Está en la página 1de 2

Herritarren parte-hartzea eta boteretzea bultzatzeko gakoak

UDA
Aurrebaldintzak
Prozesua abiatzean garrantzitsua da, batetik, udalak parte hartzeko irizpideak argitzea (borondatea, gardentasuna, irekitasuna...) eta, bestetik, udalaren eskumena noraino iristen den zehaztea. Izan ere, legeak berak mugak jartzen dituela ikusi dugu eta, ondorioz, azken erabakia ez da herritarrena, udalbatzarena baizik. Frustrazioak ekidite aldera, mugak eta irizpideak hasieratik argitu behar dira.

UDABERRIA
Aurrebaldintzak
*Gardentasuna: herritarrekin gertutasuna eta konfiantza sortzeko baldintzak landu behar dira. *Informazioa: informazioa zabaltzeko guneak sortzea beharrezkoa da. Gune fisikoez ari gara, aurrez aurre informazioa eman eta iritziak jasotzeko aukera ematen dutenak, baina baita teknologia berriak ahalbidetzen dituzten gune digitalez ere.

GAZTELANIAZKO TALDEA
Aurrebaldintzak
*Partaidetzazko prozesuak abiatu aurretik hainbat baldintza landu behar dira: elkarrenganako errespetua, gardentasuna, informazioa ematea

Prozesuari lotutakoak
*Teoriatik praktikara pasatu behar dugu, eta praktikak irakatsiko digu bidea zein den. *Helburua errealitatea eraldatzea da, errealitate berri bat eraikitzea, eta, horretarako, ezinbesteko abiapuntua edo oinarria da ilusioa eta motibazioa izatea. Horixe da eraldaketarako motorra. *Parte hartzeko prozesuak irekiak eta integralak izan behar dute, eta eragile/kolektibo ezberdinak kontuan hartu: ordezkari politikoak, udal-teknikariak, eragile ekonomikoak, eragile sozialak, herritar ez antolatuak *Prozesuan sortzen diren gatazken aurrean, funtsezkoa da gure jarrera: gatazkak, ekidin ordez, errealitatea eraldatzeko eta hobetzeko aukera moduan ulertu behar ditugu. *Etengabeko komunikazioa zaindu behar da: - Hasieratik espektatibak garbi utzi behar dira, espektatiba faltsurik ez sortzeko, edo espektatiba altuegirik ez eragiteko; bestela frustrazioak sortuko dira. - Erritmoak ere kontuan hartu behar ditugu eta horien berri eman. Parte hartzeko prozesuek erritmo geldoagoa eskatzen dute, emaitzak ez dira hain azkar ikusten, ez dugu presarik izan behar. Lau urtean behiago hauteskundeek espektatibetan eta erritmoetan eragin nahi izatea dakarte askotan, baina ezin dugu prozesua bortxatu. - Emaitzak zaindu behar ditugu. Garrantzitsua da emaitzak lortzea eta ikustea, baina, era berean, emaitzak kontrolatzeko ohiko bulkada ere zaindu egin behar dugu, prozesuari bide egiten uzteko. *Udalak rola aldatu egin behar du. Lana herritarren borondatea eta erabakiak egikaritzea izan behar da, baliabideak eskaintzea, bidea erraztea *Kontzeptuek errealitatea islatzen dute sarri eta, agian, kultura berri bat sortzeak kontzeptuak aldatzea ere eskatzen du. Esate baterako, gaztelaniaz funcionario hitza erabiltzen dugu; euren lana gauzak funtziona dezaten bermatzea esan nahi du horrek. Taldean honako proposamena egin dugu: funcionario hitzaren ordez, transformario hitza erabiltzen hastea. Euskaraz, berriz, funtzionarioak herri-langileak dira, eta agian termino hori berreskuratu eta zabaldu behar dugu. *Parte-hartzea udalean bertan ere txertatu behar da, udaleko langileen artean. Herria eraldatzeko ezinbestekoa da udalen kudeaketa-eredua ere aldatzea. *Herritar izaten ikasi behar dugu, horrek dakartzan inplikazio guztiekin. Parte hartzeko kultura berriak herritartasunaren kontzepzio berri bat dakar, eta herritarrok hori integratu behar dugu, eta geure burua subjektu aktibo gisa definitu.

