuk izaten dira horiek. Bidaia beteko
solasaldia izan genuen lagunak eta biok. Honetaz eta hartaz hitz egin
genuen. Kexu ageri zitzaidan adiskidea. Nonbait gaur egun ez gara
hain erraz asebetetzen. Karrera bukatu, lan ona lortu eta seme-
alabak izan arren, esaten zidan gure artean asko eta asko direla
barne-patxadarik sekula ere erdiesten ez dutenak. Beti beste
zerbaiten pentsamenduan daudela beti, eta badaukatenari ez diotela
garrantzirik ematen. Ez omen daude inoiz beraien buruarekin
bakean.

Mateo txisturen ipuinarekin gogoratu nintzen berehalaxe. Mateo


txistu apaiz ehiztaria zen. Ehiztari amorratua, benaz. Behin, meza
esaten zegoela erbi bat ikusi eta haren atzetik joan omen zen apaiza.
Geroztik, hor omen dabil Mateo txistu apaiza, beti erbi baten atzetik,
mundu osoan zehar bira eta bira, erbia noiz harrapatuko. Baina ez du
inoiz erbia ehizatzen. Horixe zen haren madarikazioa, beti erbiaren
atzetik ibili behar hori. Badirudi gu geu ere halaxe gabiltzala,
madarikazio bera dugula.
Testua: Kirmen Uribe
Irakurlea: Miren Ormazabal
MARITXU

MAHAIKA BAT GIZON, soziedadean. Afaldu berri, gizonetako


batek musuzapia eraman zuen lepora eta, seinale bat izan balitz
bezala, gainerako gizonezkoek ere beren musuzapiak Eraman
zituzten lepora, eta kantuan hasi ziren: "Maritxu, nora zoaz eder
galant hori?". Segidan, lepotik buru gainera eraman zituzten
musuzapiak, eta Maritxurena egin zuten: "Iturrira, Bartolo, nahi
baduzu etorri". Musuzapiak, berriro lepora, Bartolorena egiteko:
"Iturrian zer dago?".
Kantua amaitu zutenean, ardotxo txuritik eta kolore guz-
tietakotik egin zuten trago. Beste kantu bati ekin zioten gero:
"Maritxu, Maritxu, bizitzen badakizu, goizean-goizean txokolatea,
arratsalde erdian kopatxu...". Eta beste bati segidan: "Txakolin,
txakolin, txakolinak on egin, Maritxu, arintxo da Martintxo...".
Barre zangoka, nork gordinkeria lizunagoa esaten ari ziren
gizonak beren kantuetako Maritxu hark zurruterako omen zuen
talentuaren kontura. Gero eta hordiago zeuden, ez ziren pixa zuzen
egiteko ere gauza.
Biharamun goizean -neguko egunsenti gordina zen-, Maritxuk
giltza sartu zuen soziedadeko sarrailan. Sukalde-komunetatik
zetorrek kiratsak atzera eragin bazion ere, aurreko mantala jantzi,
eta ontzi, harraska, zoru, komunak garbitzen hasi zen...

Testua: Anjel Lertxundi


Irakurlea: Pako Eizagirre
MARKAK
GERNIKA 1937

. «Seme maite-maiteok, urrutiko herri batera abiatzera zoazten


honetan, lerro gutxi hauek idazten dizkizuet betiko gorde ditzazuen
-zioen aita batek 1937ko maiatzean, bere semeek erbesterako bidea
hartzeko bezperan-. Irakur itzazue, eta gogoan izan. Une hauetan,
semeok, ikusirik jaioterritik urrun zoaztela hegazkin hiltzaileek gure
gainera jaurtitzen dituzten eta gure herria suntsitzen ari diren
bonbetatik salbatzeko, atsekabe handia sentitzen dut joan beharra
duzuelako, baina poztasuna ere bai, ume gisa merezi duzuen bizitza
bizitzera zoaztelako.

»Semeok: zu, Narciso, zaharrena zara. Kontu egin beti zure anaia
txikiei. Moisés, seme, saia zaitez alai ibiltzen, eta ziur izan aitak eta
amak ez zaituztegula ahaztuko ez zu, ez zuetako inor, sekula; guda
bukatuko da, eta gure ondora itzuliko zarete. Eta zu ere, Javier,
seme, ibili alai. Eutsi beti zure umore onari eta zure bizkortasunari
zuhurtziaren mugetan. Gazteena bazara ere, bizitzan bide egiteko
gai izango zarela antzematen dizut. Zure anaiak, nahiz zu baino
zaharragoak izan, otzanagoak dira zu baino. Errespetu handiz tratatu
beharko dituzu. Gainera esan behar dizuet hiru anaiok elkar maite
duzuen bezala maite behar dituzuela beste ume guztiak, zuen anai-
arrebak balira bezala, gizalegearen izenean, denok anai-arrebak
zaretelako eta maitasuna zor diogulako elkarri...»

Natalia Benjaminek El exilio de los niños erakusketaren


katalogoan gogorarazten digunez, Gernikaren bonbardaketak
sekulako zirrara eragin zuen, eta Bilbok eta beste hiri batzuek zori
bera izango zutela uste izan zuten askok. Giro horretan onartu zuen
Ingalaterrak garaiko Euzko Jaurlaritzaren eskaria, eta hiru mila
umetik gora -Narciso, Moisés eta Javier haien artean- Southampton-
erantz abiatu ziren Habana itsasontzian. North Stoneham-eko
kanpamentuan kokatu zituzten, Eastleigh-en, eta han egin zien
bisita Yvonne Cloudek, zeinen liburutik, The Basque Children in
England, hartu dudan gutunaren zatia; inork puskatzerik izan ez
zuena.
Testua: B.Atxaga
Irakurlea: Jon Kortabarria
MERKURIO ETA BERE ARRAILDURAK
Nahiz eta Merkurio Eguzkitik oso hurbil egon, han gauak
oso hotzak dira: zero azpitik 183 °C inguruko tenperatura
egoten da!

Merkurioren irudiak 1974ko martxoan jaso ziren lehen aldiz,


Mariner 10 zunda estatubatuarren lanari esker. Horrela, zerbait
gehiago ikasi dugu ordura arte urrundik soilik behatzen genuen
planetari buruz. Zuk ere beha dezakezu Merkurio. Baina oso adi ibili
beharko duzu. Izan ere, Merkurio egunsentia baino lehentxeago eta
Eguzkia sartu baino geroxeago ikus daiteke.

Atmosfera-eza da bere ezaugarrietako bat.

Normalean, planeta baten atmosferak


tenperatura erregulatzen du: egunez Eguzkiaren
berotasunaren parte bat azalera heltzea oztopatzen
du (horregatik Lurra ez da erabat kiskaltzen), eta,
gauez berotasun horri eutsi egiten dio (horregatik
Lurra ez da erabat izozten).

Atmosfera gabezia horregatik, eguzki-sistema


osoko tenperatura aldakorrena du Merkuriok: 425 °C-ko egun bero
baino beroagoak eta -183 °C-ko gau izoztuak.

Hau da, 600 °C-ko aldaketa egunetik gauera!

Gure Ilargiaren antzera, Merkurio kraterrez zulatuta dago. Bere


azaleran, hainbat kilometroko luzera eta 3.000 metro baino
gehiagoko sakonera duten arraildurak ikus daitezke. Egunetik gauera
pasatzean, planeta bat-batean eta berehala hoztu eta uzkurtzen da,
eta horrek eragiten omen du ditu arraildurak.

Testua: Elhuyar
Irakurlea: Xabier Galarraga
MEDIKUNTZA ETA LITERATURA
Lagun batek kontatu zidan duela gutxi zergatik erabaki zuen
medikuntza ikastea. Neskatoa zelarik ezin zuen jasan aitona ohean
etzanik ikustea, gaixo. Hainbeste maite zuen aitona hura, horren
handia, horren gihartsua izan zena ordura arte. Eskutik helduta
egiten zituzten mendi bueltak elkarrekin, aitonak eta ilobak. Eskutik
heltzen zion orduan ere aitonari baina kexu zelako ohean. Orduantxe
erabaki omen zuen medikua izatea, ezin zuelako jasan aitonaren
sufrimendua. Medikua izango zen eta maite zuen jendea libratuko
zuen heriotzatik. Tamalez, urteekin konturatuko zen neskatotan izan
zuen uste hura inozoa zela erabat, munduko ikasketa guztiak egin
arren ez dagoela inor libratzerik heriotzetik. Asko jota behin-behineko
garaipenen bat lortuko zuela, bizia ahalik eta gehien luzatzea.

Idazleak ere neskato haren antzeko asmoa du barru-barrutik:


idazlea heriotzari gailendu nahi zaio beti. Hortxe dabil harekin lehian,
medikua izango balitz bezala. Idazleak jaso egin nahi du une oro
galtzen ari den hori. Jaso nahi ditu bizipenak, ikusten dituenak eta
entzuten dituenak, oroitzapenak eta pentsamenduak paperera ekarri
nahi ditu gal ez daitezen betirako. Uste du zer edo zer behintzat
lapurtuko diola heriotzari, den-dena ez dela ahaztuko, maite dituen
horiek bizi egingo direla nolabait paperean geratzen badira irarriak.
Bere asmoa haur batena bezain inozoa dela jakin arren, edo
horrexegatik beragatik agian.

Testua: Kirmen Uribe


Irakurlea: Josune Uribe-Etxebarria
NESKA BAT EZKONTZA JANTZIAN

Neska bat etxetik irten zen ezkontza-jantzian. Eliza aldera


zihoan. Eguzki beteak pozezko distirak eragiten zituen haren
organdizko soinekoan. Tragediarik ekarri ezin duen egun argitsu
horietako hark gorenean zuen eguzkia.
Auzoek bazekiten neskak hiru lau bat urte zeramatzala
senargaiarekin, eta denek zoriontzen zuten.
Neskak, ordea, elizako bidea alde batera utzita, itsasoko bidea
hartu zuen. Baina orduan ere, bidean topatu zituen gehienek
zoriondu egin zuten; oso politak izaten dira txalupa gainean, edo
sare artean, edo hondarretan eta oinutsik ateratako eztei-argazkiak.
Herritik kanpoko errepidean harri alde gainean zintzilik dauden
horrelako balkoitxo batera hurbildu zen neska. Itsasoa lasai zegoen.
Olatuek ez zekarten indarrik.
Inork ez zuen ezer harrigarririk sumatu neskaren jarreran. Negar
egiten zuela, bai, baina eztei egunetako negarra hain da pozaren
bidelagun! Nork pentsatu behar zuen goiz hartan bertan senargaia
galdu zuela auto istripu batean?
Eta inork pentsatu izan balu ere, ordurako berandu zen.
Biharamunean aurkitu zuten neskaren gorpua harkaitzen
arteko soilgune urtsu batean. Aldare aurreko eztei-jantzia bezain
eder edo ederrago ikusten zen organdizko hil-izara uraren gainean.

Testua: Anjel Lertxundi


Irakurlea: Pako Eizagirre
PERRETXIKUAK ETA ETXEKO KATUA (II)

Orain kontatu nai dizuedan au ere gertatua omen da.


Ba omen zan koadrilla bat oso perretxiku zalea, eta bildu dute
egundoko pilla.
—Beno. Biar larunbata. Biar bertan jango dizkiagu alako
ostatutan.
—Konforme.
Ostatu artako amona, oso perretxiku-prestatzaille ona. Ala,
jarritako orduan inguratu dira maaira eta:
—Amona, ondo al dijoa ori?
—Bai, baiña itxaron pixka bat.
—Bitartean, letxuga batzuk eta tomatea jarri.
—Segituan.
—Eta, amona, badaezpada ere, perretxikuak probatzeko eman
katuari, ea kalterik egiten dioten. Txarrik baldin badago, katuari
azkar eragiten omen dio-eta.
—Ori ere egingo dizuet, ba -amonak-. Auetxek fiakaitzak!
Pare bat kutxarakada eman dizkio amonak katuari, eta bai jan
ere. Utsa aiñean geratu uan sukaldeko katua.
Ala, ari dira afaritan lasai eta umoretsu; edan ere bai bear
bezelako bi.
—Zer, amona. Katua ondo al dago?
—Katua ondo zegok. Zuek ez zerate ondo egongo laster,
orrenbeste botilla ustutzen badituzue.
Zer pasako eta, gauerdi aldera, asten da katu ori «maau» eta
«maau», aruntz eta onuntz. Orduan komeriak! Asi dira estutzen.
Biotzetik justu samar zebillena ere ba omen zen, eta gizajoa ankaz
gora sustoarekin. Besteak komunera, beatza eztarrian sartzera,
botatzeko...
Eta amona ere beldurtu da. Esnea ona dala bota arazteko eta
jarri du su gaiñean epeltzen pertzakada esnea. Edan arazi diete
denei. Ango esne-edatea, noski! Amonak urrengo egunean
mostradorerako kafesneak egiteko zeukan esnea zurrupatu dute, eta
ango teatroa!
Bitartean, nagusiak erritik medikua eraman du eta zera: iru
katakume jaio zirala eskaillerapean. Katua umeak egiteko zegoen,
nunbait.

Testua: Nikolas Zendoia


Ahotsa: Mari Paz Elorza
PATXI ZUBIZARRETA IDAZLEA EZAGUTZEKO

Sarritan, galdera hau egiten dizute: "Zer izan nahi duzu


handitzen zarenean?" Eta batzuetan zuk honela erantzuten duzu:
"Sendagile, kantari, gozogile... Eta gehienetan, ostera, zure
erantzuna hauxe izaten da: "Oraindik ez dakit".
Niri ere, haurra nintzenean, sarritan egiten zidaten galdera
hori. Eta batzuetan nik sendagile, kantari edo gozogile izan nahi
nuela erantzuten nuen. Eta gehienetan, ostera, zer erantzun ez
nekiela geratzen nintzen. Beharbada gazteegia nintzelako,
beharbada artean ez nekielako.
Haurra nintzenean ere asko irakurtzen nuen. Gainera, potolo
baino, potoloagoa nintzen eta, lagunekin jolasten primeran
pasatzen banuen ere, nahiago izaten nuen zer edo zer gozoa jaten
eta zer edo zer polita irakurtzen aritzea. Baina handitzean zer izan
nahi nuen galdetzen zidatenean sekula ez nuen "Idazle" izan nahi
nuela erantzun. Beharbada idaztea baino gehiago irakurtzea
gustatzen zitzaidalako, beharbada idazlerik ezagutzen ez nuelako.
Hala ere, urteak igaro dira eta gaur egun haurra ez, potolo ere
ez eta idazle naiz... Hara. Gauzak nola diren. Sekula amestuko ez
nukeena. Eta iruditzen zait idazle naizela, ipuinetan, nahi dudanean
sendagile izan naitekeelako, nahi dudanean kantari izan
naitekeelako, nahi dudanean gozogile izan naitekeelako...

