2015-2019 legealdirako EAJ-PNV eta PSE-EEren arteko akordioa

Getxoko Udala
Joan den maiatzaren 24an gizarte getxotarrak berriz ere hauteskundeetan bere iritzia
adierazi zuen eta bere izaera plurala eta anitza argi gelditu zen. Ildo horri eutsiz,
udalean ordezkaritza duten alderdi politikoen artean akordioa eta elkarrizketa
ahalbidetzeko mandatua azaldu zuen gure gizarteak.
Aniztasun honen errealitatetik, modu berean, akordioaren eta elkarrizketaren
prozesuan buru izateko erantzukizuna EAJ-PNVri, hau da, udal-gobernua eratzeko
izendatutako alderdiari, eman zion, talde honek aurkeztutako Getxoko proiektua
garatzeko babes handiena jaso baitu.
Halaber, EAEren eremuan, EAJ-PNV eta PSE-EE alderdiek foru eta toki erakundeetan
gehiengo iraunkorrak eratzeko 2015eko ekainaren 12an akordioa itxi zuten eta,
akordio horren babesean, Getxoko alkatetzarako EAJ-PNVko hautagaiak 2015eko
ekainaren 13ko inbestidura-saioan PSE-EEren botoak lortu zituen alkate izendatzeko
bozketan.
Beraz, Getxo udalerrian akordioaren lehenengo adierazpena EAJ-PNVk eta PSE-EEk
Getxoko Udalean iraganean egindako bide bateratuaren errealitateari lotzen zaio. Izan
ere, azkeneko azalpena 2007-2011 legealdian udal-kudeaketarako eremu
erabakigarrietan (adibidez, 2009., 2010. eta 2011. urteetako aurrekontuak edo hirilurzoruan udal-etxebizitzari buruzko plana) lortutako akordioetan kokatzen da.
Aldez aurretiko sintonia eta esperientziatik eta bi alderdiek udala egonkortasun
politiko handiagoaz hornitzeko helburu komunean aurrera egiteko behar eta
borondate partekatutik abiatuta, 2015-2019rako Getxoko Udalerako gobernu-akordio
hau sinatzen dugu, hurrengo ezaugarrietan oinarrituta. Helburuak, batetik, eremu
desberdinetan (gizartea,ekonomia eta hirigintza edo ingurumena) udalerri bezala
planteatua dugun erronka ugariri aurre egitea eta, bestetik, udal-erakundearen
beraren kudeaketaren eremuan eraginkortasunez, partaidetzarekin eta gardentasunez
jardutea dira.
1. EAJ-PNVk eta PSE-EEk Getxorako proposatutakoaren arabera, bi proiektu eta
ikuspegi desberdin eta bereizi daude. Hortik abiatuta, bi alderdiek akordio honen
bitartez getxotarren moduko gizarte plural eta anitzari desberdinen artean
elkarrizketaren eta akordioaren lehenengo mezua zabaldu nahi diogu eta horri balioa
eman ere bai.
2. Gainera, udalean ordezkaritza duten gainerako alderdi politikoei irekitzen zaien
proposamena da hau. Izan ere, akordio zabalagoak, gure herriak aurrera egin dezan
beharrezkoak direnak, lortzeko asmoz eskua luzatzen diegu, osoko bilkuraren
gehiengoei dagokienez lehenengo akordio honen bitartez lortzen diren kopuruen
errealitateaz jakitun izanik.

