Está en la página 1de 2

BUSTURIAKO HERRITARREI ETA ALKATE JAUNARI ERRESPETU OSOZ.

“BUSTURIALDEAN LAN ETA BIZI” ekimenean parte hartzen dugun EHNE, ELA,
LAB, BUSTURIALDEKO EZKER ABERTZALEA, GERNIKA-LUMOKO
EKOLOGI TAILERRA, ZAIN DEZAGUN URDAIBAI, IEUP! GAZTE
ASANBLADA eta ARALAR, gizarte eragileok, BUSTURIAko Alkate Jaunari eta
bertako herritarrei, errespetu osoz, gutun ireki hau helarazi nahiko genieke:

1.- Balorazioa egin aurretik datu pare bat:


1.1.- Busturiako EAJ-PNV-ko zuzendaritzak zera plazaratu du: “Uztailearen 4ean
Izpilueta zelaian Ezker Abertzaleak antolaturiko ekitaldi bat ospatu zen”, “erakunde
pribatu batek antolatua”. “Jaian udaletxeari dagozkion ohizko baliabideak erabili ziren,
hala nola, txosna, eskenatoki, mahaiak, bailak…”, “Udaletxeko langileak beraientzat lan
egin dute alde batera utziz euren kontratuaren araberako zereginak”. Eta zera
ondorioztatzen du: alde batetik, “interes pribatuen onurarako baliabide eta ondare
publikoen erabilpenak izen bat duela: ONDARE ETA BALIABIDE PUBLIKOEN
ZAHUTZEA”. Eta bestetik, “Ezker Abertzalekoa den Alkateak ondare eta baliabide
publikoak HELBURU PRIBATUETARAKO erabili dituela”. Era berean, partidu
horretako zinegotziak salaketaren ildo beretik galdera pare bateri erantzutea eskatzen
dio Alkate Jaunari.

1.2.- Suposatzen dugu jeltzaleen zuzendaritza uztailaren 4ean, hain zuzen, Axpeko
Izpiluetan egindako “BUSTURIALDEAREN ALDEKO EGUNAREN” gainean ari
dela.
- EGUNA gutun hau izenpetzen dugunok antolatu genuela, edozeinentzat argi
zegoen: hedabide gehienak, interneteko sareak, esku orriak eta hainbat kale, bide
eta bazterretan jarritako iragarkiak azaltzen zuten bezala.
Hona hemen, memoria apur bat freskatzeko, EGUNAren susterrak:
• Martxoaren 27an, oraindik erantzun gabeko gutun bana igorri
ondoren Lehendakariari eta Bizkaiko Ahaldun Nagusiari, apirilean
“Busturialdean Lan eta Bizi” ekimenak “BUSTURIALDEAREN
ALDEKO ALDARRIKAPENA” plazaratu zuen.
• Segidan, Aldarrikapenari hainbat gizarte eragile eta nor banokoek
atxikitzen hasi ziren: Busturiako hainbat talde ez ezik, eskualdeko
enpresetako komite gehienak, beste sindikatu batzuk (UGT, Stee-
Eilas, Esk), kultura, ekonomia, politika, kirol, ekologista, emakume,
musika, auzo elkarteak, … Azkenean, 70 gizarte eragile baino
gehiago eta faceboken bidez beste norbanako 1.000 baino
atxikimendu gehiago lortu ziren (ikus: www.lanetabizi.info).
• Maiatzaren 27an asanblada ireki bat egin zen Gernikan ordu arte
atxiki zuten taldeekin. Bertan erabaki zen, hedabideetan agertu bezala,
“eskualdeko egoera kritikoa eta instituzioetatik dagoen parte
hartzerako itxikeria ikusita, Busturialdearen Aldeko
Aldarrikapenarekin bat egiten dugun eragile guztiok
BUSTURIALDEAREN ALDEKO EGUNA deitzen dugu datorren
uztailaren 4an”.
- Txosna, mahaiak, aulkiak,…Bermeo eta Gernika-Lumoko udalak zabaltasunez
utzitakoak ziren.
- Busturiako Alkate Jaunak, bere aldetik, ontzat hartu zuen antolatzaile
batzordeak eginiko tokiaren eskakizuna. Eskenatokia eta bere muntaia Udalaren
eskaintza zen, herri eta eskualdearen onerako gaiaren orokortasunaz jabetuta.