Testua: Patxi Zubizarreta


Irakurlea: Raul Lopez de Munain
SAGUZARRAK ETA PERTSONA ITSUAK

Saguzarrak ez dira itsuak, askok hala uste arren, baina


ekolokazioaz baliatzen dira gauez ikusteko. Orain pertsona
itsuentzat baliatu dute sistema hori.

Ez, ez saguzarrak ez dira itsuak, baina, normalean, ekolokazioaz


baliatzen dira inguruan zer duten ohartzeko. Hau da, ultrasoinuak
sortzen dituzte eta, horien oihartzuna jasotzean, inguruan zer duten
jabetzen dira. Guk argia erabiltzen dugu ikusteko eta saguzarrek
soinua.

Saguzarren ekolokazio hori da RADARa eta sonarra sortzeko


gizakiok ‘kopiatu’ genuena. Orain pertsona itsuak inguruaz jabetzeko
bidea bilakatu da. Itsuen makilak ultrasoinu-pultsuak igortzen ditu –
60.000 pultsu segundoko– eta, bueltan jasotzean, inguruan duenaren
informazioa biltzen du. Baina informazio hori pantaila edo mapa
batean irudikatu ordez, itsuen makilan jarritako lau kuxinetara
bideratzen du. Itsuak, kuxin horien bidez, eskuan sentitzen du
ultrasoinuen oihartzuna zenbatekoa izan den; seinaleak zenbat eta
azkarragoak eta nabarmenagoak izan, orduan eta hurbilago dago
bideko oztopoa.

Horrela, hiru dimentsioko irudia jaso dezake itsuak. Hori bai,


hiru metroren barruan dagoenaren berri ematen du soilik.
Aurrez trebakuntza txiki bat jasotako 25 lagunekin egin dituzte
probak eta asmakizuna salgai jartzeko asmoa dute.

Testua: Elhuyar
Irakurlea: Mari Jose Uranga
TXIKITO BATEN BALIOA
Zorionez edo zoritxarrez Bilbo txikiteroz beterik dago. Zorionez,
alkartasun ta adiskidetasun bat sortzen dauelako txikiteroen
eguneroko ibilaldi ta alkarrizketak. Zoritxarrez, alkoholizatu egiten
duelako gizona ta emakumea eguneroko txurrut etengabeak, eta
poltsikoetako dirua urtu.
—Zer dinostazu? Egia ez da izango?
—Bai, gizona!
—Oraindino karuago?
—Bai.
—Handiagorik…!
—Datorren domekatik hasita, hamabost pezeta txikito bakoitza.
—Lehen merke egon balitz ere…
—Gauzak ondo begiratu ezkero, merke da halan eta guztiz ere.
—Merke?
—Oso merke.
—Zagoz isilik!
—Isilik zergaitik? Egia da. Kontuak ondo atera ezkero, merke ere
merke da txikito bakoitza hamabost pezetan.
—Hona hemen gaineko laukoak! Baso ipurdi bat ardao
hamabost pezeta, merke? Zoratu egin jatzu ala?
—Baina baso ipurdi bat ardao bakarrik ez detsue emoten
tabernetan hamabost pezetagaitik. Beste gauza asko ere emoten
deutsuez gainera.
—Beste gauza asko? Zer?
—Begira: lehenengo ta behin, aterpe ezkutu bat emoten
deutsue. Argia ere bai, gaueko orduetan. Kalefazinoa neguan,
bentiladora udan. Salda gozoa batzutan, haginetarako zotzak,
eskuak, ezpainak edo betaurrekoak garbitzeko paperezko serbilletak.
Metxeruarentzako gasolina apur bat. Alkandora edo frakak edo trajea
edo nikia loitu badozuz ardo tantaz, mantxa hori behingo baten
kentzeko ardao zuri pixka bat edo limoi zati bat edo ogi mamin zati
batzuk emoten deutsuez. Txokorra lotzeko papera, biztuteko sua.
Baso bete ur aspirina edo bikarbonatorekin. Ardaoa garrazturik edo
zaborraz beterik badago edo euliren bat jausi bada basora, beste
txikito bat ateratzen deutsue atoan…
—Kontxo! Egia da!
—Baita mahai bat, jarlekua, telebista, irratia, egunkariak,
kartak, dominoa, partxisa, ajedreza, hautsontziak, paper garbi bat
zerbait idazteko, boligrafoa, komuna, ipurdia garbitzeko papera,
eskuak eta aurpegia garbitzeko lababoa ur bero, hotz eta jaboiarekin,
uleak orraztuteko ispilua… Eta gainera adiskide asko, neskatila
politak, enkarguak itxi edo hartzeko era, telefonoz berba egiteko
erreztasuna, munduko berririk gehienak jakiteko era, ipuin txiste,
jazoera eta kontu barregarriak entzuteko era, alkarrizketa
onuragarria egiteko era… Zer gehiago nahi dozu, ba, hamabost
pezetagaitik?
—Benetan! Baina… taberneruren bat zara zu ala?

Testua: Mikel Zarate, “Bilbo irribarrez”


Irakurleak: Jon Kortabarria / Pako Eizagirre
URKIOLARA

Jaungoikoak jarri zuen Bizkaian Urkiolako mendia, Arabaren


ondoan, Gipuzkoatik urre samar, eta mendi horren gainean ipini
zuten euskaldun sinistetsuek Antonio Donearen eliza-etxea, zorion
guztien itxaropenerako.

Mendi horretara joaten dira sarri Bizkaikoak, arabarrak eta


Gipuzkoa eder honetan jaioak; mendi horretara joaten dira, donerik
errukior, miragilerik handien eta sendatzailerik onenaren jauregira
bezala, uri handi gizaditsuetatik eta baserri txiki padutzarretik,
aberatsak eta txiroak, gizon zindoak eta osasun-gabeak, indarge
jaiotakoak eta hezurren bat hautsi dutenak; herrenak eta itsuak,
hankokerrak eta besomotzak, gorrak eta zauriz beteak, totelak eta
zanpatuak; buruko zorabio, zuldar, legen, eztul, berako, minbizi,
anditsudunak: etsita daudenak, bizi nahi luketenak, irabazpidea
idorotzen dabiltzanak, euri edo eguzkiaren beharrean aurkitzen diren
lurjabeak, Ameriketan semeren bat daukaten gurasoak, gudara joan
behar duenaren ahaideak, ikastolatik etxeratutako mutilak eta
ezkontzeagatik mototsa salduko luketen neskatxak: hitz gutxitan
amaitzegatik, gogo, estutasun, samin edo premiaren baten aurkitzen
diren euskaldun guztiak, osasun bila, argi eske, laguntasuna itxaroaz,
zoriona irrikitzen edo eskerrak ematen; eta bertan, Urkiolan, egin oi
dituzte benetako arrenak eta bertan utzi, beren oparitzat, egurrezko
makuluak, argizarizko hanka eta besoak, zilarrezko bihotzak, ile
txirikordak, ontziak eta soinekoak, izenak eta kondairak, samin, aje
eta neke askorekin batera.

Testua: DOMINGO DE AGIRRE.


Irakurlea: Karmele Igartua
XAGUAK MENDIARI

Haurra lo geratu da. Ontzi bete esne du ondoan. Xagu batek


edan dio esnea. Haurra esnatu denean negarrez hasi da, esnerik ez
baitzen geratzen edalontzian. Estutu egin da xagua eta ahuntzari
eskatu dio esne gehiago. Baina ahuntzak ezetz diotso, ez duela
esnerik belarrik ez dago eta larreetan. Idorrak daude bazterrak.
Xaguak putzuari galdetu dio orduan, ez ote duen urik. Baina putzuak
ezetz diotso, ez duela urik, arrakalak ditu eta harrietan eta urak ihes
egiten dio arrakaletatik. Xaguak igeltseroari eskatu dio putzua
konpontzeko. Baina igeltseroak ezetz diotso, ezin duela putzua
konpondu, harririk ez duelako. Xaguak mendiari eskatu dizkio
harriak. Baina mendiak ezetz diotso, haserre dago eta mendia,
zuhaitz guztiak moztu zituztelako gizakiek. Xaguak mendiari
erantzun dio emateko faborez harriak eta egunen batean haurra
gizondu egingo dela eta zuhaitzak aldatuko dituela mendian.

Antonio Gramsciren ipuina da goikoa. Semeei kontatu zien


kartzelatik idatzitako gutun batean, artean preso baitzegoen
langileen eskubideen alde borrokatzearren.

Testua: Kirmen Uribe


Irakurlea: Txaro Navarro
X IZPIEN TRESNA AZKARRAGOA

DIAMANTEEI ESKER

Diamante-meategietan langileak X izpiekin behatzen


dituzte. Orain, sistema hori medikuntzan hedatzeko asmoa
dute.

Munduko diamante gehienak Hego Afrikako Errepublikako


meategietan eskuratzen dituzte. Eta egunero langile guztiak X
izpiekin behatzen dituzte batere lapur ez dezaten. Horretarako,
1980ko hamarkadan garatu zuten sistema digitala erabiltzen dute
eta nahikoa dira 13 segundo gorputz osoaren erradiografia egiteko.

Orain arte, ezin zen gorputz osoaren erradiografia egin; zatika


egin beharra zegoen eta 45 minutu behar ziren horretarako.
Meategietarako sistemarekin, ordea, denbora asko irabazten da,
irudien kalitatea hobea da eta, gainera, pazienteek ohiko
sistemarekin baino % 45 erradiazio gutxiago jasotzen du.

Sistema berria jada erabiltzen zuten Hego Afrikako


Errepublikako ospitale batzuetan. Orain, lehenengoz herrialde
horretatik kanpo erabiliko dute, Maryland-en.

Tira, meategietatik ospitaleetara doan teknologia dugu, beraz.


Batzuetan bai zaila dela aurrerapenak nondik etorriko diren igartzea!

Testua: Elhuyar
Irkurlea: Gurutze Alcelay
JENDAURREKO IRAKURKETA
testu grabatuak-luzeak
AÍ KAJIYAMA-REN AITONA

1883an itsasikara handi batek Japonia astindu zuen. Horren


ondorioz elezahar bat sortu zen. Elezahar horretan bi pertsonaia
nagusi daude; izena ere ez dakigun aitona bat eta neskato txiki bat,
Ai Kajiyama deituko duguna. Biak bizi ziren mendiko etxola batean,
urre koloreko arroz soroen artean. Handik hurbil, itsas ertzeko
zerrendan herrixka zegoen. Lur landu guztiak mendiko lautada
emankorrean zeuden eta Ai Kajiyamaren aitona herriko arroz soro
zabalen zaindaria zen. Baina goiz batean, aitonak begiratu zuen
itsasoaren mugarantz eta asaldatu zen. Etxolara bueltatu eta Ai
Kajiyamaki ilinti bat eskatu zion. Ai Kajiyamak ez zuen ulertzen
aitonak zertarako nahi zuen ilintia, baina berehala atera zen etxolatik
ilintiarekin. Aitonak ilintia hartu zuen eta ondoko arroz sorora joan
zen bizkor. Ai Kajiyama harri eta zur gelditu zen ikustean aitonak
ilintia jaurti eta soroa galdatan pizten zela. Hasieran su txiki bat izan
zen, baina handik lasterrera sugar gorriak zabaldu ziren, eta berehala
arroz soroak sutan zeuden. Herrian, soroak sutan ikusi zituzten eta,
amorratuta, mendirantz gora lasterka igo ziren herritar guztiak. Inor
ez zen herrian gelditu. Gora iritsitakoan, arroz soroak kiskalita
ikusirik, amorruaren amorruz galdetu zuten: «Nork egin du? Nork
eman die su gure soroei?». Aitonak herritarrei lasaitasunez erantzun
zien: «Nik eman diet su». Guztiek aitona eta Ai Kajiyama inguratu
zituzten mehatxukor eta aitonari galdetu zioten: «Zergatik egin duzu
hori?». Orduan aitonak eskua luzatu zuen zerumugarantz eta
herritarrei begiratzeko esan zien. Han, itsasoaren azken mugan,
lehenago itsasoaren gainazala ispilu bat bezain laua zen lekuan,
zerurainoko ur murraila bat ageri zen. Olatu indartsua eta erraldoia
zetorren zerumugatik. Olatu handia lehorrera iritsi zen eta herria
azpiratu zuen; olatu itzelak herrixka irentsi egin zuen. Zorionez,
herritar guztiak mendi gailurrean salbu zeuden aitonari esker.
Halabeharrez, Ai Kajiyamak, japonieraz, Asiaren bihotza esan nahi
du. Duela urtebete beste olatu handi batek erdibitu zuen Asiaren
bihotza eta 226.000 lagun baino gehiago hil ziren. Non ote zegoen Ai
Kajiyamaren aitona?
Testua: Japoniako kontaera
Irakurlea: Txaro Navarro
ANIMALIAK