1

3. Ez da akordio honen helburua batera landuko ditugun udal-kudeaketaren eremu
guztiak arautzea. Ildo horri jarraiki, Getxoko Udalean lan bateratuaren alde bi
alderdien apustu politikoa adierazi nahi dugu. Apustuak legealdi guztirako
jarraipenaren konpromisoa du eta, xede horrez, elkarrekiko konfiantza eta leialtasun
politikoaren funtsezko printzipioetan oinarritzen da, hori guztia gure biztanleen bizikalitatean aurrera egin eta hori hobetzeko helburuz.
4. Udal-kudeaketa bultzatzeko partekatzen diren helburuak eta elementuak.
a) Gizarte-kohesioa desberdintasunik gabeko eta bidezko gizartearen aldeko
apustutik; hala, guztiok pertsona bezala garatzeko beharrezko baldintzak izan beharko
ditugu eta ahulezia-egoeran dauden pertsona nahiz taldeei behar bezala arreta eskaini
eta erantzungo zaie.
- 2008ko Gizarte Zerbitzuei buruzko Euskal Legea, gizarte-zerbitzuen
euskal sistemaren arautze-esparrua, eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemari buruzko
Prestazio eta Zerbitzuen Zorroa arautzen duen Dekretua, onartzeke dagoena, bertan
definitutako udal jarduketako eremuari dagokionez, bultzatu eta garatzea, zerikusia
duten gainerako udal-erakundeekin eta udalaz gaindiko erakundeekin batera.
-Gizarte-arretako programak; gizarte-larrialdiko laguntzak, kudeaketa
eta, hala badagokio, horiek aurrekontuarekin osatzea; aldizkakoak ez diren laguntzak;
droga-mendekotasunak prebenitzeko programa komunitarioak; familian eta
nerabeekin esku hartzea; etab.
-Kaleratzeek eragindako pertsonei arreta eskaini eta horiek
prebenitzeko esku-hartzearen protokoloa. Lan bateratua eginez eta garapenean
nahasiak dauden beste erakunde eta gizarte-eragileekin lankidetzan jardunez, hori
berraztertu eta sendotzea.
-Gizarteak baztertzearen kontra lana garatzen duten Getxoko ekimen
eta elkarteekin lan bateratua eta lankidetza.
- “Pertsona adinduentzako hiri adiskidetsuak” ekimena bultzatzeko
azterlana; zahartze aktiboaren proiektua, Osasunaren Munduko Erakundeak
proposatutako eredupean.
-Pertsona adinduentzako zerbitzuak eta programak (etxean laguntza,
zaindarientzat atseden-zerbitzua, laguntza, ke-detektagailuak…).
-Eusko Jaurlaritzak gure udalerrian familien topaketa-gunea ezartzeko
erraztasuna ematea. Helburua Eskuinalde guztiari zerbitzua eskaintzea da.
-Udalerriko pertsona adinduen elkarteei (Nagusien Etxea, Urtealaiak eta
AJANE) laguntzea, beraiekin lankidetzan jardutea eta horiekin lan bateratua egitea.

2

-Garapenerako kooperazioaren eta bidezko merkataritzaren aldeko
apustua mantentzea.
-Berdintasunari buruzko politikak.
Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko desberdintasuna da gizarte-erronkarik
nagusienetakoa. Desberdintasun horren adierazpen muturrekoena eta bortitzena
indarkeria matxista da. Gure ahaleginak, beraz, oinarrizko eskubide bezala pertsona
guztien arteko berdintasuna bermatzera bideratuko dira.
Horretarako, partaidetzan oinarrituta, Getxo udalerriko emakumezkoen eta
gizonezkoen arteko berdintasunari buruzko IV. plana garatuko dugu. Hori bai udalean,
baita udalerrian eta, orokorrean, getxotarren gizarte-bizitzan ere, emakumezkoen eta
gizonezkoen arteko berdintasun-politikak bultzatzeko tresna eta jarduera-esparruaren
definizio-bitartekoa izango da.
Era berean, arrazakeriaren, xenofobiaren eta haiekin batera doan intolerantziaren
kontrako ekintzak bultzatuko ditugu. Arrazakeriaren, homofobiaren eta xenofobiaren
kontrako borroka integrala eta orokorra denez, udalaren eremuan neurri politiko,
sozial eta kultural bereziak eskatzen ditu eta neurriok ekintza horietan landuko dira.
Horrez gain, alor horiek jorratzen dituzten udalerriko gizarte-erakundeek eta elkarteek
parte hartuko dute ekintza horien prestaketan.
-Eskola-gastuetan laguntzea baliabide gutxi dituzten familiei.
-Etxebizitza-politikak bultzatzea, merkatu librean etxebizitza lortu ezin
duten pertsonei erraztasunak emateko. Hala, Getxon alokairuan etxebizitza
babestuaren parkea gaitu nahi da, gure biztanleen beharrei erantzuteko. Horretarako,
zailtasun handiagoak dituzten gazteei eta taldeei arreta berezia eskainiko zaie.
Horretarako guztirako, Hiri Lurzoruan Udal Etxebizitzari buruzko Plana berraztertu,
hobetu eta garatuko da. Horri esker, epe labur-ertainean jardun ahal izango dugu eta
epe luzera politika horiek bultzatzeko, egitura-tresna bezala HAPOaren
berraztertzearen erreferentziaz hornituko gara.

b) Suspertze ekonomikoa eta, horrekin, enplegua sortzea:

1. Plan eta ekintza betearazleen bitartez, Getxoko sustapen ekonomikorako
eremu estrategiko bezala sailkatutakoetatik abiatuta, garapen ekonomikoaren aukerak
bultzatzea, beste batzuekin alderatuta gure udalerriak abantailak eta potentzial
nabariak dituenetan.
2. Udalerriko merkataritzaren, ostalaritzaren eta turismoaren sektoreei
eraginkortasunez laguntzea.