Prozesuari lotutakoak
*Parte-hartzea ezin da sail edo arlo mugatu baten modura landu. Izan ere, udaletan badago joera gai bakoitzeko arduraduna eta batzordea izendatzeko eta gai isolatu moduan lantzeko. Parte-hartzea, ordea, zeharkako gaia da eta izaera horrekin landu beharko litzateke. Horrek esan nahi du, arlo guztietan izan behar dela kontuan eta denei eragiten diela. Herritarrak parte hartzera bultzatzen hasi baino ez dute egin udalek; ondorioz, hasieran behintzat egoki irizten diogu arduradunak izendatzeari. Hau da, gaia presente izango duten pertsonek/lantaldeek jardutea, eragindakoek parte-hartzea zer den barneratu arte. *Egindakotik ikasi eta elkar elikatzeko, udalen arteko harremansarea osatzea interesgarri iruditzen zaigu. Esperimentazio-fasean gaude, ez dago errezetarik ez formula magikorik. Horrenbestez, udalek martxan jartzen dituzten parte hartzeko esperientziak elkarri kontatzeko eta horietatik ikasteko gunea sortzea egokia litzateke. *Orain arteko esperientzia gehienetan parte-hartzea modu klasikoan bideratu dugu, batez ere, bilera formatuan. Prozesu horietan, gainera, herritar-talde batzuk erakartzeko zailtasunak detektatu ditugu, besteak beste, gazteak. Beraz, beharrezkoa iruditzen zaigu parte hartzeko modu berriak pentsatzea eta praktikan jartzea, eta eginkizun horretan gogoan izan behar ditugu teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak. *Garrantzitsua da, era berean, herritarrekin egiten diren parte hartzeko prozesuak erabakiak hartzeko gune izatea; gune horietan egiten duten lana baliagarria dela sentitzea herritarrek. *Bestalde, parte-hartzea bultzatzeko zailtasunak eta oztopoak egon badaudenez, borondate eta konpromiso politikoa dira gakoak. Nahi izanez gero, bidea topatu egiten da. Era berean, ezin dugu ahaztu teknikarien garrantzia, teknikarien parte-hartzea eta inplikazioa beharrezkoak baitira parte hartzeko prozesuak garatzeko. *Parte hartzeko prozesu bat garatzean, garrantzitsua da prozesuaren helburuak argi zehaztea, prozesuan parte hartuko duten guztiek (udal-ordezkariek, teknikariek eta herritarrek) horren berri izan dezaten eta ez dadin espektatiba okerrik sortu.

Prozesuari lotutakoak
*Udalak 'erraztatzaile' lana egin behar du, eta baliabideak jarri herritarrekin sorturiko espazioa benetan erabakitzeko gunea izan dadin. Espazio horretan berdintasuna izango da nagusi harremanetan. Hau da, teknikariak, politikariak eta herritarrak maila berean eta leku berean bilduko dituen partaidetzazko gunea izan behar du. Ikuspegi desberdinak maila berean jarrita. *Subjektua herritarra da eta horren nahiak, interesak, beharrak, kezkak... daude prozesuaren oinarrian. Alegia, prozesuak behetik gorakoa izan behar du. Horretarako, herria ezagutu behar dugu: herriko eragileak, antolatutako sektoreak nahiz itxuraz antolatu gabeak, norbanakoak... eta horien beharrez jabetu. *Prozesuari berari eman behar diogu balioa, eta ez hainbeste emaitzari. Izan ere, partaidetzazko prozesuan zehar ikasi egiten dugu eta bidea eraikitzen goaz. Eta bide batez, elkarren artean harremanetan jartzen eta lan egiteko modu berriak sortzen. Emaitza, berriz, sarri ez da berehalakoa izaten eta pazientzia eskatzen du; dena dela, bidea landuz gero, emaitza berez etorri ohi da. *Konpromiso politikoa borondate hutsetik harago doa. Prozesuaren sinesgarritasuna bermatzeko, borondate politikoa baino gehiago behar dugu: konpromisoa. *Etengabeko komunikazioa ezinbestekoa da. Informazioa garrantzitsua da, baina parte hartzeko prozesuek pauso bat gehiago egitea eskatzen dute: bi norabideko komunikazioa bermatu behar dute, feed-backa egotea. Ez gara informazioa ematera mugatuko: eman eta jaso egingo dugu.

