Está en la página 1de 2

AMONAREN BIZIKLETA

Urte asko neraman baserrira joan gabe; izan ere, amona oso txikia nintzela hil zen eta
aitarentzat hara joatea mingarria zenez, osaba baten kargu utzi zuen. Oso noizean
behin joaten zen eta ia beti bakarrik.
Aita baserri horretan jaio eta hazi zen. Bertan bera amonarekin bizi zen langile baten
laguntzaz bizimodua ateratzen. Baina urteak igaro eta aita lanean hasi zen enpresa
batean ingeniari. Baserrian zuten langilea jubilatzear zegoen eta amonak etxean
langile berririk sartu nahi ez zuenez gero, berak ere erretiroa hartzea erabaki zuen.
Baratze txikia mantenduko zuen jateko adina ateratzeko baino ez; bukatuko zen beraz
azoketan saltzea. Etxeko abere txiki batzuk ere izango zituen, behiak eta ardiak
kenduta. Ondoko baserriko andreak emango zion amonari eguneroko esnea kontserba
batzuen truke.
Aita hiriburura bizitzera joan zenetik, gutxiagotan joaten zen baserrira. Normalean ama
zen bisitan joaten zitzaiona, ni jaio nintzenean batik bat. Amak gustura hartzen zuen
amona eta beti animatzen zuen gurekin bizitzen gera zedin; kaletar hutsa izaki, ez
zuen baserrira joan nahi izaten ordea.
Iktusak amona jo zuenez geroztik, gurean geratu zen hainbat gauza egiteko laguntza
behar baitzuen. Pena da hain goiz hil izana ia ez bainaiz berarekin oroitzen. Aita jota
geratu zen eta nik behin baino gehiagotan eskatu arren, ez zuen baserrira joan nahi
izaten. Horregatik izugarri harritu ninduen atzoko telefono-deiak. Aitak baserrira
berarekin joatea nahi zuen, harrigarria. Kontua da osabak ez zuela zaintzen
jarraitzerik, zahar egoitza batera bizitzera zihoan eta.Dena den, aitak bazeukan
irtenbidea, baserria saltzeko eskaintza jasoa zuen txikitako lagun baten semearen
eskutik. Nekazaritza ekologiko gune bihurtu nahi zuen. Amonak gustuko zukeen,
aitaren esanetan.

Heldu orduko baserriko gauza pertsonalak zerrendatzen hasi ginen, handik hartzea
merezi zutenak. Aitak logelak miatu bitartean, ni ganbarara igo nintzen.
Ene!- pentsatu nuen- Zenbat traste! Nolako hauts pila!
Gauza guztien artean, egurrezko kutxa handi batek atentzioa eman zidan. Ederra zen
eta kanpotik hautsez beteta egonik ere, ez zegoen pipiak jota. Zabaldu nuen eta bertan
bizikleta zahar bat ikusi ahal izan nuen, gutun multzo lotu bat eta gizonezko hainbat
arropa zaharkitu. Gutunak atera eta irakurtzen hasi nintzen, aitonak amonari idatziak
ziren Gerra Zibilaren ostean. Antza denez, gizonak alde egin behar izan zuen,
harrapatuz gero hilko zutelako. Ez zen toki jakin batean bizi izan, batzuetan kobaren
batean, beste batzuetan, baserri bateko lastategian edo mendiko bordetan beti lekuz
aldatzen susmagarria suertatuko ez bazen. Bi urtez mendian bizi izan bide zen
nazionalek harrapatu eta hil zuten arte eta ondoren auskalo non ehortzi. Ihesi ibilitako
denbora horretan noizean behin baserritik gertu pasatzen zuen gaua eta amona,
norbaitek ohartarazita, bizikletaz hurbiltzen zen bera gordeta zegoen tokiraino aita
bizkarrean lotuta zeramala, aitonak baserria utzi behar zuenean aita jaioberria baitzen,
bi hilabeteko haurra zen.
Aitari deitu nion eta irakurritakoa kontatu nionean ahoa bete hortz geratu zen; izan ere,
amonak ez zion aitonari buruz gauza handirik esan oso samingarria zitzaiolako aitona
fusilatu eta nonbait lurperatu baitzuten. Apaizak esanda zekien amonak.
Gutunak gorde ditut, nire historiaren zati direlako; bizikleta garbitu eta konpontzera
eraman dut. Espero dut egunen batean aitonaren hezurrak non dauden jakingo dugula
eta aitona bizikletarekin batera amonaren ondoan hilobiratuko dugula. Bitartean
bizikleta etxean daukat eta amona irudikatzen dut aitonarengana joaten aita gainean
daramala . Azken boladan, beraien arteko elkarrizketak ere asmatzen ditut. Gaur horri
buruzko ipuin bat idaztea eta udalak antolatutako lehiaketa batera bidaltzea erabaki
dut, aitonaren omenez.

También podría gustarte