3

3. GETXOLANek enpresetarako zerbitzuak sendotzea eta ekintzailetza sustatzea,
besteak beste, Algortan Benturillenako enpresen haztegi berriaren moduko
ekimenekin.
4. Getxoko kultur programazioen eta ekipamendu berrien potentzialtasun
ekonomikoak areagotzea. Hori Kulturako Plan Estrategikoarekin eta Getxoko sustapen
ekonomikorako eremu estrategikoak hautematen dituen diagnostikoaren gauzatzeekintza eta -planekin koordinatuta garatuko da.
5. Kirol-jarduera dinamizazio-iturri ekonomiko bezala eta bisitariak erakartzeko
sendotzea.
6. Gizarte-ekonomia bultzatzeko laugarren sektorea izenekoarekin lan
bateratua.
7. Getxoko Udalaren kontratazio-agirietan gizarte-klausulak, legezkotasunari
moldatutakoak.
8. HAPOaren berraztertze-prozesuan jarduera ekonomikoaren sustapena sartu
behar da nahitaez, beraren garapenerako oinarrizko irizpideetako bat den aldetik.
Bertan sartuko dira, besteak beste, Martiturriko jarduera ekonomikoen parkearen
moduko ekimenak.
Hori guztia udalerriko eragile ekonomikoarekin batera lan eginez gauzatuko da,
GETXOLANen gidaritzapean, udalerriko dinamizazio ekonomikoaren epizentro bihurtu
den GETXO ELKARTEGITIK abiatuta, alegia.

c) Bizi-kalitatea:
1- Espazio publikoak hobetu eta berritzea, parte hartzearen ikuspegitik.
-San Inazio eta Alango parkeak.
-Epe laburrera Areetako Geltokiaren plazan hobekuntzak, herritarrek
gozatzeko, eta plaza horren behin betiko proiektuaren definizio adostua bultzatzea.
-Mariandresena kalea hobetzea eta, xede horrez, espaloiak zabaltzea.
-Mariandresena eta Ameztiren arteko tartean oinezkoentzako zona
berria aztertu eta, hala badagokio, gaitzea.
-Algortako Etorbidea eta Kale Nagusia berriz antolatzeko azterlana.
-Lehentasunezko gune eta espazioetan oztopo arkitektonikoak kentzeko
proposamen berriak aztertzea eta, bidezkoak badira, inplementatzea.
-Getxoko Andra Mariko estratak hobetzea.
-Oinezkoentzako zonetan eta iragaiteko berezietan zorupeko
edukiontziak ezartzea.
2- Mugikortasuna eta aparkalekuak hobetzea.