Herritarren parte-hartzea eta boteretzea bultzatzeko gakoak

UDAZKENA
Adierazpen grafikoa egitea erabaki du taldeak eta gakoak azaltzeko talo itxurako irudiak erabili ditugu. Talo horien tamainak eta kokapenak esanguratsuak dira. Taldean adostasun handiena izan duen gakoa sinesgarritasuna izan da. Gako horrekin lotura handia du komunikazioak, eta garrantzi-maila ia berdina. Komunikazioa norabide bikoa izan behar da eta agente guztien artekoa (arduradun politikoak, herritarrak, udal-teknikariak, eragileak, elkarteak, enpresak). Sinesgarritasunarekin lotura handia du, era berean, erabakitzeko ahalmenak. Izan ere, ezinbestekotzat jotzen da elementu hori. Era berean, bai sinesgarritasunarekin bai komunikazioarekin lotura du jarrerak lantzeak. Izan ere, adostutako baloreetan oinarritutako jarrera irekia beharko lukete agente guztiek proiektuak aurrera ateratzeko. Herrigintza bultzatzea ere adostutako gakoetako bat izan da, auzolanerako oinarrietako bat dela iritzi baitiogu. Eta bukatzeko, parte-hartzearen inguruko formazioa jasotzea ere komenigarria dela iritzi diogu.

NEGUA
Aurrebaldintzak
*Parte-hartzea nola ulertzen dugun adostu: gobernu-taldeak edo, oro har, erabaki-ahalmena izango dutenek eta bideratzeko "mandatua" dutenek taldean adostu behar dute parte-hartzeari dagokionez, zein bide hartu nahi duten eta, bide hori hartuz gero, nola erantzungo duten. Elkarrekin jardun behar dute, konbentzimenduz. *Kultura-aldaketa: beharrezkoa da, gaur egun jendartearen ezaugarriak eta interakzioak hauek direlako: - ni/norbanakoa/eskubideak vs. zu/norbanakoa/betebeharrak. - emaitzak berehala behar ditugu, bestela hustu egiten gara. - aurrez eginiko guztia desbalorizatu ohi dugu eta dena berriz zerotik hasteko joera dugu. Ontzat ematen badugu berez herritarrek badutela parte hartzeko nahia eta jakin denok dakigula (ez soilik teknikariek edo adituek), erabakitzeko partaidetzazko prozesuak abiarazteko ezinbestekoa izango da parte hartzeko kultura garatzea. Horretarako, hezkuntza eta trebakuntza izango dira gakoak. *Berdinen arteko harremanak bultzatu behar dira, denok dugu-eta emateko asko! Orain arte bezala, harremanak hierarkizatzen jarraitzen badugu, parte-hartzea ez da behar bezalakoa izango.

Prozesuari lotutakoak Herrigintza bultzatea Erabakitzeko ahalmena Sinesgarritasuna -Arduradun politikoak -Herritarrak -Teknikariak Komunikazioa Politikariak Teknikariak Herritarrak ... Formazioa tresna bezala
*Informazioa-komunikazioa: udala herrira atera behar da, herritarrak berarengana etortzeko zain egon gabe. Udal barruko berriak emateaz gain, herriko eta herritarren berriak jaso behar ditu; komunikazioa alde anitzekoa izango da, alegia. Horrekin lortuko dugu parte-hartzaileak informatzea (zuzenean parte hartzen ez dutenak ere bai); entzuten diegula sentiaraztea (feed-backa); sinesgarritasuna, konfiantza, gardentasuna eta gertutasuna garatzea... *Ekimena: prozesuak lehenbailehen abiatu behar dira, beldurrak uxatzeko modurik onena ekitea baita, martxan jartzea. Prozesu txiki batekin has gintezke, baina hasi, pausoak eman. Bideak berak erakutsiko digu zein den hurrengo urratsa eta ikasiko dugu. *Oinarri sozial zabala batu: sentsibilitate politiko zehatz bateko jendeak baino gehiagok parte har dezaten lan egingo dugu. Taldeetan antolatuta dauden herritarrez gain, antolatuta ez dauden norbanakoengana iristeari garrantzia emango diogu eta, horretarako, baliabideak jarriko ditugu. *Herritar nortasuna indartu: herritarren aldetik parte hartzeko eta inplikatzeko egon daitezkeen erresistentziak gainditzeko, herritar nortasuna azpimarratzeko eta balioa emateko lan egin behar da. *Parte eman: parte-hartzea sustatzeko eta parte hartzeko kultura sortzen laguntzeko, parte ematen ikasi behar da, partekatzen eta ondo komunikatzen, etengabe besteen lekuan jarriz eta informazioaren kudeaketa pedagogikoa eginez.

Jarrerak lantzea

Emaitzekin lotutakoak: mugarriak bistaratu


Emaitzak ikusaraztea, aurrera egiten dugula antzematea garrantzitsua da. Mugarriak jarri eta urratsak egiten ari garela bizitzea, sentitzea eta jabetzea ezinbestekoa da, bestela etsipena sor baitaiteke.

También podría gustarte