Está en la página 1de 2

DENON INPLIKAZIOA

Azken egun hauetan jakin dugu IV. Dibisioko arduradunak eta langileak bilerak egiten
ari direla. Bilera horien helburua ZULeko langileei lanean inplikazio handiagoz aritzeko eskatzea da; izan ere, badirudi ZULeko langileak ez inplikatzea enpresaren lehiakortasun-faltaren zuzeneko ondorioa dela eta horrek eskaerak galtzea dakarrela. Bidezkoa iruditzen zaigu langile guztien inplikazioa lortu nahi izatea, horrela, denon artean aurrera egin dezagun. Baina ez gara ZULeko langileez bakarrik ari. Enpresaren lehiakortasun-falta tailerreko kostuak murriztuta bakarrik konponduko al da? Gure ustez, ez. Honetara iritsita, gogora ekarri eta aztertu egin nahi dugu CAFen azken eskaerek zer ibilbide izan duten. Arabiako eskaeran, esaterako, helmugako herrialdean prest jartzeko fasea iritsi zenean eta zerbitzua ematen hasteko hilabete gutxi batzuk geratzen zirenean, hainbat akats detektatu zitzaizkion diseinuan eta kalitatean (hondarra sartzea, motorrak berotzea, etab.) eta akats horiek arriskuan jarri dituzte hedatzeko lanak eta Arabian irabazitako beste lehiaketa batzuk ere. Ez dago ahazterik, gainera, herrialde eta eskualde horretan enpresaren sinesgarritasuna ere arriskuan jarri dela. Aucklandeko kasua ere Arabiakoa bezain deigarria da. Kaxen kalkulu batzuetan egindako akatsaren ondorioz, ordura arte egindako kaxa guztiak indartu egin behar izan ziren (oraindik ere zuzentzen ari diren hainbat ondulazio sortu zituen horrek) eta, horretarako, lanean aparteko orduak egin behar izatez gain, eskaera moteldu egin zen. AEBn izan dugun bigarren lehorreratzea ere aipa dezakegu. Egia esan, beldurra ematen digu lantegi horietan egiten ari diren eskaerekin zer gertatzen ari den . Handik iristen zaizkigun berriek, zalantzarik gabe, ez gaituzte baikor jartzen. Aparteko ordu asko egiteari eta kotxeak entregatzeko orduan emaitza onik ez izateari buruzko berriak iristen zaizkigu. Aste honetan enpresak iragarri du egituren arloa indartu egin behar dela kontratazioak eginda eta honetaz benetan pozten gara,enpresa barruan ere beste lan batzuk egiten ari diren soldatzaileak aurkituta. Kontu horrek beste antolaketa-akats bat azaleratu du, batzuek honetan 35 orduko lan astearen lorpena ikusi arren, kaxen fabrikazioan atzerapen handia dagoela detektatu baita. Horrek, zalantzarik gabe, aldi baterako langileak kontratatzea ekarriko du eta pozten gara horretaz, baina pentsa dezakegu aparteko orduak ere egin beharko direla. Egoera honek ez dio kostuak murrizteko helburuari batere lagunduko. Eta nola ahaztu azpikontratazioa. Gure ustez, kalitatea eta prezioak nabarmen hobetu beharrean, kasu askotan, beharrezkoa izaten da CAFeko langileek azpikontratatutakoek egindako piezak edo multzoak berreskuratzea. Berreskuratze-ordu horiek non egozten diren jakitea gustatuko litzaiguke. Eta alde horretatik, harrigarria iruditzen zaigu, adibidez, arlo mekanikoaren 4. nabean gertatutakoa: enpresak iragarri zigun langile batzuk beste nabe batzuetara joateko aterako zirela eta handik aste gutxira, badirudi, erreduzitzaileen pinoien lana azpikontratatu egingo dela urte amaierara arte. 4 langileren lana da hori. Nekez ulertzen da hori. Kalitatearen gaiari helduko diegu berriro ere, gai hori gehiegi azpimarratzen dugula ematen badu ere. Gure ustez, enpresak kontuan izango du amaierako produktuaren kalitateak lotura handia duela bezeroa gustura gelditzearekin eta material mugigarriaren fabrikatzaile gisa kanpoan dugun irudiarekin. Irudi hori gure lehiakide txinatarrek, korearrek eta beste batzuek eta gure lehiakide klasikoek (Siemens, Alstom, Bonbardier, etab.) tren-merkatu indartsuan duten irudiaren oso bestelakoa da. Merkatuko lehia gogorra dela-eta, gure lehiakortasuna hobetu behar dugu denon laguntzaz. Enpresaren arrakasta ezin da ZULeko langileei gehiago eta hobeto lan egin dezatela eskatzean bakarrik oinarritu, langile horien produktibitatea handituta eta lan-kostuak batzuei bakarrik murriztuta. Kontuan izan behar dira elementu hauek: produktuaren eta zerbitzuaren kalitatea, CAFeko atalen arteko koordinazioa, norberekeriak eta sailen eta buruzagitzen arteko borrokak (inola ere ez dira lagungarriak). Mahai gainean jar daitezkeen beste faktore batzuk ere badira. Adierazitako hori guztia kontuan hartuta, azterketa garrantzitsu bat egin behar dugu: ZULeko eskulanaren inplikazio-falta al da lehiaketak galtzearen erantzule nagusia? Edo, agian, ZULeko langileek inplikazio handiagoa eskatu behar genieke antolaketaz, azterlanak egiteaz eta enpresa honetako engranaje GUZTIEK ondo funtzionatzen dutela gainbegiratzeaz arduratzen direnei. Ez dezagun ahaztu azken horiek dutela lanari eta, horren bidez, gure bizimoduari eusteko ardura. CAFen etorkizunean denok inplikatu behar dugu eta denok jarri behar dugu geuretik. Eta alde horretatik, denok dugu ardura, baina argi dugu erantzukizun maila ezberdina dagokigula denoi; hasi zuzendaritzatik eta langileetaraino.

Beasainen 2013ko urriak 31

Beasainen 2013ko urriak 31