4

-Domingo Iturrate-Maidaganen Maidagan parkearen ondoko zona
urbanizatzearen ondorioz, plaza berriak.
-Ibarbengoako metro-geltokiari lotutako disuasio-parkingean aparkaleku
berriak.
-Ollarretxe kalea birmoldatzearen ondorioz, aparkaleku berriak.
-Alangoko alokairuko babes ofizialeko etxebizitzetarako eta Algortako
auzo horretan bizi direnentzat plaza berriak.
-Aparkatzeko txandakako sistema (TAO) adostasunez berraztertzea.
-Eguneroko bizirako garraio-bitarteko praktiko eta ekologiko bezala
bizikletaren aldeko apustua egitea: bizikleten mailegua, bidegorriak, etab.
3- Iraunkortasunaren ikuspegitik ingurumen-politikak inplementatzea.
-Partaidetzatik abiatuta, Tokiko III. Ekintza Plana egin eta garatzea.
Hurrengo lerro estrategikoetan oinarrituko da:
1. Getxoko natur ondarea.
2. Uraren kudeaketa optimizatzea eta kontsumo arrazionalari buruz herritarrak
sentsibilizatzea.
3 Baliabideak kudeatzea, poluzio akustikoa, udal-kudeaketan iraunkortasunaren
irizpideak integratzea, aurrezpen eta eraginkortasun energetikoa.
4. Aldaketa klimatikoaren kontrako borrokan beste ekintza batzuk bultzatzea.
4- Osasunari eta ongizateari lotutako kultura eta kirola, gure Getxoko
udalerriko nortasuna.
Getxoren nortasun-ikurretako bat kultur prozesuari bere ekarpena
egitea izatearen alde lan egingo dugu. Balioa eskaintzen duen kultura, egungo gizartea
osatzen duten sistemetan erreferentea dena. Gertatzen ari den aldaketan lagunduko
gaitu eta proaktiboki giza baloreen posizio nagusirantz zuzenduko du emaitza. Hori
guztia lan bateratuarekin eta gure udalerrian adierazpen artistiko eta kultural
desberdinak sustatzen lanean diharduten taldeei lagunduz egingo da. Horrez gain,
ekipamendu eta zerbitzu berriak (Getxo Antzokia-Musika Eskola konplexua eta Romo
Kultur Etxea) jarriko dira abian.
Euskararen eremuan, ahaleginak egingo ditugu nahi duen getxotar oro
Getxon euskaraz bizi ahal izateko eta, horretarako, euskararen erabilera Getxoko
gizartearen eguneroko bizitzara zabalduko dugu. Hori bultzatzeko oinarria ESEP
(Euskara Sustatzeko Ekintza Plana) izango da.
Getxori kirolaren alde duen konpromisoa saritu diote Europan, kirola
osasunaren eta ongizatearen, hazkuntza pertsonalaren eta balore-gizarte baten
sorkuntzaren sinonimotzat hartuta. Beraz, oinarrizko kirola, kirol-jarduerak eta ariketa
fisikoa adin guztietarako gure funtsezko konpromisoa dira.
5. Getxoko kalitate-estandarrak mantentzea oinarrizko zerbitzuetan: garbiketa,
hiri hondakin solidoen bilketa, lorezaintza, plazak.

5

6. Gure Udaltzaingoak Ertzaintzarekin lan profesional eta koordinatua egitea,
Getxok biztanle eta bisitarientzat toki segurua izaten jarraitzeko.
7. Haur eta gazteen taldeetara bideratutako udal-politikak bultzatzea:
bebeteka, haur-liburutegia eta gaztelekua Romoko kultur etxean, Gaztelonjak
programa, informazio-programak, hezkuntza-aisialdia, sustapena, etab.

d) Tokiko gobernu irekia edo gardentasunaren, hiri-partaidetzaren eta lankidetza
publiko-pribatuaren aldeko apustua, udal-gobernuaren jardueran oinarrizko ardatz
bezala.
-Getxoko Udala kudeatzeko orduan gardentasuna izan da nagusi eta, ondorioz,
Euskadin nahiz Estatuan gardenenen gailurrean kokatu da. Estrategia hori sendotuko
da eta, xede horrez, EUDELek bultzatuta, gardentasunaren aldeko euskal udalerrien
sarean parte hartuko du.
-Getxoko Udalaren parte hartzearen memorian definitutako herritarren parte
hartzearen egungo eredua indartuz eta parte hartzeko formula berriak aztertuz, udalerabakien eremuak herritarrei hurbiltzeko prozesuan aurrera egiten jarraituko dugu.
Udalaren osoko bilkurak audioa eta irudiak erabiliz interneten bitartez zabaltzea
sustatuko dugu.
Kontsentsua bilatuz, konpromiso horren erakusgarri argiena Udal Araudi Organikoa
berritzea izango da, eta bertan herritarrek parte hartzeko araudi edo erregulazio berria
integratuko dugu. Berrikuntza horretan, besteak beste, udal-aurrekontuak egiteko
orduan herritarrek parte hartzea sartuko da, egituraren ikuspegitik politika horiek
finkatzeko.
-Udalerriko eta, oro har, lurraldeko gizarte-eragileekin, erakundeekin eta herritarrekin
batera lan eginez eta ahaleginak koordinatuz, gure herriko gizartearen erronkak
arrakasta izateko bermez landuko ditugu.

e) Proiektu estrategikoak. Udal-kudeaketak gure biztanleen bizi-kalitatea hobetzearen
aldeko apustua egin behar du, gure auzoak eta oinarrizko udal-zerbitzuak egunean
mantenduz, baina etorkizunerako ikuspegi estrategikoa izanik era berean. Ikuspegi
estrategiko horrek koherentzia eman beharko dio udalerrian aurreratutakoari eta
gizarte-, ekonomia-, kultura- eta kirol-ekipamenduak aurreikusi eta horietaz hornitu
beharko da, XXI. mendean Getxoko gizarteari arreta eskaintzeko.
Aldez aurretiko hausnarketa honetatik abiatuta, bi alderdiek batera ondoren aipatzen
diren proiektu estrategikoen garapena bultzatzeko konpromisoa hartzen dute.
1. Getxoko Elkartegia Areetan eta Benturrillenako (Algorta) enpresen haztegi berria.
2. Algortan Getxo Antzokia-Musika Eskola konplexuaren obrak amaitu eta hori
kudeatzea.