Bitxia iruditu izan zait beti gizakiok animaliekiko dugun jarrera. Tira,
horrela esanda, gezurra da hori. Antzinako gizakiena, beste
herrialdeetakoena, baserritarrena..., askoz naturalagoa iruditzen zait.
Bitxia egiten zaidana, zehazki, zera da: gaur egun mendebaldeko herrialde
garatuetan kalekumeok animaliekin dugun jarrera.
Alde batetik, hor daude konpainiako animaliak. Zakurrek, esaterako,
ondo markatuak dituzte hirietako plaza, espaloi eta bazter guztiak. Batera
eta bestera ibiltzen dira, ustezko jabeak atzetik dituztela, zakurrak nagusi,
eta jabeak esklabo. Eta nago ez ote diren, alde horretatik, hutsune
afektibo nabarmen baten betegarri. Gizakion arteko harremana gero eta
hotzago, gero eta urrunago, gero eta exkaxagoa dela hirietan, alegia, eta
animaliekin ez ote duen zenbaitek maitasun premia ase nahi izaten.
Gainerakook, aski lan dugu zakur kakarik zapaldu gabe ibiltzen. Eta,
horrelakorik ez egiteko behera begira baldin bazoaz, larri ibili ez ote dizun
hiriko usoren batek bere grazia, zirin osoa, kokotetik behera isuriko.
Hori batetik. Bestetik, berriz, harrigarria da, berez maitagarritik
ezertxo ere ez duten animaliei diegun kariño txepel, melenga, belaxka
hori. Zer, eta satorrak maite? Galdetu, galdetu baserritar bati, edo galdetu
bestela benetako satorren bat etxeko izan duen edonori... Jakina, zinemak
egin dizkigu satorrak (satorrak ere) maitagarri eta kuttun. Hobeto esan,
Walt Disney jaunak egin dizkigu horrelako animaliak maitagarri eta kuttun,
Hollywoodeko bere estetika txepel, melenga eta belaxkaz. Eta, aitor
dezagun, asko dira satorrak pantailan baino ikusi ez dituztenak. Gaur
egungo gazte kalekumeari gertuagokoak zaizkio elefante, krokodilo eta
hipopotamoak, oiloak baino. Eta jateko ere, nahiago izaten dute haragi
txepel, melenga eta belaxkadun oilasko klasea, baserrikoa gogorregia
zaie-eta.
Eta gero daude desagertzeko zorian dauden animaliak: Igeldoko
igela, arranoa, otsoa. Sartaldeko Pirinioetan, esaterako, oso hartz gutxi
geratzen omen da: dozena erdi bat edo, gehien jota. Nafarroan, Erronkari
inguruetan inoiz edo behin agertzen denak bi agerraldi egin ditu joan den
apirilean: Izaban bata, eta Garden bestea. Denera, bost bat ardi eta ahun-
tzen bat edo beste akabatu ditu 280 kiloko hartz ar horrek. Hala ere, hain
dugu maite, non izena ere jarri diogun: Camille. Ez dakit benetan ote
dagoen desagertzeko zorian, baina benetan desagertzeko zorian dauden
gizaki askok baino zori hobea du Camillek, milioika lagun hiltzen baita
munduan egunero, goseak, gerrak eta gure axolagabekeriak jota, eta
horiei izenik ere ez diegu ezagutzen,

izen baten jabe izateko eskubiderik ere ez diegu aitortzen. Hiltzeko


eskubidea aitortzen diegu soil-soilik, eta isilik hiltzekoa, gainera.
Ez nago ni animalien kontra. Bai, ordea, animalien eskubideak
gizakion eskubidean gainetik jartzearen kontra. Bestela, aurki ugalduko
zaigu Von der Graf horren moduko jendea. Von der Graf hori, izan ere, Pim
Fortuyn Holandako ultren liderraren ustezko hiltzailea ez ezik, animalien
zapalkuntzaren kontrako muturreko militantea da. Belarjalea bera,
animaliak jatea krimen larritzat daukana. Horra zertara iritsi garen.
Ez nago ni animaliak torturatu edota hiltzearen alde. Are gutxiago,
ordea, pertsonak torturatu edota hiltzearen alde. Martxa honetan, aurki
hasi beharko dugu aldarrikatzen gu ere animaliak garela azken batean, eta
animaliak adina eskubide badaukagula gizakiok ere duintasunez bizi eta
duintasunez hiltzeko.

Testua: Ezezaguna
Irakurlea: Itziar Garmendia
ATXURIKO MIRARIA

Hemen kontatuko duguna gertatu


zenetik hona urte asko igaro dira.
Orduan Bilbok hogei mila inguru biztanle baino
askoz gehiago ez zituen. Geroago Begoñari hartu
dizkion zatiak ez zituen oraindik. Abando ere
askea zen, herri banakoa. Beraz, Bilbo herri txikia
zen eta biztanle guztiak elkarren ezagunak ziren.
Ez zegoen orain dagoen beste goardia munizipal; nahikoa ziren hiru
edo lau agoazil herria zaintzeko, gaueko sereno kantari batzuekin.
Honelako herri batean ulertzen da erraz egin daitekeela hemen
kontatuko dugun barrabaskeria, herri guztia barre batean hainbat
egunetan eduki zuena.
Bilbotar bromazale batzuek iragarri zuten bertako egunkari
batean, ez dakit nongo herritan hil zela atso aberats bat, eta mila
ogerleko batzuk utzi zituela Bilboko herren edo kojuei banatzeko,
atsoa ere herrena izan zelako eta Bilbon jaioa; diru hori banatuko
zitzaiela Atxurin, etxe bateko atarian, bertara aurkeztuko ziren herren
bilbotarrei, halako egunetan eta halako ordutan.
Bilboko txiro eta gosetien artean ikara handia eragin zuen
iragarki horrek eta egun batzuetan ez zen izan beste hizketagairik
hauxe baino.
Heldu zen eguna. Atxuriko etxe hartan ageri zen atarian mahai
bat, beronen gainean tintontzia eta orriak, hiru eserleku, bazterrean
zorro batzuk zerez edo harez beterik eta hiru edo lau gizon, piperra
baino serioago, elkarrekin hizketa isiltxoan, atarian batera eta
bestera zebiltzala ipurdi gainean eskuak elkartuta.
Goiztxo hasi ziren kojuak agertzen kalean. Gehienak zetozen
makulu birekin eta hanka bat zintzilik; baziren zetozenak ipurdi
gainean erdi tatarrez; baita gurditxoetan zetozenak ere inork
bultzaka eramanda. Denak zurbil eta aurpegi ahularekin, edonor
errukitzeko eran.
Iragarrita zegoen ordurako, kale guztia aurkitzen zen herrenez
beterik.

Balkoietan eta leihoetan zegoen jendeak harrituta esaten zuen:


Nork uste izango zuen Bilbon honenbeste koju zegoenik?
Atarian zeuden gizon serioek adierazi zieten kalekoei diruak
gertu ipini behar zituztela eta horregatik piska batean atea hertsiko
zutela; eta asko berandutu barik, laster hasiko zela diru banaketa.
Itxi zuten atea bada, eta gerotxoago, berriro zabaldu zenean,
tximista baino arinago urten zen handik, zer uste duzue?... Zezentxo
bat!
Nork azaldu han izan zen iskanbila? Hasi zen zezentxoa topeka,
hau bota eta hori bota, hango arineketa kojuak izan arren! Egundoko
arinen, minutu bat baino lehenago, garbitu zen kalea, makilaz eta
gurditxoz beterik gelditu zela. Miraria izan zen. Zezena agertu zen
orduko koju guztiak osasunera etorri ziren.
Balkoi-leihoetako jendea, barrearen barrez, tripa guztia minduta
geratu zen.
Deabrukeria hau ikusi zuten bilbotar zaharrak barre-zoroka hasi
izan zaizkigu, berau aipatu dugun aldi guztietan.
Hamaika umore ederreko gizon jaio eta bizi izan zen lehenagoko
Bilbon!

Testua: Abarrak. Evaristo Bustintza, Kirikiño.


Irakurlea: Jose Ramon Arbe
EGURALDIA

Eguraldiari garrantzi handia, handitxoa igual, ematen


diogulakoan nago. Irratiek behin eta berriz errepikatuko dizute hotz
beroaren zenbatekoa, euririk ari duen ala ez, haizeak nondik jotzen
duen... Telebistan ere, egunero gizonezko bat eta asteburuetan
zigarro-papera baino meheagoko emakume bat azalduko zaizkigu
egunekoaz gain biharamuneko eguraldiaz mintzatuz.

Eta horiek gutxi balira, azti eta artzain elkartu zaizkie. Aztiena
jakina da, etorkizuna igartzetik bizi dira eta. Baina, artzaiena?
Martxa honetan gure seme-alabek artzaia noizik behin irratian edo
egunkarian agertzen den eta eguraldiaren berri ematen digun
pertsonatzat hartuko dute eta ez ardiak larrera eraman eta gazta
edo mamia egiten dituen gizontzat.

Gabonetan gertatu zitzaidan: bi ilobekin jaiotza handi


horietako bat ikusten ari ginela, txikienak "hau zein da", "zein da
beste hori", "eta hura?” galdetzen zuen, eta handienak, ustez
jakitun, bat jesusito zela, bestea aingerua, hango adardun hura idia,
erantzungo zion. Ardiz inguraturiko pertsona horren txanda
heltzean, "eta hori, zein da?" bota zuen txikiak galderak egiteko
zuen trebetasun eta aguante bereziaz.
"Hori artzaina", erantzun zion haziagoak.

"Artzaina, joe! Eguraldia asmatzen duena!"

Eguraldiaren gaineko berri-pila hauek goizetan ateratzen


gaituzte gure ohetik, gure onetik. Hiru gradu eta euria zar-zar ari
duela esango dizu irrati-iratzargailuak txirrinaren ondotik. Eta ez da
inor konturatzen graduek eta euri zaparradek bost axola digutela.
Jaiki/ez jaikiko une horietan barne-eguraldiak agintzen du, ez
kanpokoak. Batzutan jaikitzeko beldurrak ibiliko gara, konpromiso
handiren bat, lan bukaezina edo gogoz kontrako zerbait dugulako
egunean zehar. Hurrena, ohetik zutitzearen momentu

grabea maitearekin dugun zitak, espero dugun opariak, edo gauez


ikusiko dugun futbol-partiduaren oroitzapenak goxatuko digu.
Eta hotz-beroari ez diogu jaramonik egingo, pertsonaren
termometroa bestea da eta. Hori bai: eguraldiarena objetiboa den
bezala da barrengo giroarena guztiz subjetiboa.
Beldurrak aidean jaikitzen zaren egun horietako batean igual
dena primeran irtengo zaizu eta baita alderantziz ere, maitea zitara
azaldu ez delako, oparirik ez zaizulako iritsi, edo futbol-partidua zen
garaian argia joan delako.

Testua: ANDONI EGAÑA- "AITAREN BATEAN"


Irakurlea: Pako Eizagirre
GAUERO ATERAKO NINTZATEKE PASEATZERA
Marie-ren azalpena

Gauero aterako nintzateke paseatzera, gaua oso polita baita, eta arratsa ere
bai, eta guk horixe egiten genuen lehenago, Toby, Kent, aitonak eta laurok, lanak
bukatu eguzkia erabat ezkutatu aurretik, eta gero haran aldera abiatu
bidexidorretik. Aitona Kent-en gainean jartzen zen, eta nik herriko jaietan
erositako bastoi txuria hartzen nuen, eta Tobi berriz oso tontoxka da, eta
zalapartan korritzeari ekiten zion hasieratik bertatik, korrika atzera eta aurrera,
mitxiguei segika eta zaunka eginez, baina mitxiguek burla egiten zioten beti, bere
buru gainetik pasatzen ziren tximista bezala, abistu eginez, ezta? zergatik
mitxiguek abistu egiten dute ordu horretan, eltxo bila dabiltzala. Eltxoak hegoekin
harrapatzen dituzte, eta udaberrian behintzat asko saiatzen dira, umeengatik
noski, umeak edukitzen dituztelako habietan, eta aitonak lagundu egiten zien,
esnetan bustitako ogi papurrak botatzen zizkien eztarritik behera, eta eskerrak
horri, familia haundiegia zen, bost ume, pentsa, gure etxean ni bakarra naiz, eta
halere aita beti kejaka aritzen da, granjak ez duela ematen niri eskola haundia
pagatzeko lain ere, baina oraindik zortzi urte ditut, eta asko falta da eskola
haundirako.
Bada granja uzten genuen mitxiguen ordu horretan, eta mantxo mantxo
abiatzen ginen bidetik behera, eta aitonak nire amak josteko erabiltzen duen zinta
metrikoa eramaten zuen, zergatik ama erdi jostuna da, eta soinekoak egiten ditu
batzuetan, herriko maistrari gorri gorri bat egin zion behin, eta niri asko gustatzen
zitzaidan, baina Vincent haundi horri ez, Vincent-ek burla egiten zion, maistrak
tomate antiajuduna zirudiela esaten zuen, maistra enamoratua zegoela oso, eta
marrazki bat ere egin zion arbelean, eta gero maistrak kastigua jarri zigun guztioi.
Bada aitonak zinta hori eramaten zuen, eta erabat ilundu arte landareak
neurtzen aritzen ginen, eta oso serio jartzen zen aitona, eta esate baterako
belaunikatu egiten zen alpapa sailean, eta nola oso zaharra den, bada nik eusten
nion zintaren beheko muturrari, eta hala esaten zuen aitonak bere kalkuloak egin
eta gero:
`Marie, belar hau hamar milimetro hazi dun atzotik. Munduak bizirik
jarraitzen din.'
Eta niri poza ematen zidan horrek, eta askotan barrez hasten nintzen, egun
batean behintzat ia lehertu nintzen barrez, zergatik gu frantziberdea neurtzen ari
ginela, biok makurtuta, ezta? bada Kent etorri zen atzekaldetik, eta gu bion artetik
muturra sartuz, bada frantziberde mordo bat jan zigun, eta aitona haserretu egin
zen oso,. eta betortzak kenduko zizkiola agindu zion builaka, ea zer errespeto zen
hura, baina ez pentsa, ez zen benetan haserretu, hari txuria lotuta zeukaten
belarrak bakean uzteko agindu zion, zergatik aitonak hori egiten zuen, seinalatu
neurtzen genituen belarrak, baina ez, ez zen haserretu, egia esateko Kent-ekin ez
zegoen haserretzerik, hain zaldi txintxoa, begira begira gelditzen zen bere begi
haundiekin, triste triste, eta edozein gauza barkatzen genion.

Eta holaxe jaisten ginen zubiraino, eta han beti xaguzahar bat egoten zen,
Gordon, eta aitonak Gordon oso dudazalea zela esaten zuen, hortik zetorkiola jira
eta biraka ibiltzeko ohitura hori, beti toki berdinean norabidearekin asmatu ezinez
edo horrela, eta amona zena ere holakoxea zela, eta granja horregatik ez zuela
behin ere uzten, elizara ere ez zela joaten herrirainoko bidaia ez egiteagatik. Eta
beste txori bat ere ibiltzen zen zubian, Arthur beti azken orduarekin ibiltzen zen,
eta aitonak errieta egiten zion:
`Arthur! Arthur! gaur ere berandu habil! Peskiza ederrean edukiko dituk
etxekoak!'