2.- Balorazioa.

Guztiokin konpartitu nahiko genituzke, labur bilduta, geure artean egindako balorazioa.
- Errealitateak zerikusi gutxi du Busturiako jeltzaleen zuzendaritzak
esandakoarekin. Nor banako batzuk ez enteratzea nortzuk eta zertarako antolatu
genuen Axpeko “Busturialdearen aldeko EGUNA”, normaltzat hartzekoa
litzake. Baina, era berean, oso saila egiten da ulertzen herrian eta kasu honetan
eskualdean murgiltzen den partidu politiko batek honetaz ez enteratzea.
- Ekimen honen barruan mugitzen ari garen gizarte eragileok eta atxiki diren
guztiak, eskualdeko aniztasunaren gehiengo sozial bat osatu eta ordezkatzen
dugulakoan gaude, eskualdeko egoera kritiko hau gainditzeko eta lanpostuak
lortzeko asmoz.
- Ekimena beraz, interes publiko orokorra du helburu, berdin da talde batek edo
anitzek bultzatutakoa bada ere.
- Partidu horrek, bere ez jakintasunarengatik, behar bada, iraindu egin gaitu
guztiok, Busturiako herritar eta bertako taldeak, eskualdeko hainbat eta hainbat
gizarte eragile, Bermeo eta Gernika-Lumoko udala eta, jakina, bereziki
Busturiako Alkatea.
- Argi duguna zera da:
• Alde batetik, eskualdeak 30 urte daramala gainbeheran. 21 urte
Urdaibaiko Legea onartu zenetik. 12 urte JASEGE/PADAS, sozio
ekonomiarako Plan estrategikoa, eragile ezberdinen artean adostu eta
Dekretuz onartu zenetik. Salaketa hau egin duen partiduak,
instituzioetan jaun eta jabe izan den bitartean urte hauetan zehar,
espekulatzaileentzat proiektu erraldoiak eta Legearen kontrakoak
baino ez dio herriari eskaini (Guggenheim, Muxikako industria gunea,
…), herritarren egoera larriagotuz. Hau bai dela ondare eta baliabide
publikoen benetako BIDEGABEKO XAHUTZEA interes pribatuen
onurarako.
• Eta bestetik, argi dugu, ez aurrean dagoena kenduz edota parte
hartzearen eredua desagerraraziz, auzolanean ostera, denon artean,
baikor, burutuko dugula eskualdearen garapen iraunkorra. Horixe zen
EGUNAren helburua eta bildutakoen aurrera begirako apustua. Joko
zelai horretan ikusi nahi dugu Busturiako jeltzaleen zuzendaritza ere.

- Apustu honen alde dauden pertsona eta gizarte eragile guztiei, eta antolaketa
lanetan, borondate osoz, ibili diren guztiei ez ezik, Busturiako herritar bakoitzari
eta bere ordezkaria den Alkate Jaunari, bereziki eta hain zuzen ere, geure esker
ona publikoki adierazi nahi diegu herriko ondare ederra den Izpilueta parkea,
eskenatokia eta bere muntaia, eta behar zen laguntza zabala eskaintzeagatik
BUSTURIALDEAREN ALDEKO EGUNAren probetxurako. Halaber, geure
esker ona adierazi nahi diegu Bermeo eta Gernika-Lumoko Udalei, ulertu
dutelako EGUNAren funtsa.

“BUSTURIALDEAN LAN ETA BIZI”, 2010-08-23

También podría gustarte