6

3. Romo kultur etxeko proiektuan aurrez ikusitakotik abiatuta, obrak amaitu eta
zerbitzuak kudeatzea.
4. Gobelarako URA proiektua.
5. HAPOa eta etxebizitza lortzeko politikak berraztertzea.
6. Punta Begoñako galeriak berreskuratzeko eta dagokien balioa emateko
proposamena.
7. Portu Zaharreko biztanleekin garatutako elkarlanean aurrera egiten jarraitzea, gure
udalerriko espazio enblematiko eta berezi hau hobetzeko. Eusko Jaurlaritzak Portu
Zaharra Birgaitze Integralerako Aldea aitor dezala eska lezake.
5. Akordio honen arabera, Getxoko Udala kudeatzeko orduan, bi alderdiek lan
bateratuaren aldeko apustua eta konpromisoa hartu dute eta hurrengo moduan
adierazi eta garatuko da:
a) PSE-EEk Udal Gobernu Batzarrean parte hartuko du ordezkari batekin,
Alkateordetza bat izango duena.
b) PSE-EEk Getxoko Udaleko Ingurumen Saila kudeatuko du.
c) Getxoko Udalaren Legealdiko Plana (2015-2019) batera definitu eta garatuko
dute.
d) PSE-EE Osoko Bilkuretan gobernu-taldeak Udalerako egiten dituen
aurrekontu-proiektuen alde azalduko da. Aurrekontu-proiektuaren zirriborroa aldez
aurretik akordioaren jarraipen-batzordean aztertuko da.
e) PSE-EEk gobernu-taldearen edo horretan dagoen edozein kideren kontra
zentsura-moziorik edo kargutik kentzeko moziorik ez eragiteko ez babesteko
konpromisoa hartzen du, zentzurik zabalenean.
6. Akordioaren funtzionamendu-arauak.
a) Bi udal-taldeen ekintza, oro har, etengabe gobernu-taldeari eta, bereziki,
kudeaketa-arlo zehatz bakoitzari lagunduz garatuko da, Osoko Bilkuran edo beste
edozein organo, erakunde edo eztabaida-gunetan, edo udalaz gaindiko erakundeetan.
Beraien artean sartzen dira Getxoko Udalaren erakunde autonomoak: Getxo Kirolak,
Getxoko Kultur Etxea, Andrés Isasi Musika Eskola eta Jesusen Bihotzaren Udal Egoitza.
b) Bi udal-taldeek Akordioaren Jarraipen Batzordea eratuko dute Udaleko talde
politikoen jarduera koordinatzeko eta dagokien erabakiei aurre egiteko. Hasieran,
batzordea Koldo Iturbek eta Keltse Eigurenek osatuko dute EAJ-PNVren aldetik eta
Txefo Landak eta Teresa Escalantek PSE-EEren aldetik.
c) Udaleko gainerako talde politikoen ekimenek, gobernu-taldearen jarduerei
buruzkoek, akordioa sinatzen duten taldeen ikuspegi adostua izan beharko dute.

7

Aipatu jarduerekin zerikusia ez duten ekimenek udal-politikan ondorioak
badituzte, talde sinatzaileek adostu eta landu beharko dituzte, ahal den neurrian, bien
artean ados gelditzeko.
Gainerako kasuetan bi taldeetako bozeramaileei berri ematea nahikoa izango
da. Bakoitzak bere postulatu edo ikuspuntu ideologiko edo programatikoekin bat
etorriz jokatuko du, askatasunez.
d) Arau hauek kasu bakoitzak eskatzen dituen malgutasunez eta konfiantzaren,
leialtasunaren eta elkarrekikotasunaren irizpideei jarraiki aplikatuko dira,
elkarrizketatik eta adostasuna bilatzetik abiatuta, akordio hau ahalik eta ongien
funtzionatu eta aplikatzeko.
e) Era berean, arau hauek Getxoko Udaleko erakunde autonomo guztiei eta
udalaz gaindiko erakundeei zabalduko zaizkie, Getxoko Udalak ordezkaritza badu.

Getxon, 2015eko ekainaren 30ean.

Sin.: Imanol Landa (EAJ-PNV)

Sin.: José Luis Landa (PSE-EE)

8