Niri Arthur gehiago gustatzen zitzaidan Gordon baino, baina Gordon ere
gustatzen zitzaidan, edo behintzat ez nion amorraziorik, baina Vincent-ek bai,
Vincent-ek amorrazioa die xaguzahar guztiei, eta behin harrapatu egin zuen bat,
eta eskolara ekarri zigun, eta zigarro bat jarri zion ahoan, eta xaguzaharra kea
hartuz eta hartuz hasi zen, puztuz eta puztuz, eta azkenean lehertu egin zitzaion
tripa, eta hil egin zen, eta nola Gordon-en igual iguala zen, bada nik nigarrari
eman nion, eta Vincent-ek burla egin zidan, haundi nazkante horrek.
Zubia utzi eta gero tontor batera igotzen ginen, eta gero eseri tontor
horretan dagoen harri batean, afaltzeko noski, zergatik harri horrek mahai baten
itxura dauka, eta aitonak ganpazua zabaltzen zuen, eta nik ogi zuria jaten nuen,
eta arraultze gogortua, eta urdaia ere bai, eta gero sagar bat. Eta tarte horretan
ixil ixilik egoten ginen, eta Toby eta Kent etzan egiten ziren lurrean, oso ondo
denok, beti ondo, eta hobetoena udan, zergatik udan jende gehiago ibiltzen da
paseoan, eta gu ere urrutiago joaten ginen, trenbideraino ere bai batzuetan, eta
behin maistra ikusi genuen han, eta aitonak eta biak izarren gainean hitz egin
zuten, eta egiten zuen beroaz, eta aitonak sugeekin kontuz ibiltzeko esan zion.
Aitonak beldur handia zion sugeari, eta horregatik oilo bat eramaten
genuen gurekin, hori udan, ezta? bero zakarra egiten zuen egunetan eta horrela,
eta oiloari Frankie jarri genion izena, baina problema bat zen zergatik Frankiek
ez zuen aurretik joan nahi izaten, eta horrela ezin zituen bideko sugeak hil, eta
aitonak buila egiten zion:
`Frankie! atzetik joateko ez dinat espezialistarik behar!'
Aitonak hori esaten zuen, sugea zeharo alua zela, eta hil egiten duela txoria,
eta burua puzten diela zakurrei, eta irrintzika jartzen dituela zaldiak, eta esnea
lapurtzen diela behiei, baina oiloen aurrean ez daukatela zer eginik, oiloak
espezialistak direla sugeak hiltzen.
Eta holaxe ibili ginen azken udan ere, Toby, Frankie, Kent, aitona eta bostok,
aitona Kent-en gainean eta ni neure bastoi txuriarekin. Eta gero udazkena etorri
zen, eta Frankie etxean uzten genuen, eta holaxe genbiltzan, paseatuz ezta?
herrian zaldiak azaldu ziren egunerarte.
Egun hartan eskolan geunden, eta maistrak aritmetika esplikatu zigun, eta
denok ondo portatu ginen, Vincent ere bai. Eta maistrari asko gustatu zitzaion
hori, eta azken orduan jai egingo genuela esan zuen, eta herriaren iskinan dagoen
tren geltokira joango ginela, geltokian zaldiak zeudelako, zaldi asko trenaren zai.
Eta hala joan ginen, eta nik ez dut sekula ikusi hainbeste zaldi batera, eta
itxituretan zeuden, gutxienez bostehun zaldi, eta denak urduri, eta nola hotz piska
bat egiten zuen bada lurruna botatzen zuten, eta laino

bat bezala ikusten zen geltokiaren inguruan. Ni begira begira egon nintzen
denbora askoan, eta nire artean zaldi bakoitza Kent-ekin konparatzen nuen, eta
niretzat han ez zegoen Kent baino politagoa zenik.
Vincent nire ondotik zebilen egun hartan ere, nik esaten diot apartatzeko,
alde egiteko nire ingurutik, baina berak ez dit jaramonik egiten, eta nire atzetik
ibiltzen da beti, bada hori, bada egun hartan ere etorri egin zitzaidan, eta nire
ondotik zebilen, txorakeriak esaten noski, maistra Katharina treneko gizonarekin
ikusi zuela, musuka eta horrela, eta nik zaldi haiek norako ziren galdetu nion, eta
berak:
`Hamburgora eramango dizkinatena, Hamburgora.'
`Eta zergatik Hamburgora?' esan nion nik.
`Ameriketara bidaltzeko barkuan.'
`Ameriketara?' galdetu nion, zergatik ez nuen hura entenitzen. Eta Vincent-
ek kopeta hainbeste ez zimurtzeko esan zidan, itxusi egiten ninduela horrek, eta
gero zaldiei begiratu zien:
`Ameriketan zaldiki asko jaten dinatena.'
Eta orduan konprenitu egin nuen, zaldi guzti haiek mataderorako zirela,
bidaia egin eta gero hil egingo zituztela, eta handik aurrera ez nuen han segitu
izan nahi, eta eskolara bueltatu nintzen, eta maleta hartu eta etxerako bidean
jarri nintzen mantxo mantxo.

Handik ordubetera edo ailegatu nintzen granjara, eta aldapa igo eta segituan
aitona ikusi nuen silan eserita, eta berak keinu bat egin zuen ni ikustean, burua
jaitsi zuen, eta ez zidan diosalarik ere egin, eta derrepentean Kent etorri zitzaidan
burura, eta geltokiko zaldiak, eta Vincentek esandakoa, eta korrika joan nintzen
ikuilura, Toby han zegoen, Frankie han zegoen, baina Kent ez zegoen, eta aitonari
deika hasi nintzen, eta orduantxe bertan trena sentitu nuen, trenaren ziztua
bazihoala abisatuz.
Horregatik ez naiz paseatzera ateratzen gauez, Kent falta delako, eta aitona
nola zaharra den bada ezin du oinez egin, eta etxean gelditzen naiz, ezer egin
gabe, ezta debererik ere, zergatik maistra joan egin zen trenean eskola betirako
utzita, eta sukaldean afaltzen dut, eta ez dakit nola dihoazen belarrak, nola
dabilen Gordon, nola dabilen Arthur, eta pena haundia izaten dut Kent amerikano
batek jan duela pentsatzen dudanean.

Testua: Obabakoak. B.Atxaga

Irakurlea: Maribi Urkola


HAURTZAROAREN NEGARRA

Lehen lagun nituen neskak orain ama bihurtu zaizkit. Ez nire


eraginaz, noski. Eta era berean, lagunago egin nahiko nukeen ama jende
asko ere ezagutzen dut. Denek kontatzen didate gauza berbera, eta
neronek ikusia dut etxean ilobekin: gaurko umeak izugarri aspertzen dira.
Hori da gaurko umeen negarra; sofan etzan eta oihukatzen dute:
«Aspertuta nago».

Ni ez naiz gogoratzen umetan inoiz aspertzen nintzenik, baina


oroimena ahanztura gozoz beteriko amarru bat besterik ez denez, amari
joan nintzaion itaunka. «Ez -erantzun zidan-, nik ez nizuen inoiz entzun
aspertuta zeundetenik». Alderantziz gertatzen zen gure haurtzaroan;
oihuka hasten zitzaizkigun gurasoak etxeratzeko aginduz, afaldu edo zer
edo zer egiteko. Garai hartan ez zen gaur adina bizikleta, eta bertan
ibiltzeko txanda bila (edo eske) ibili beharra zegoen.

Bazter guztietan aurkitzen genuen misterioren bat, erreka-zuloetan


beldurtzeko motiborik bazen, txabola zaharren bat aurkitzea abentura zen,
eta sagarrak harrapatzeko arbolara igo beharra zegoen norbait, hark
arbola dantzatu eta behekoek bilketa egiteko. Gauza aspergarri bakarra
zegoen: meza entzutea.

Ia ezer materialik ez geneukalako, gure imajinazioarekin osatzen


genuen hutsunea. Lehen arboletan soilik ikusten genituen frutak gaur
egun haurrak supermerkatuan dakuski denak, denak eskura. Era
guztietako artilugio, jostailu eta objekturekin bete ditugu haurren gelak,
haurren bizitzak. Haien imajinazioa antzutu egin dugu, eta horren aurka
eskoletako ahalegin pedagogikoek ez dute ezertarako balio izan.

Guk ezer ez geneukalako, nobedadearen bila ateratzen ginen. Gaur,


umea, dena eginda jasotzen ohitua dago, eta ez dauka ezeren bila
abiatzeko arrazoirik. Eta zure bizitza nolabait osatzera edo edertzera
bultzatzen zaituen indar hori gabe ez dago imajinaziorik, ez dago
sormenik, ez dago betetasunik bizitza horretan. Ez dago harridurarik. Gaur
egun haur bat harritzeko oso urrun eraman beharra daukazu, oso gauza
xelebreak ikustera. Nik iloba motoan karrera batera eraman nuen eta
aspertu egin zen. Ezin genuen sinetsi: motoan, karrera bat ikusten, AS-
PER-TU?

Ez dakit gure haurrekin krimen handi samarra ez ote garen ari


egiten, zer mundu eskaini diegun ikusita.

Testua: Pako Aristi


Irakurlea: Itziar Garmendia
HAU PASADA BAT DA
Aitortuko dizuet kolore horia ezin dudala ikusi. Ez da sekretu
bat. Mundu guztiak badaki hori dagoeneko. Oso ondo ulertzen dut,
futbolistek eta espektakulu munduko edonork dion gorrotoa, eta ez
nau batere harritzen zorte txarra ekartzen duen kolorea dela dioen
uste horrek. Neroni ere halaxe ekarri dit azkenean.
Ez dakidana zera da: zergatik diodan horrelako gorrotoa. Amak
kontatu izan zidan, txikitan, banuela soineko itsusi xamar bat,
Brasilen misionera zegoen izeba monja zaharrak ekarria, eta sekula
ez nuela jantzi nahi izaten. Horia omen zen. Baina ez dakit
itsusiagatik edo horia izateagatik baztertzen nuen. Edo horia
ordudanik bihurtu ote zitzaidan gorrotagarri. Ez dut kezka hori
argitzeko modurik izan, psikologo bat baino gehiagorekin hitz egin
arren. Platanoak ere gorroto ditut noski, ezagutu nituenetik. Baina
soinekoarekin gertatzen zaidan gauza bera gertatzen zait hauekin
ere. Eta limoiekin zer esanik ez! Beldurtu egiten omen nintzen haurra
nintzela limoi bat ikuste hutsarekin.
Aipatu dut psikologo dexente ezagutu ditudala arazo hau dela
eta, ez? Beno, arazoa, beraien ustez. Niretzat gusto kontu bat besterik
ez da, baina familia ere pixka bat larritu zen kanarioarena gertatu
zenean, eta orduan hasi ziren pentsatzen gusto kontua baino, arazo
gehiago ote zen. Ez zen beste munduko ezer pasa. Aldameneko
bizilagunak oporretara zihoazela eta, kanarioa utzi ziguten etxean.
kaiola eta guzti. Gaztetxoa nintzen artean, eta pozoindu egin nuen
txori zikin hura. Horia izateaz aparte, isildu ere ez zen egiten
madarikatua! Uste dut etxe guztia zoro moduan ibili zela hura adina
kantatuko zuen baten bila. Ez naiz akordatzen zertan amaitu zen
historia, baina gertakizun hura izan zen lehendabiziko aldiz psikologo
batengana hurbildu ninduena. Saiatu zen nere memoria arakatzen
baina ez zuen ezer garbirik atera.
Bigarren aldiz ere, familiak bultzatuta joan nintzen.
Helduxeagoa nintzen orduan, eta ezkontzekotan nenbilen.
Manuelekin. Mutil prestua zen Manuel hura, ezin ukatu. Baina
eskerrak ez nuen harekin bukatu! Ez zidan ba ezkontza baino
astebete lehenago beroki hori bat erregalatu? Zer, eta berokia?
Ezetz esan nion. Ez nuela berarekin ezkontzeko asmorik alegia. Eta
ez nintzen ezkondu. Bertan behera utzi nituen plan guztiak.
Etorkizun ederra izan behar nuen bi urtez nobiotan ibili eta beroki
horia oparitzen zidan gizonarekin! Gogoan dut nola saiatu zen hura
ere, broma txiki bat izan

zela esplikatzen, ea horia ezin nuela ikusi ez al zekien galdetu


nionean. Kolore hartako bromarik ez nuela onartzen erantzun nion
eta kitto.
Berriro bidali ninduten psikologoarengana. Neronek gehiago
dakit gizarajo hark baino, eta garbi dago, hark ere ezer gutxi
konpondu zuela.
Beste hamaika anekdota edo pasadizo ere konta ditzaket
horiak eta nik izan ditugun harremanei buruz, baina ez du merezi
orain horretan hasteak. Lehen ere esan dut, gauza jakina dela, eta
hemen inguruko edonork duela horren berri.
Ez da gaixotasun bat. Gusto kontu bat baizik. Adibidez, Aitor
jaio zenean sekulako disgustoa izan nuen: ilehoria atera zen,
destinuak egiten dituen joko petral horietakoren baten ondorioz
(genetikaz beltza atera behar baitzuen; ez berak, bere ileak
alegia).
Hari ere azkar demonio aurkitu nion soluzioa: beltzez tintatu
nion astebetera. Lan ederrak hartu nituen kozkortu arte hilean
behin tintatu behar hartan. Baina ez ninduen lanak beldurtzen.
Erotzat jo ninduten askok, baina aizue, ama askok ez al die agua-
oxigenada botatzen umeei rubioak izan daitezen? Besterik ez nuen
egin nik; alderantziz, baina gauza bera.
Batek baino gehiagok bromak ere egin zituen, ume gajoak
hepatitisa harrapatzen bazuen akabatu egingo nuela esanaz.
Suertez ez zen horrelakorik gertatu. Halere, gehienek pasada bat
zela esan zidaten.
Pasada bat! Pasada bat, niri gertatu zaidana da. Duela
astebete eskas, auzoan dagoen jatetxe txinoko jabea aurkitu zuten
hilda. Labankada batez. Ez nuen ezagutu ere egiten, ez nintzen
sekula jatetxe hartara sartu. Dirudienez, poliziak ezin izan du hura
nork hil zezakeenari buruzko aztarnarik aurkitu. Ez zioten dirurik
lapurtu antza, ez zeukan inorekin saltsa arrarorik, etsairik ere ez...
Eta zer bururatu zaiela uste duzue? Pentsatu duzuen gauza bera:
nik hil dudala. Eta hementxe nago, etxean sartuta, preso bat
banintz bezala. Ez naute gartzelara eraman, probarik ez dagoenez,
ezin dutelako. Baina ni neu naiz susmagarri nagusiena, eta
sentitzen dut, baina hau bai: hau pasada bat da.
Testua: Arantxa Iturbe
Irakurlea: Itziar Garmendia

IRRATIAREN JABEA

Goiza Ezkurdin pasatu nuen, aulkian eserita, irratia entzunez


eta han urmaeletan bizi diren ahati koloretsuei begira. Etxera
bueltatuta ohe gainear etzutearekin batera ohartu nintzen irratia
falta zitzaidala. Etxea goitik behera errekistatu eta ez nuen aurkitu
zorioneko irrati hori.
Parkean utzia izango nuen, han ezkurdian, edo hantxe egon
nintzen artean baten batek ostuko zidan. Ezkurdirantz joan
nintzen, goiza eserita eman nueneko lekura. Han ez zegoen, beraz
ostu egin zidaten. Parkea hiruzpalau aldiz zeharkatu nuen
noraezean. Hiri honetan ezin da bizi, lapurrez beteta dago.
Etxerantz itzultzen nintzela, elbarri bati erreparatu nion autobus
geltokian, elbarria zela ohartu nintzen hormaren kontra eserita
zegoelako, zangorik gabe. Irratia entzuten ari zen. Bizkarra
hormaren kontra, soina ohol zahar batzuen gainean, zangorik
gabe, irratia besapean, aulki gainean soina, ipurditik gora soina,
baina zangorik ez oholetik behera zintzilik. Irratia, besapeko irrati
hura, egia esan, beste edozein irrati izan zitekeen, baina nik
zeozer usnatu eta inguratu nintzen.

Irratia abrigo azpian erdi gordeta zuen. Irratia ez da ezkutatzen


entzun nahi baduzu, irratia estaliz gero hainbat okerrago entzungo
da, ez da abrigopean tapatzen, gordetzeko edo ezkutatzeko
arrazoirik ez bada behintzat. Bertaraino ailegatu nintzen, autobu-
sen zain zeuden beste sei-zazpi lagunen artean egon nintzen
elbarria zelatatzen, eta ene susmoa unerik une larrituz joan zen.
Bera zen, nor izango zen ba lapurra elbarria baino! Elbarri
kondizioak, elbarriari, desabantilaren atxakiarekin, abantaila
ederra ematen dio legeko jendea engainatzeko; sugea ere
zangogabea da, animalia maltzur halakoa! Autobusa heldu zen eta
geltokiko jendea, behar bezalako jende hura, joan egin zen.
Elbarriarengana ezari-ezarian hurbildu eta, bat-batean, irratia
kendu nion. Susmoa nuen bezala, banekien bezala, ene irratia
zen, eta laket zaidan emisora zegoen jarrita

gainera, arratsaldean zehar entzuten egon nintzen bera, egunero


entzuten dudan berbera. Elbarriak irratiari antenaren puntatik
eusten zion oraindik, begiak sumindurik begiratu zidan,
ukabilkada bat jo behar izan nion sudurrean, eta ez zen aski izan,
espantuka hasi zen, eta ez zuen ene irratia soltatu. Orduan
eskuineko oin puntaz ostikada on bat jo nion saihetsean, irratia
soltatu zuen eta aldamenerantz erori zen, suntsitua, arnasarik
gabe. Etxerantz joan nintzen ene irratiarekin. Itzulera bide hori
lasaibidea izan zen enetzat, elbarriaren aieneak gibelean utzita.
Ez zait gustazen etxera urduri ailegatzea, ohe gainean luzeran
etzanda irratia sabel gainean piztuta ene gogoko emisora
entzutea gustatzen zait.

Eta gustatzen zaidan emisora berbera nengoen entzuten.


Orduan, begirada gelan zehar alderatu zitzaidan, harik eta
aulkiaren gainean, uzkur, isilkoi, mutu, ene irratia erreparatu nuen
arte.
Orain bi ditut.

Testua:JOSEBA SARRIONANDIA
Irakurlea: Bego Akizu
JOANES ARTZAIA

Ura zan gizona, ura!


Zazpi oin ta erdi bai luze, makal zugatzaren irudira zuzen,
pagorik lodiena baizen zabal, arte gogorra bezela trinko, gorosti
ezearen antzera zimel.
Orrela zan Joanes nik ezagutu nuanean.
Sendoak zeuden oraindik artzai zarraren beso zaintsuak, txit
azkarrak bere oñak, zindoak bere bular-auspoak.
Irurogeta amabi aldiz ikusi zuan, Aloña mendiko ariztietan, ostro
berdea berriz jaiotzen; baña etzion eramango emeretzi urteko mutil
batek ez aizkora jolasean, ez burni astuna jaurtitzen, ez mendietan
gora edo ibarretan zear laisterka.
Kaiko andi bat esne goizean jan, azpantarrez izterrak estaldu ta
makilla bat eskuan artu ezkero, prest zegoan egun osoan, zein
ariñago bezela, beorren atzetik ibiltzeko edo, neke askorik gabe, ardi
galdu gaixoaren billa gau guztia igarotzeko.
Argiak ziran Joanesen begi gozoak. Oitua zegoan Joanes zerura
ta lurrera, gabaz ta egunez, arreta andiz begiratzen; ta iñok baño
lenago ikusiko zuan, goi aldetik, odei tarteko arranoaren ibillera
apaña edo ia gizon danentzat estaldurik zegoan izarraren kiñua, ta
lur aldean, lokatz bigunetako abere oñatza, bide ondotik joan ziran
eperren aztarna, sasi mardularen ertzeko erbi-oi zapala, arkaitz
zuloetako egazti arraparien kabia, ta an bebeian agiri zan urlia erriko
orduari zar ta illun samarra.
Ernaiak ziran Joanesen belarriak. Oso egiña zegoan Joanes
mendi-oiarzun guztietara. Milla aldiz bai entzun zituan,
bakartasunaren erdian jarrita zegoala, urrutiko trumoiaren orrua,
ekaitz aizearen durundia, artzaiaren deadar luzea, egurgillearen
aizkorakada neurtua; basaurdearen arnasotsa, otsoaren alaraua,
azeriaren zaunka, beorren irrintzia, mozoloaren oiua, basauntz
bildurtiaren zalaparta; abere arranen dulun-duluna, ardien bee
negartia, suge zarraren txistua, belien garraxi latza, sosoaren
txortxorra, txori kantari askoren txiotxo alaia, errekastoen poll-polla,
zugatz ostroen pir-pir biguna, eltxo gogaikarrien zunburruntxoa ... itz
gutxitan esateko, izakiak berez dituan ta mendi basoetan diran
abere, pizti ta sortutako gauza guztien amaigabeko soñu txiki ta
andi, ixil ta bizi, garratz ta gozo, mingarri ta eztitsu, pozkor ta
ikaragarrizko danak. Berialaxe antzematen

zion Joanesek nondik zetorren soñua, ta baita ere esango zukean


garbiro ta zuzen zer zan ta non zegoan soñu bakoitzaren jatorri
ezkutua.
Etzan Joanes jakituri andikoa, baña bai asko ikusia, ta asko ikusi
duan gizonak beti daki zerbait, eta sarri jakintsu usteko askok baño
geiago.
Bazekian non ta noiz jaiotzen ziran gibelurdiñik gozoenak eta
zein tokitan zeuden kamamilla, belatxeta, karraskilla ta beste
orrelako belar mota gizonarentzat osasungarriak.
Bazekian non idoroko zituan artaldearentzat bear ziran janaririk
on ta egokienak.
Bazekian nola sendatu bear ziran beor, bei ta ardien zauri ta
gaixotasun ezagutuenak.
Bazekizkian baso guztietako laster bideak eta bost ordu bide
inguruko arkaitz zulo ta aterpe denak.
Bazekizkian zer leku zeuzkaten goi urdiñean izarrik nagusienak
eta artizarrak batez ere. Eguzkian bertan ikusten zituan, geienbat,
egunaren orduak; illargiaren jiran, aizeak zeraman bidean ta laño ta
odeien egoetan irakurtzen zuan urrengo egunerako girona edo giro
txarra.
Bazekian, gañera, ta au zeukan gauzarik onentzat, guraso
zarrak erakutsi zioten Eleizaren legea ta Jesu-Kristok lurrean erabilli
zuan bizitza samurra, ta lege ta bizitza oiezaz bakartadean
gogoraturik, ikusi zuan, dana Jaungoikoari zor zion gizonak txit apala
bear zukeala izan, bere nekietan patxada andikoa ta lagun urkoaren
naigabietan egiazko onginaiz betea.
Kristoren legea zan Joanesen argia ta argi orretan ikusten
zituan, kupidaz, gizonen argaltasu ta ibilpide okerrak.
Oroitzen naiz nola ezagutu nuan nik Joanes artzaia ta nere
jakinai bizian zenbat galdena egin nizkion.

Testua: DOMINGO DE AGIRRE.


Irakurlea: Pako Eizagirre
LAPONIA: BIZIMODU LATZ ETA GOTORREKO
LURRALDEA

Denboraren hasieran Jainkoak bi anaia munduratu zituen eta giro


epel eta gozoko lurralde menditsua eman zien bizitzeko. Halako
batean elurte bortitz batek lurralde hura astindu zuen eta bi anaiak
elurpean hiltzeko zorian egon ziren. Bata, babestearren, harpe batean
gorde zen. Bestea aire zabalean gertatu eta elur-ekaitzari aurre egin
zion. Atertu ostean biak onik zeuden. Ekaitzari aurre egin zionak
munduko lurralderik hotzena hautatu zuen bizitzeko: laponiar guztien
aita izan zen.

Laponiarrak eta laponiera


Laponiarren ezaugarri fisikorik nabarmenenak bi dira: txikiak
izatea (batez beste 1,55 m-koak gizonezkoak eta 10 cm gutxiagokoak
emakumezkoak) eta oso buru hezur txikia eta forma berezikoa izatea.
Ilea, oro har, leun eta iluna dute. Aurpegia madari-itxurakoa da,
masailak pixka bat irtenak eta azala olio-kolorekoa. Begiak gehienetan
arreak edo marroiak. Beraz, fisikoki, bere bizilagunen, hots,
eskandinaviarren, antzik ez dute.
lkusmen zorrotza dute, baita zahartzaroan ere. Bere odol-
sisteman anastomosiak dituzte (arteria eta zainen arteko ez ohiko
loturak), horri esker tenperatura baxuak hobeto jasan ditzaketelarik.
Indartsu eta biziak dira, ibilera arinekoak eta erresistentzia handikoak
(l883an Amudsen exploradore norvegiarrak bi laponiar bidali zituen
Groenlandiako barne-lurraldeak miatzera eta 57 ordutan eski gainean
460 km-ko ibilaldia egin zutela esan zuten itzuli zirenean. Inork ez
zien sinetsi, baina bietako batek Suediako lasterketa batean parte
hartu eta irabazi egin zuen: 21 ordutan 220 km ibili zen!).
Laponiarren jatorria ez dago batere argi, baina badirudi K.A.
2000. urtearen inguruan iritsi zirela Eskandinaviara edo, zehatzago
esan, gaur egun bizi diren lurraldeetara. Hegoaldetik iritsi ziren, beste
herrien erasoetatik ihesi.
Laponiera fino-ungriar hizkuntz taldeari dagokio, talde hau ural-
altaiar hizkuntz familiaren adar bat delarik. Adar horretako hizkuntzarik
ezagunenak suomiera (finlandiera)
eta hungariera dira. Hiru dialekto nagusi ditu laponierak, elkarrekiko
aski desberdinak.

Iparraldeko dialektoa da hedatuena: 3 laponiarretatik bik egiten


dute ipar-laponieraz. Ekialdeko laponieraz Inari lakutik ekialderantz
egiten da (Ipar-ekialdeko Finlandian eta Errusian). Azkenik, hego-
laponiera dago, gutxien hedatua: erdi aldeko Norvegian eta Suedian
egiten dute.
Laponieraren fonetika eta gramatika konplexuak dira (adibidez, 9
izenordain pertsonal dituzte: 3 singular, 3 plural eta 3 dual, hau da:
biok, zuek biok, haiek biok). Lexikoa, espero izatekoa denez, oso
aberatsa da haien bizimoduari dagozkion gauza eta kontzeptuetan
(metereologia, fauna eta elur-oreinari dagokion guztian adibidez),
baina urria kontzeptu abstraktuetan.

Testua: Elhuyar aldizkaria


Irakurlea: Ane Zeziaga
MERKATARI ABERATSAREN MORROIA

Bazen behin, Bagdadeko hurian, merkatari aberats baten zerbitzuan


lan egiten zuen morroi bat. Egun batez, goizaldetik, morroia Bagdadeko
azokara abiatu zen erosketak egitera. Baina goiz hura ez zen beste goizak
bezalakoa izan. Goiz hartan Heriotza ikusi baitzuen azokan. Eta Heriotzak
keinu egin baitzion morroiari.
Izututa, morroia merkatariaren etxera itzuli zen.
«Nagusia» esan zion-. «Utzidazu etxeko zaldirik azkarrena. Gaur
gauerako Bagdad honetatik urruti egon nahi nuke; gaur gauerako
Ispahango huri apartatu hartan egon nahi nuke.»
«Baina, zergatik egin nahi duk ihes?»
«Azokan Heriotza ikusi dudalako, eta amenazuzko keinu bat egin
didalako orduan.»
Merkataria hunkitu egin zen, eta zaldia utzi zion. Eta morroia abiatu
zen gauean Ispahanen egongo zelako esperantzatan.
Egun hartako arratsaldean, merkataria bera azokara joan zen. Eta
goizean morroiak bezala, berak ere Heriotza ikusi zuen han.
«Heriotza» esan zion berarengana inguratuz-. «Zergatik egin diozu
amenazuzko keinu bat nire morroiari?»
«Amenazuzko keinu bat?» erantzun zion Heriotzak-. «Ez, ez da
amenazuzko keinua, baizik eta harridurazkoa. Harritu egin naiz hura
hemen ikusteaz, hain urrun Ispahandik; ze, gaur gauean Ispahanen hartu
behar baitut zure morroi hori ... »
Eta Henryren koadernoko laugarren orrialdean gomentario bat dator,
Merkatari aberatsaren morroiari buruz.
«Batzuk diotenez, bizitza, guretzako, dadoen jokoa bezalakoxea da.
Jaio ezkeroz badaukagula patu bat, diote, badaukagula fatalitate bat. Nola
erori dadoak, halaxe joango zaigula bizitza.»
«Beste batzuk, berriz, askatasun gehiago antzematen dute bizitzan.
Bizitza, ikuspuntu honetatik, ajedrez joko bat besterik ez litzateke izango.
Ajedrezeko jokalariak bezala, guk edozein gauza egin genezake, edozein
pieza mugitu; askatasun hori bagenuke. Baina behin zerbait eginez gero,
behin pieza bat mugituz gero, ekintza hori, mugimendu hori fatala
litzateke. Ezin atzera egin. Ezin jokoa beste bide batzuetatik eraman.
Ekintza hori, mugimendu hori, fatala litzateke. Ekintza edo mugimendu
horrekin egin behar nahitanahiez aurrera.» «Aurreko fatalitateak,

dadoarenak, ikara ematen dit aurreneko momentuan, eta gero


lasaitasuna. Bigarrenak, berriz, triste jartzen nau. Nere bizitza ez dut
maite.
Ezin ote da borrokatu fatalidadearen aurka?»
Bizitzan beharbada ez, baina ametsetan bai. Ametsetan borroka
gintezke heriotzaren aurka ere. Heriotzak harrapatu nahi zuen morroiaren
istorioa beste bat ere izan zitekeen. Hementxe idazten dudan beste hau,
esate baterako.
«Baina, zergatik egin nahi duk ihes?» galdetu zion merkatariak.
«Azokan heriotza ikusi dudalako, eta amenazuzko keinu bat egin
didalako orduan». Merkataria hunkitu egin zen, eta zaldia utzi zion. Eta
morroia abiatu zen gauean Ispahanen egongo zelako esperantzatan.
Zaldia bizkorra zen, eta, espero bezala, morroia Ispahan apartatu
hartara ailegatu zen lehen izarrarekin batera. Eta etxez-etxe hasi zen, ate
joka, babesa eskatuz.

«Heriotzagandik ihes nabil» esaten zien atea zabaltzen ziotenei- «eta


ostatu eskatzen dizuet.»
Baina jende hura beldurtu egiten zen Heriotzaren aipamena entzun
orduko, eta itxi egiten zizkioten ateak.
Morroiak hiru, lau, bost ordu egin zituen Ispahaneko kaleetan
barrena, ate joka, alferrik nekatuz. Eta, hala, egunsentia baino pixka bat
lehenago, Kalbum Dahabin izeneko gizonaren etxera ailegatu zen.
«Heriotzak amenazuzko keinu bat egin dit gaur goizean, Bagdadeko
azokan, eta ihes nator handik. Erregu egiten dizut, emaidazu ostatu.»
«Heriotzak» esan zion Kalbum Dahabinek- «Amenazu Bagdaden egin
badizu, ez da han gelditu izango. Zure atzetik dator Ispahanera, zaude
seguru. Dagoeneko gure murrailetan egongo da zeren gaua bukatzera
baitoa.»
«Orduan, galdu naiz betiko!» erori zen morroia.
«Etzazula oraindikan etsi!» atera zen Kalbum- «Eguzkia atera arte
bizirik segitzeko abilidadea baduzu, libre geldituko zara. Heriotzak zu
gaurko gauez hartzea erabaki bazuen, ezin zaitu beste inoiz hartu.»
«Goazen lehenbailehen plazan daukadan dendara» eskatu zion
Kalbumek etxeko atea itxiz.
Bitartean, Heriotza Ispahaneko murrailetara inguratu zen.
Larritasunez begiratzen zion urdintzen hasia zegoen gauari.

«Egunsentia» pentsatu zuen- «momentu batetik bestera iritsiko duk,


eta hori gertatuz gero morroia galduko diat.»
«Baina ez diat galduko» gaineratu zion bere buruari- «bazekiat
gauzak azkar asko egiten». Eta, hartan, Heriotza Ispahaneko kaleetara
iritsi zen. Usaindu egin zuen han, huri hartako milaka usainen artean,
Bagdadetik ihes egindako morroiarena bilatuz. Berehala, morroia Dayoub
Kalbum Dahabinen dendan zegoela erabaki zuen, eta haruntza abiatu zen
presaka.
Zeruaren ertzeko laino ttiki bat urreztatzen hasia zegoen. Eguzkia
berehala jabetuko zen munduaz.
Heriotza Kalbumen plazako dendara iritsi zen. Atea danbateko batez
zabaldu zuenean, harridura keinu bat gaineratu zen bere begietara...
Heriotza harritu egin zen behin ere ez bezala, ze denda hartan ez baitzuen
morroi bakar bat ikusi, baizik eta bost, zazpi, hamar morroi berdin ikusi
baitzituen.
Heriotzak kirika egin zuen leihorantz: eguzkiaren lehen printzak
distira egiten zuten leihoko oihal txurian. Zergatik zeuden hainbeste
morroi denda hartan, bakar baten partez?
Baina ez zeukan pentsatzeko astirik. Kalbum Dahabin ispilu egilea
zela sumatu gabe, Heriotzak aukeratu egin zuen ugaritasun hartan.
Dendaren erdian zegoen morroietako bat hartu eta kalera egin zuen
korrika. Kalea argitan zegoen ordurako.
Egun hartan, Ispahaneko jendea kontu kontari ibili zen, eta kejaka.
«Gaur goizean» esaten zuen jendeak- «ohetik jeiki eta leihotik begira
nengoela, lapur bat ikusi dut, beltzez jantzia, eta besapean ispilu handi
bat zeramala. Madarikatua izan bedi Kalbum bezalako gizon zintzo bati
lapurreta egin diona ... »

Testua: B. Atxaga
Irakurlea: Raul Lopez de Munain
NIREA TTIKIA DA

Nik badakit nirea ttikia dela, horrek ez du niretzat garrantzi


handirik. Lehen, hori zela medio, buelta batzuk ematen nizkion
buruari, baina gaur egun ez da niretzat inolako arazoa. Tamaina da
gutxienekoa. Beste gauza askotan bezalaxe, honetan ere erabilera
da balio duela. Erabilpena egokia bada, horrek balio du; gehiegizko
tamainak askotan trabatarako izaten dira, horretarako.
Nirea ttikia izango da, baina mugitzen dena, bizkorra, lanerako
beti pronto dagoena. Zertarako dut handia, noiznahi ezinean bide
erdian gelditzeko bada? Nireak ez du garabiarik behar mugitzeko,
bakarrik laster jartzen da martxan, laguntza handirik gabe.
Ni futbolaria naiz, edo futboleroa, berdin zait, eta talde askotan
jokatu dut. Lagun asko ezagutzeko aukera izan dut, eta denetarikoak
ikusi ditut. Galantarekin ezagutu ditut, baina, jendeak hala uste ez
badu ere, gehienak ttikiarekin. Askok dute ttikia, bai, eta haiexek
ikusi izan ditut neska lagun ederrenarekin. Beraz, neskei handia
gustatzen zaiela ere askotan entzun izan dut, baina ez dut uste
horrela denik. Batzuek izugarria dute, baina ez dakit zertarako,
gehienetan bakarrik ibiltzeko.
Nire ustez zerbitzu berbera egiten du ttikiak. Handia duten
horiek askotan ez dute jakiten nola maneiatu ere. Motel, torpe,
baldar, trakets, zarpail... Ttikia dugunok berriz, di-da! Badakigu
nola eta noiz jarri behar dugun martxan, eta maniobra handirik
gabe, rau! abiatzeko prest.
Handia duten horiek, berriz, beti hortxe, beren hori guztiei
erakutsi beharrean. Edozein aitzaki aski dute beren tramankulua
atera eta denei erakusteko. Ederra, handia, distiratsua... Baina
gehienak alfer-alferrik. Ni ez naiz horrelakoa. Ni ez naiz horrela
aritzen. Inork ez du jakin beharrik nirea nolakoa den. Bakarrik
behar duenak, nahi duenak, erabili behar duenak. Hari erakutsiko
diot eta kito. Besteei bost axola.
Handia izateak bere arazoak ere sortzen ditu, ez pentsa,
gero! Ni oso pozik nago nirearekin. Beti izan dut ttikia eta
ttikiarekin jarraituko dut. Orain ez naiz

aldatzen hasiko. Nirea erabili eta nirearekin gozatu dutenek ere ez


dute inolako kexurik. Niretik pasatu direnak pozik gelditu dira
zerbitzuarekin.
Denek esaten dutenez, ttikia baina praktikoa, erabilgarria oso,
bizia, eta gogorra gainera. Batez ere hori, oso gogorra. Handiak
normalean ez dira horren gogorrak izaten, ahulagoak izaten dira,
bigunak, belaxkak, berak.
Nire emaztea ere txoratzen dago. Hark ere lehenengo aldiz ikusi
zuenean, «jesus, bai ttikia!» oihukatu zuen, baina geroztik ez du
horretaz hitz egin. Orain ez luke nolanahi aldatuko. Beno, hori da niri
esaten didana, behintzat. Egunero erabiltzen du. Egunero behar du
bost minuturako bada ere. Ez dio trote izugarria ematen, baina
egunero-egunero bere saiotxoa. Ez dio deskantsurik ematen.
Nik esaten diot, gehiegi ere ez dela ona, ttikia dela eta
dosifikatzeko, garaia baino lehen erre ez dadin. Baina bost axola.
Hark berea. Oso derrigorrezkoa ez badu ere, benga, gainean jarri
eta ale! Asko biziatu da gure emaztea, lehen ez zen horrelakoa.
Baina orain gustua hartu dio, nonbait. Eta emaztea kontent
badago, ni ere bai. Zer esango dut nik?
Koinatari ere nirea gustatzen zaio. Eta nola gustatu ere. Bere
senarrak handiagoa omen du, baina nire andrearen ahizpari nirea
gehiago gustatzen zaio. Hark ere lehenengo aldiz ikusi zidanean
barre egin zuen: «Baina nora zoaz horrekin, gizona»? Baina orain
ez dit horrelakorik esaten. Nahiago luke senarrak ere nirea
bezalakoa balu. Harena mugitzen hasteko denboran nirearekin
buelta egina omen du. Nire koinata horretan azkarra da. Ez zaio
alferrikako luzamendutan ibiltzea gustatzen. Berehala martxan jarri
eta laster egiten ditu egin beharrekoak.
Nik esaten diot, senarrarenarekin ez badago gustura harekin
konpontzeko. Nik ez dudala deus ere jakin nahi kontu horrekin, ni ez
sartzeko. Eta gainera, ez dudala nahi nire emazteak deus ere jakitea.
Tarteka, noizean behin bada, ez dagoela arazorik, baina ez dudala
inolako loturarik nahi, ez dudala inolako konpromisorik nahi. Gauzak
horrela hasten direla, pixkanaka-pixkanaka, eta gero ez dutela
amaiera onik izaten. Ez dakit azkenean nola bukatuko dugun.
—Zurea kapritxo bat besterik ez da! -esaten diot. Zure
senarrarenarekin aski duzu, ez duzu nirearen beharrik.

—Bai, halaxe da, kapritxo bat. Eta zer? Nik ez al dut kapritxorik
merezi? Zurea beste gauza bat da, Andres.
—Noski zuk kapritxoak ere merezi dituzula. Mereziko ez dituzu,
bada! Baina ez zait gustatzen gauza horiekin jolasten aritzea. Gero
badakizu zer gertatzen den. Edozer gauza pasatu, eta akabo.
Betirako haserre gintezke. Eta deskuidatuz gero, familia ere pikutara,
igoal.
—Eta zergatik pasatuko da zerbait. Mesedez, Andres. Palankatxo
hori nire eskuarekin hartzen dudanean, eta aurrera eta atzera hasten
naizenean, ezin naiz gelditu. Aurrera, atzera, sartu,
atera... hain da liraina, hain da maneiagarria. Ez dut ia indarrik ere
egin behar izaten.
—-Badakizu zer egin, guapa!
—-Zer?
—Zer? Zuena saldu eta nirea bezalakoa erosi. Seat Ibiza du
izena. Ez dira garestiak, eta aukera zabala duzu. Katalogoa etxean
daukat oraindik, eta utziko dizut.
Horrelaxe moztu behar izan nion azkeneko txandan auto eske etorri
zitzaidanean. Ia egunero hasia da, eta egia esan aspertzen ari naiz.
Bere kanbioaren palankatxo horren kontuarekin moskeatuta nauka.
Ez dakit, ez dakit... Askotan ez dut jakiten zein palankatxoz ari den.

Testua: A.Kazabon
Irakurlea: Pako Eizagirre
OHE ZALETASUNA

«Ohean hitz egin, zigarroak erre, bonboiak jan, edari goxoren bati
tragoxkak lapurtu, musika entzun: "izara artean mundua dago, izara
artean zerua..."».
Ohean pena guztiak joaten zaizkizula diozu eta nik, nekez uler
dezaket hori, ohe zale eskasa nauzulako.
Ez dut txikitatik behar adina baino denbora gehiagorik ohean
pasa gaixo aldietatik aparte, eta gaur egun ere, ohean denbora
gehiago ematen saiatu arren, zaila egiten zait nagikeria eta denbora
galtzearekin ez lotzea ohean denbora pasa egotea. Zu bezalako ohe
zaleek inbidia pixka bat ere eman ohi didate, nahiz eta igande osoa
maindiren artean gustura nola igaro daitekeen ez ulertu.
Zuk, berriz, Erdi Aroko ohitura zaharra berritu beharko
litzatekeela diozu, hau da, edozein arazo politiko edota borroka
konpondu ondoren alde batekoek edo bestekoek elkarrekin lo egin
beharko luketela, bi aldetatik konfidantza osoa dagoela erakusteko.
Ohe handi bakar batekin egiten duzu amets, ohe indibidualak oraindik
asmatu gabeak ziren garai haietakoak bezalakoak non gurasoek,
seme-alabek, bestelako gonbidatuek eta baita zenbait txakur edo
katuk lo egiten baitzuten.
Horizontalean ezagutu beharko genukeela elkar diozu, eta ez
zoritxarreko ohiko bertikalean, ez baikara berdinak, nonbait, etzanda
egonez gero eta botere harremanak zailagoak gertatzen bide dira
bestearen berotasuna ondoan sentituz gero. Barre gura ematen didazu
ohe zaletasunari buruzko laudorioak eskaintzen dizkidazunean. Zure
hitzetan, ez dago munduan ohean erdi lo-erdi esna egotea baino
gauza hoberik, depresio aldirako tratamendu egokiagorik edota
irudimenerako hego aldi aproposagorik... Ohean hitz egin, zigarroak
erre, bonboiak jan, edari goxoren bati tragoxkak lapurtu, musika
entzun: "izara artean mundua dago, izara artean zerua..."
Bai, badakit ez zarela amodioaz eta izaren arteko jolas erotikoez
soilik pentsatzen ari, beste nolabaiteko bizitza hipotetiko batez
baizik; horregatik, agian, nire eszeptizismoa uxatu nahian, Historiara
jotzen duzu, Richelieu kardinala aipatzen didazu, zeinak, zuk
diozunez, egunean ordu erdi bat bakarrik egiten baitzuen ohetik
kanpo. Tarte horretan

erregearengana joaten zen, zenbait berri aztertu, haren aginduak


jaso eta berriro ohera abiatzen zen. Eta Henri Matissena? Ez al dakit
ba nik, hain artezalea izanik, haren anekdota bitxia? Ezetz? Bada,
zuri pintore horrek egin zuena zoragarria iruditzen zaizu: ohean
zegoen bitartean pintzel luze batez gelako sabaia pintatu omen zuen.
Eta ez da zure ohearen aldeko manifestua horretan bukatzen: Karlos
Ia, XVIII mendeko errege suediarra, aipatzen didazu segidan...
Errusiako Pedro Handiarekin izan zuen gerra galdu ondoren, ohean
sartu eta hantxe, irten gabe, hamazazpi hilabete pasa zituela
aurpegiratzen didazu, nire ordenagailuari begirada azkarra eta
haserrea zuzentzen diozun bitartean.
Baina alferrikakoak dira zure arrazoi guztiak, maite,
egunkarirako artikulu hau idatzi behar dut, eta hori bukatu arte ez
dut uste ni berriro oheraraztea lortuko duzunik.

Testua: EGIN egunkaria


Irakurlea: Ana Marañon
PERRETXIKUAK ETA ETXEKO KATUA (I)

Badakizue zer itz esan degun? Perretxikua. Gaur egun esaten dan
bezela, janari preziatua. Landatu gabe gure lurrak ematen digun
janarietako bat. Eta nolakoa! Bere garaiak ditu.
Udaberriko zizak. Leku batzuetan zuzak deitzen diete. Nere ustez,
perretxikurik finenak. Perretxiku zuria, usai ederrekoa. Ez da nunai
izaten dana. Leku jakiñekoak oi ditu geienean. Eta leku oien berri
dakienak isilik gordetzen ditu. Lagun aundia izango dezu, baiña ez
dizu esango. Izugarrizko salneurriak eragiten dituena da udaberriko
ziza. Naiko denboraldi motza da berea, eta orduan saiatu bear.
Gogoan det, mutikoak giñala, anai gazteagoa, Joxe, eta biok
Urdanetatik etxera lasterka gentozela, meza nagusian izanda. Luzatu
zitzaigun, nunbait, uste baiño geiago pelotan, askotan bezela, eta
gero belar-zelaietan barrena presaka etxera, ankak burutik gora
jasoaz.
Ura ezusteko ona! An egin genuen topo ziza-sail zuri-zuriarekin.
Eiza-zakurra oillagorrari bezela geratu giñan biok. Nunbait, iñork ez
zekien ziza-leku aren berri. Ziza-lekuak aldatu egiten bait dira
batzuetan. Eta beste leku batzuk, jakiñekoak, nioen bezela.
Bada,etxera etortzeko presak alde egin ziguten, ziza-zuri sail
artara eldu giñanean. Dena zuri, metro eta erdi inguruko sailla. Izketa
aldatzea da, baiña zera gogora arazten dit: Valentziatik ia
Benidorrera iristean, an eskubi aldean ikusten dira, ba, mendiak etxe
txuriz jantziak... Bada, uraxe gogora arazten dit.
Soiñean generamatzan arropa guztiak bete genituen zizaz.
Arraiok ez badu, ez giñan otzanak iritsi etxera. Ez genuen
beranduagatik errieta jaso beldur aundirik. Ez orixe!
—Nun billatu dituzue? Eta irriparre isila.
—Leendik ba al zenekiten lekuaren berri?
—Leen, ez. Orain, bai.
Mutikoak ortik onerakoak giñan, ba, sekretuak gordetzen. Baina
arrigarria, leku artan ez genuela geiago zizarik jaso. Lekualdatu
egingo ziran akaso. Geure etxeko sailletan ere bagenituen ziza-
lekuak jakiñekoak. Intxaur-soro deitzen genion sagastiko zelaian ere,

betiko zizaleku borobilla bazan. Ziza dagoen lekuan, belar illuna


izaten da. Batzuetan, barrada luzean; baiña geienean, borobillean.
Baiña gure ziza-leku zaar aren berri, ingurumari guztiak zekiten.
Uste det denak gu baiño azkarragoak zirala.
Goazemazue orain uda eta udazkeneko perretxiku
koloredunetara.
Gogoratuta ere! Urkitxikitako pagadiko gibelurdiñak,
Txaillurretako ariztiko ziza oriak, Sagarmanetako borda aldeko
onddoak, eta guzti oietako kuletoak!
Guk ezagutzen genituen perretxiku motak, aipatu ditudan oiek
ziran. Bearbada, gure alderdian geien jaiotzen ziranak. Perretxiku fin
eta seguruak. Baita ere garbiak.
Eta dakizuena: zuaizpe denak segatzen ziran ezkero, baso
garbiak. Perretxikuak urrutira ikusten ziran. Izketa au aterata, nire
lagun batek leengoan ala esan zidan:
—Bai. Orain ere, naiko urruti ikusten dizkiagu. Arrapa ezak.

Aipatu ditudan inguru aietara belar-lanetara joaten giñanean,


atzaparkada bat edo bi perretxiku gabe ez giñan etxeratzen. Bidean
goazela eta gentozela ikusten genituenak artu eta etxera.
Gu ume koskorrak giñan garaian, bazan Plaentxi deitzen genion
aitona iar bat. Udako perretxiku-egunetan, amaika besaotarkada
perretxiku eder eramana, nioen baso oietatik. Aitona iartxo bat,
betaurrekoak, txapela txiki bat kaskoan, eskuan makilla, eta
besaotarra besoan artuta. Oso ezaguna zan gure baserrietan. Iñork
ez zion egiten errietan.
Plaentxiarra omen zan bera, eta Plaentxi deitzen ziotela. Orain,
Soraluze da erri orren izena. Bearbada, Zarautzen biziko zan.
Goizean, gu jeikitzearekin bat, gora pasatzen zan taka-taka. Eta
amarrak aldean, beera tapa-tapa, bere besoan otarkada perretxiku
zuela.
Beste oñatiar bat ere tarteka etortzen zan. Ondo zainduko zuten
perretxiku-giroa. Esan oi dan bezela, beraiek ere a zer nolako
perretxikuak!

Garai batean ez zan gaur ainbat


marisko edo marisku,
baiña zuaizpe garbi aietan
nai ainbeste perretxiku.
Arranek ezik saiatua zan
Plaentxiako Patxiku.
Ura bakarrik balitz gaitz erdi,
ta Oñatiko Txantxiku?
Aitortzen zuten: «besteenetik
biltzen onenak gatxik gu».
Ondo egiten zuten. Zer arraio egingo zuten, ba? Zegoen lekutik
artu. Jakiña, ba.
Gaur egun, perretxiku onddoari ematen zaio fama edo onenaren
izena. Baiña gibelurdiñ, ziza ori eta aietxek berdintzekorik ere... Ni ez
naiz oso jakintsua baiña.
Orain, berriz, perretxikuak aziarekin ereiten omen dituzte.
Orretarako leku bereziak prestatu eta nai dan bezelakoak, gaiñera.
Eta nai adiña. Baiña udazken aldeaa euri-jasa epelaren ondoren
goroldio artean pagopean irteten dira aien gustorik dutenik ez degu
lortuko aziarekin ereindako perretxikuetan. Lurrak ematen duen ari
laga pakean, mutillak.
Arriskua ere badu perretxikuak. Ezagutzen ez bada, ez da jan
bear. Badira perretxiku txarrak janda gaizki ibiliak. Ildakoak ere bai,
zoritxarrez. Beraz, kontu aundiz ibili bear da or.

Testua: Nikolas Zendoia


Irakurlea: Mari Paz Elorza
SAGU PRINTZESA

Bazen behin sagu familia bat, Japongo arrozadi handi-handi


batetan ongi gorderik bizi zena. Aita nahiko harroa zen eta tribuko
errege izan nahi zuenez, sagu ERREGE deitzen zioten. Bazuen alaba
bat guztiz ederra eta liraina bera, sagu printzesa. Hain zen ederra,
non bere gurasoek ez baitzioten edozeinekin jolasten uzten.
Ezkontzeko garaia etorri zitzaionean, bere aitak ez zuen edozeinekin
ezkondu nahi, noski. Sagu batekin ez behintzat. Hori inolaz ere ez!
—Aita, eta norekin ezkonduko nauzu, orduan?
—Mundu honetako pertsonaiarik indartsuenarekin ezkonduko
zaitut.
Baina, nor ote zen pertsonaia hori?
Bazuen sagu erregek osaba guztiz jakintsu bat eta harengana jo
zuen.
—Nire ustez, EGUZKIA da munduko pertsonaiarik indartsuena
eta boteretsuena. Hura gabe, arrosa bera ere ez baita heltzen. Zoaz
eguzkiaren bila!
Eta eguzkiaren bila abiatu zen, mendirik handienaren puntatik,
ortzadar baten laguntzaz. Azkenik, mendebaleko haitzuloan aurkitu
zuen lotan.
—Zer nahi duzu nigandik, anaia txikia?
—Nire alabaren eskua eskaini nahi dizut. Zurekin ezkondu nahi
nuke, mundu honetako boteretsuena zu baitzara, nire osabak esan
didanez.
—O, bihotzez eskertzen dizut. Gustura ezkonduko nintzateke
zure alabarekin baina ezin dut. HODEIA ni baino boteretsuagoa baita.
Ikus bestela, aurrean jartzen zaidanean, ezin argitu izaten dut lurra.
Zoaz hodeiaren bila!
Hori entzunik, hodeiarengana jo zuen eta lotan aurkitu zuen
hegoaldeko haitzuloan.
—Zer nahi duzu anaia txikia?
—Nire alabaren eskua eskaini nahi dizut. Zurekin ezkondu nahi
nuke, zu baitzara boteretsuena, eguzkiak esan didanez.

—O, eguzkia oker dabil. Pozik ezkonduko nintzateke baina ezin


dut. HAIZEA ni baino indartsuagoa da. Ikus bestela, hark gogor jotzen
duenean, aurrean hartu eta berak nahi duen lekura eramaten nau.
Zoaz haizearen bila!
Hitzok entzunik, haizearen bila abiatu zen zeruan zehar eta ekialdeko
haitzuloan aurkitu zuen lotan. Sartzen ikusi zuelarik, barrez galdetu
zion:
—Zer nahi duzu nigandik, anaia txikia?
—Nire alabaren eskua eskaini nahi dizut. Zurekin ezkondu nahi
nuke, zu baitzara boteretsuena hodeiak esan didanez.
—O, ez naiz ni indartsuena. Hodeia oker dabil. Gizonek egin
duten horma ni baino indartsuagoa da, zeren nik, neure indar guztiz
ere ezin baitut bota. Zoaz HORMAREN bila!
Eta han joan zen sagu errege gizonek egindako hormaren bila.
Eta arrozadi hertzean aurkitu zuen.
—Zer nahi duzu nigandik, anaia txikia?
—Nire alabaren eskua eskaini nahi dizut. Zurekin ezkondu nahi
nuke, zu baitzara mundu honetako indartsuena, haizeak esan
didanez.
—O, haizeak ez daki zer esaten duen!! Haitzuloan bizi den sagu
grisa ni baino indartsuagoa da. Bere hortz txiki eta zorrotzez, koska
eta koska, nire adreilu denak ia-ia jan ditu eta martxa honetan laster
botako nau lurrera. Zoaz SAGU GRISAREN bila!
Eta ibilaldi hauek guztiak egin ondoren, sagu erregek, azkenik,
bere gogoz kontra baina, beste sagu batekin ezkondu behar izan
zuen bere alaba.
Eta ez uste hau asko tristetu zenik! Aspalditxotik ezagutzen
zuten elkar eta behin baino gehiagotan elkar ikusi ere bai, aitaren
ezkutuan.

Testua: Ezezaguna
Irakurlea: Ana Martinez
TIBET-EKO IPUIN BAT

Aita batek, honela esan zion semeari: “Seme, laster hilko naiz.
Eraman ezazu neure urrea zure etxera. Zuretzat da. Baina, entzun,
ez zaitez inorekin fida”
Aitak, Sonam bere semeak, emandako aholkua aintzat hartuko
zuela uste zuen. Sonamek, ordea, Tamchu izeneko lagun handia
zuen. Txikitan elkarrekin ibili ziren eskolan, eta arratsaldero
elkarrekin aritu izan ziren jolasean. Tamchu alboko herrixka batean
bizi zen emazte eta bi aurrekin.
Egun batez, Sonamek, erromesaldi bat egitea erabaki zuen.
Abiatzera zihoala honela pentsatu zuen: “Aita bizirik zegoenean,
inorekin ez fidatzeko aholkua eman zidan”. Tamchu bere laguna,
ordea, aholkutik kanpo geratzen zela pentsatu zuen; aholkua ez
zegokiola berari. Honela, urrezko pipitaz betetako bi poltsak
lagunaren etxera eraman zituen eta esan zion: “Tamchu, mesedez,
kanpoan nagoen bitartean, gordeidazu urrea. Aita hil zenean utzi
zidan urrea duzu”.
Eta Tamchuk erantzun zion:”Jakina, kontu handiz zainduko dut
zure urrea, eta erromesalditik itzultzen zarenean, hementxe izango
duzu. Ez kezkatu. Lagun onak gara”.
Horrela, urte bete iragan zen eta Sonam erromesalditik itzuli
zen. Tamchuren etxera joan eta: “Tamchu, itzuliko didazu nire
urrea?”, galdetu zion.
“Ene, sentitzen dut, Sonam; hau da zoritxarra, hau da
zorigaiztoa! Urrea hondar bihurtu da!”, erantzun zion Tamchuk,
lagunari harridura aurpegiz begiratuz. Sonam, ordea, lagunak
honelako istorio bitxia kontatu arren, ez zen harritu. Une batez isilik
egon
ondotik, ezan zuen: “ongi da, Tamchu, ez arduratu; ahal duzuna egin
duzu nire urrea zaintzeko”.
Bi lagunek elkarrekin bazkaldu zuten. Urrearen galera zeharo
ahaztu zutela zirudien. Iluntzean, honela esan zion Sonamek
Tamchuri: “Tamchu, familiarik ez dudanez, hilabete batzuetan zure
haurrak zaindu nahi nituzke. Janari ona eta arropa eman nahi nieke.
Pozik egonen lirateke nire etxean”.
“Arras ideia ona izan duzu Sonam”, esan zuen Tamchuk, eta
berekiko pentsatu zuen: nire eskuetan urre guztia galdu badu ere,
nire haurrak zaindu nahi ditu. Benetan

lagun ona da. Eta erantzun zion: “jakina, Sonam. Nahi adina
denboraz eduki ditzakezu nire semeak”.
Sonamek haurrak bere etxera eraman zituen eta arras ongi
zaindu. Baina bi tximino erosi zituen eta haurren izenak jarri zizkien.
Hurrengo egunetan tximinoei,”Tendzin, hator hona”
esaterakoan, tximino handiena beregana, eta “Rhupten, hator hona”
esaterakoan, tximino gazteena beregana joan zitezen erakutsi zien.
Tximinoek berehala ulertu eta aise ikasi zuten.
Tamchu semeak ikustera joan zenean, Sonam goibel agertu
zitzaion eta esan zion: “ene, barkatu, hau da zoritxarra, hau da
zorigaiztoa! Zure semeak tximino bilakatu dira!”.
Tamchu zeharo tristetu zen eta semeen izenak esan zituen.
Supituan, bi tximinoak lasterka hurbildu zitzaizkion. Tamchuri eskutik
heldu eta, haur txikien gisan, dantzan hasi zitzaizkion. Tamchu arras
penatuta zegoen eta lagunari galdetu zion: “Sonam, zer egiten ahal
dugu? Nola bihurtzen ahal ditugu tximino hauek berriz nire seme?”.
Sonam pentsakor egon zen une batez eta erantzun zion: “Erraza
da, baina horretarako urre asko behar da”.
“Zenbat urre?”, galdetu zion Tamchuk.
“Bi poltsa urre pipita gutxienez”.
“Ahal bezain laster ekarriko ditut urre poltsak”, esan zion
Tamchuk, eta etxerantz korrika irten zen.
Beranduago, itzuli eta urrea Sonam lagunari eman zion.
Sonamek hartu eta goiko solairura igo zen. Handik pixka batera jaitsi
zen.
“Hemen dituzu, Tamchu. Tximinoak berriro gizaki bilakatu ditut,
zure seme”.
Tamchuk pozez zoratzen berreskuratu zituen semeak, baina
errezeluz begiratu zion Sonami. Segidan, bi lagunak algaraka hasi
ziren.

Testua: Amaia Elosegi/Esther Mugertza


Irakurlea: Xabier Agirre
TXALOAK JO BEHARRA

Zinera sarri. Baina butaketara gutxitan joaten nintzen ni


gaztetxotan. Jeneralera beti, “oilategira” edo “zorritegira”, boltsan
kakauesak, gaztaina erreak, saladillak edo holako zeozer hartuta.
Inoiz inoiz butaketara ere joan nintzen, ni baino modu
handiagoko beste norbaitegaz joanda. Eta “Gobernadore jauna”
butaka baten goienean idatzirik ikusi ere egin nuen, zine baten baino
geiagotan. Zine guztietan egoten ei zen aparteko butaka bat
gobernadorearentzat.
Aldi haretan, Franco izan zenaren diktadurapean, Bilboko
gobernadorerik zinera joaten zen ala ez, hori ez dakit.
Dana dala, egun baten, bat behinik behin, joan ei zen.
Gobernadore onen bat zen antza. Oso ona, esaten ebenetik.
Burukomin handia emoten ei eutson gizarte arazoak, ta horren
arduratan egoten ei zen beti. Lantegietara bertara ere sarritan joaten
ei zen langileak ikustera, haiekaz berba egitera, haiei hitzaldiak
emotera.
—Herriak haintzat eta ontzat hartzen nauela dirudi, ezta? —
galdetzen eutsen, behin eta barriro, bere zerbitzari “leialei”.
—Bai. Oso pozik. Dudarik gabe. Oso pozik dago herria
berorregaz. Ez dela inoiz ere berori lakorik egon hemen esaten dabe.
Oso pozik dagoz danak. Oso pozik, bai —erantzuten eutsen beti
haiek.
Halan eta guztiz ere, duda-mudatan egoten zen. Eta berak
beratara jakin nahi eban norainoko heltzen zen bere herritartasuna.
Berak beratara eta herriaren beraren ahotik entzun gura eban bere
agintaritzari buruzko eritxia.
Horrexegatik, egun baten, inori ezer esan barik, sudurpean
guzurrezko bigote handi bat jarri, betaurreko beltz batzuk ipini,
langileek erabiltzen zituzten antzeko fraka, jertsei eta arkondara bat
jantzi, fumetako papela, posporoak eta koarteroi bat erosi, ta hor doa
“gure gobernadore hori” kalerik kale eta tabernarik taberna, jente
artera, herritarrekin egotera.
Batera eta bestera, ibili eta ibili egin ondoren, nekatu egin zen
eta zine batera sartu.

Ba ekian han aparteko bukata bat egoena beretzat. Ba ekian


sarrera txartel barik sartu eitekeena. Baina, beste edozein bezala,
kolan egon eta gero sartu zen.
Akomodadoreari pezeta bat eman eutson erdi ilunetan. Behera
jausi zela uste zuen dirua, baina akomodadoreak “eskerrik asko”
esan eutsonean konturatu zen bere lekura jausi zela,
akomodadorearen “eskuko kazura”.
Baztertxo baten jarri zen.
Beterik egoan zinea. NODO ikusten orduantxe. Eta, bat batean,
non agertzen den gobernadorea bera NODOan, langile talde handi
bati hitzaldi gartsu bat egiten.
Txaloka hasi ziren berehalaxe zinean egozen guztiak.
Gobernadorea bera ez, jakina. Baina saltuka hasi jakon bihotza bere
herritartasuna bere begi eta belarriz ikusi eta entzunik. Eztitan
egoen.
Halakoren baten, alboan eukan gizonak ukondoaz jo eban.
—Zer? —galdetu eutson gobernadoreak.
—Zergatik zagoz txalorik jo barik? Kartzelara joatea nahi dozu
ala?

Testua: Mikel Zarate, “Bilbo irribarrez”


Irakurlea: Nieves Onaindia
ZERGATIK LO EGIN?

Neurobiologoek, laborategiko arratoiak apropos esna


mantentzen dituztenean, ikusten dute haien osasunak berehala
egiten duela okerrera. Argaltzen hasten dira, gorputzeko tenperatura
mantentzeko ahalmena galtzen dute, inmunitate-sistemak arazoak
ematen ditu eta infekzioak ugaritzen dira. Azkenean, 20 egunean
arratoiak hil egiten dira insomnioak jota, hain zuen ere, gosez
hiltzeko behar duten denbora berean.

Lo egitea, beraz, ez da gorputzaren gutizia; organismoak behar-


beharrezkoa du bizirik irauteko. Berrogeita hamar urte daramate
neuro-zientzialariek, fisiologoek, zoologoek eta psikologoek loak
benetan zer funtzio duen aztertzen, eta oraindik ez dute argitu.

Zalantzak zalantza, argi dagoena da loa garunarentzat dela.


Izan ere, animaliek lo egiten dute, baina ez landareek. Eta animalion
beste organoek ere ez dute 'lorik' egiten: ez birikek, ez gibelak, ez
beste organoek.

Lo gauden bitartean tasa metabolikoa % 15 baino ez da


murrizten esna eta geldirik gauden unearekin alderatuta. Hortaz, lo
gaudenean irabazten dugun energia hori zertxobait gehiago janez
berreskura genezake, gure bizitzako 25 urte inguru lo eman beharrik
gabe. Fenomeno konplexuagoa izan behar du loak halabeharrez;
eboluzioan zehar ere animalia-espezie guztiek mantendu baitute.

Hipotesi berriagoek diote loa ikaste-prozesuarekin lotuta


dagoela. Txorikumeek, esaterako, kantuan ikasten ari direnean,
garuneko gune jakin batzuk aktibatzen dituzte. Bada, lo daudenean
ere, aktibazio neuronalaren patroi hori bera errepikatzen dute:
egunean zehar erabilitako eremuak aktibatzen dira berriz ere
garunean, nahiz eta gauez ez duten inolako soinurik sortzen txoriek.
Kantuan ari direla amets egingo balute bezala da.

Fenomeno bera ikusi da edozein ekintza berri ikasten ari diren


beste animaliaespeziekin ere: gauean 'birgogoratu' egiten dute. Hori
dela eta, zientzialari askok uste du lo-garaia memoria finkatzeko
garaia dela, egunez ikasi dena finkatzekoa.

Egunez, gure begiek zerbait ikusten dutenean, gure belarriek


zerbait entzuten dutenean edo gure sudurrak zerbait usaintzen
duenean, neuronek jasotzen eta eramaten dute garuneraino
informazio hori. Eta, hain zuzen ere, informazioa neurona batetik
bestera transmititu behar denez, neuronen arteko loturak -sinapsiak-
dira informazioa trukatzearen giltzarria. Beraz, badirudi lotan
gaudenean esna gaudenean sortutako neurona-loturak berraztertu,
eta baliagarriak direnak gorde eta gaizki eratutakoak desegin egiten
direla.

Testua: Ezezaguna
Irakurlea: Maribi Urkola
YANOMAMIAK

Yanomamiak 20.000 pertsona inguruko herri bat dira, eta


Amazonas ibaiaren ertzetan, Hegoamerikan, ekuatoretik gertu bizi
dira, oso tenperatura altuekin eta euri ugariekin; hori dela eta, oso
landaretza oparoa da han: oihana.
Bizimodua, baratzetan platanoak,
tapioka, patata eta horrelako produktuak
landatzetik ateratzen dute, bai eta beste
landare batzuetatik ere. Hauek sendabelar
gisa edo gauzak egiteko erabiltzen dituzte.
Ehizan, arrantzan eta eztia eta fruta
makatzak biltzen ere aritzen dira. Lan horretan ez dute lau ordu
baino gehiago ematen egunean.
Leku batera iristean etxe handi bat eraikitzen dute, yano
izenekoa, plaza biribil handi batekin.
Lur lauetan egiten dute hori, ibairen batetik gertu, eta enborrak
eta palma elkartuak erabiltzen dituzte. Yanoetan 25 lagunetik 200era
bitarte bizi izaten dira, eta familia bakoitzak leku txiki bat izaten du,
hamakak biribilean jarrita. Lotarako hamakez gainera, egurra,
saskiak, kalabazak, arkuak eta geziak besterik ez dituzte erabiltzen.
Azkenaldian altzairuzko erremintak, aluminiozko lapikoak eta
poxpoluak ere erabiltzen hasi dira. Arropa bakarra gerripekoa izaten
dute.
Andreak etxe-garbiketaz, haurrak zaintzeaz eta
nekazaritza-lanez arduratzen dira. Gizonak ehizan eta arrantzan
aritzen dira, baina inoiz ez dute gordetzen harrapatutakoa:
erregalatu egiten dute. Lurra agortu eta gehiago ematen ez
duenean, hamar bat urteren ondoren edo, beste norabait aldatzen
dira, beste yano bat eraiki eta baratza berriak sortzen dituzte.
Komunitate bakoitzak buruzagi bat du; arreba edo alaba gehien
dituen gizona izan ohi da; beste guztiek harreman onetan egon nahi
izaten dute harekin, andregaia izateko. Buruzagiek aholkuak eman
besterik ez dute egiten. Emakumeek eragin handia dute herriko
erabakietan.

Gurasoak asko arduratzen dira seme-alabez. Hazi ahala,


nagusiek egiten dutenari begira egoten dira, nagusiekin batera
ibiltzen, edota jolasean. Jaiotzatik animalia edo landare baten kide
egiten dituzte, eta hari min egiten bazaio, berak ere gaixotu egingo
direla uste dute. Sinesten dute badirela izpiritu onak eta izpiritu
gaiztoak. Onek gaixotasunak sendatzen laguntzen diete, eta gaiztoak
kantu eta dantzen bidez baretzen dituzte.
Dibertitzeko, gorputza margoz, lorez, lumaz, hostoz eta abarrez
apaintzen dute. lraintzat daukate elkarri beren izenez deitzea, eta
haurrekin duten senidetzaren bitartez aipatzen dute elkar.
Oso etsai eta uzkur ageri ohi dira beste komunitate batzuekin,
baina noizean behin lagun dituzten herrixketakoekin biltzen dira, eta
hainbat egun irauten duten jaiak antolatzen dituzte; kantuan eta
dantzan egin, balentriak kontatu eta albisteak, esamesak eta opariak
trukatzen dituzte.
Azkenaldian urre-bilatzaileek yanomami asko hil dituzte.
Gainera, bilatzaileok eta inguru haiek begiratzen dituzten militarrek
gaixotasun asko eraman dizkiete; haiek horretarako prestaturik egon
ez, eta asko eta asko hil egiten dira.

Testua: Ezezaguna
Irakuerlea: Gurutze Alcelay
aurkibidea
Testu laburrak

TESTUA AUTOREA IRAKURLEA OR


R
Agurra M. C. Garmendia Itziar Otaño
Altzairua hainbat formatan Elhuyar Xabier 3
Amona Agata Kristof Galarraga 4
Ardia eta belarra Joxe Arratibel Txaro Navarro 5
Artizarra: izarra ala planeta? Elhuyar Augusto Ugalde 6
Espazioko zaborra gero eta Elhuyar Jon Kortabarria 7
ugariago Kirmen Uribe Amaia Iraola 8
Eskalea Ezezaguna Maribi Urkola 9
Ez dagi jakiterik Ezezaguna Pako Eizagirre 10
Gizon beltzak, zuriak eta... Kirmen Uribe Pako Eizagirre 11
Lehena Kirmen Uribe Jose Mari Arnal 12
Madarikazioa Andu Lertxundi Miren 13
Maritxu Bernardo Ormazabal 14
Markak- Gernika 1937 Atxaga Pako Eizagirre 15
Merkurio eta bere Elhuyar Jon Kortabarria 16
arraildurak Kirmen Uribe Xabier 17
Medikuntza eta literatura Andu Lertxundi Galarraga 18
Neska bat ezkontza jantzian Nikolas Zendoia Josune Uribe- 19
Perretxikuak eta etxeko Patxi Etxebarria 20
katua Zubizarreta Pako Eizagirre 21
Patxi Zubizarreta Elhuyar M. Paz Elortza 22
Saguzarrak eta pertsona Mikel Zarate Raul Lopez de 23
Munain
itsuak Txomin Agirre 24
Mari Jose
Txikito baten balioa Kirmen Uribe 25
Uranga
Urkiolara Elhuyar
Saguak mendiari Jon eta Pako
X izpien tresna Karmele Igartua
Txaro Navarro
Gurutze Alcelay
Testu luzeak

TESTUA AUTOREA IRAKURLEA ORRIA


L
Ai Kajiyama-ren aitona Ipuin Txaro Navarro
Animaliak japoniarra Itziar Garmendia 28
Atxuriko miraria Ezezaguna J. Ramon Arbe 29
Eguraldia Mikel Zarate Pako Eizagirre 31
Gauero aterako Andoni Egaña Maribi Urkola 33
nintzateke Bernardo Itziar Garmendia 35
Haurtzaroaren negarra Atxaga Itziar Garmendia 38
Hau pasada bat da Pako Aristi Bego Akizu 39
Irratiaren jabea Arantxa Iturbe Pako Eizagirre 41
Joanes artzaina Joseba Ane Zeziaga 43
Laponia Sarrionandia Raul Lopez de 45
Merkatari aberatsaren Txomin Agirre Munain 47
morroia Ezezaguna Pako Eizagirre 50
Nirea ttikia da Bernardo Ana Marañon 53
Ohezaletasuna Atxaga M. Paz Elortza 55
Perretxikuak A. Kazabon Ana Martinez 58
Sagu Printzesa Egin egunkaria Xabier Agirre 60
Tibet-eko ipuin bat Nikolas Nieves Onaindia 62
Txaloak jo beharra Zendoia Maribi Urkola 64
Zergatik lo egin Ezezaguna Gurutze Alcelay 66
Yanomamiak Ipuin tibetarra
Mikel Zarate
Ezezaguna
Ezezaguna

También podría gustarte