Está en la página 1de 19

OINARRIZKO HERRI AKORDIOA GETXOKO UDAL PROGRAMA

I.- ESKAINTZA OROKORRA: ALDAKETA POLITIKOA ETA SOZIALA II.- UDALAREN DEMOKRATIZAZIOA. GARDENTASUNA KUDEAKETAN 2.1.-Herri eredu parte hartzaile eta bizia; demokrazia parte hartzailea 2.2.-Udalen kudeaketa-eredu ireki eta gardena bultzatu III.- ALDAKETARAKO EREDU POLITIKO ETA SOZIALAREN OINARRIAK 3.1.-Herritik Euskal Herriaren erro eta nortasuna indartu 3.2.-Euskal herritarrek lan eta bizi baldintza duinak 3.3.-Emakumearen menpekotasun estrukturala gainditu 3.4.- Udal inklusiboak eta migrazio politikak 3.5.-Ekonomia eta ekoizpen bitartekoak, Euskal Herriaren eta euskal herritarren zerbitzura 3.6.- Lurralde antolaketa sostengarri eta ekologikoa 3.7.- Gazteria 3.8.- Kirolak 3.9.- Internazionalismoa 3.10.-Udaletik, bizi-eredu eta harreman-molde askatzaileak sakondu eta praktikan jarri

I.- ESKAINTZA OROKORRA: ALDAKETA POLITIKO ETA SOZIALA Euskal Herriak eta bertako hiri zein herriek aldaketa une sakona bizi dute. Esan beharrik ez dago aldaketa hori guztiz beharrezkoa dela eta, hau gutxi balitz, aldaketa hori gure esku dagoela. Gugan dago aldaketa hori geure gizartean indartzeko eta iraunkortzeko ardura. Horrexegatik, hain zuzen, Bildu osatzen dugun pertsona eta erakundeek, aldaketarako dagoen benetako aukeraren aurrean eta Euskal Herrian zabaltzen ari den eszenatoki politiko, sozial eta instituzionala ikusirik, urrats berri bat emateko erabakia hartu dugu: indarrak biltzea, aniztasunean elkartzea eta ezkerreko independentistak eta soberanistak osaturiko eskaintza elektorala herritarrei luzatzea, Euskal Herriak, bertako hiri eta herriek zein herritarrek igartzen dituzten garai politiko nahiz sozial berriei erantzuteko asmoz. Egun pairatzen dugun errealitatearen ezaugarriak ezagunak dira Bildu osatzen dugunontzat. Batetik, Estatu espainolak eta frantsesak, ez dute geure herriak bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko duen eskubidea aitortzen. Gauzak horrela, geure burua nazio gisara eraikitzeko eta gizarte eredua errotik eraldatzeko, autodeterminazio eskubidearen aldeko apustu argia eta itzulirik gabea egiten dugu. Inguruko nazioekin izan nahi ditugun harremanen markoa edota geure herriaren eredu sozioekonomiko zein instituzionala erabakitzeko eskubidea eta gaitasuna edukitzearren, soberania osoa aldarrikatzen dugu. Hori da pertsona guztien eskubide guztiak bermatzeko bide bakarra, berdintasunean oinarritutako jendarte justua osatzeko modua. Hori guztia eskuratzeko asmoz, jendarteak emango digun legitimitatea besterik ez dugu nahi eta, beraz, geure helburuak lortzeko, bide soilik politikoak eta demokratikoakerabiliko ditugula hitz ematen dugu. Iragarrita dauden 2011ko maiatzeko hauteskundeetan, argi eta garbi dakusagu Madrilen zein Parisen edota EAEko zein Nafarroako gobernuetan eman daitezkeen aldaketa politikoak, erabat agortuta dauden marko juridiko politiko eta eredu sozialetan oinarritzen direla. Baina, hala ere, beraien immobilismoa gainditu du jendarteak, egoera gainditzeko asmotan lanari eta antolaketari eutsiz (eskubideen bortxaketen aurka, Ipar Euskal Herriaren aitortza instituzionalaren alde eginez, langileen eskubideen murrizketaren aurka egin diren greba orokorrak eta mobilizazio handiek erakutsi duten moduan). Eta, hain zuzen ere, horrek guztiak argi erakusten du Euskal Herrian, herriz herri, eskualdez eskualde zabaltzen ari den aldaketa politiko eta sozialerako aukera jendartearen eta ezkerreko erakunde independentista eta soberanisten eskutik datorrela. Horrexegatik, geure historia gertukoan gertatu ez den moduan, oraingoan behin betiko bakea, normalkuntza politikoa eta egungo eredu ekonomiko eta soziala gainditzeko inoiz ez bezalako aukera ikusten dugu. Izan ere, egun indarrean dagoen ereduak eskubide politiko eta sozialak erauzi baino ez ditu egiten, geure artean langabezia handituz, eta bazterkeria zein prekarietatea areagotuz. Inposatzen diguten errealitatearen benetako aldaketaren aurrean egonik, indar politikook arduraz jokatu beharra dugu, epe luzera begira jarri eta agorturik dagoen egungo eredua gainditzeko aukera ziurtatu dezakeen klabeetako bat, indar metaketan dagoela konbentziturik, ezkerreko independentismoan zein soberanismoan dauden indarrak elkartzera jo. Eraldaketa sozialera eramango gaituen aldaketa politikoa nahi eta behar dugu. Nazio eraikuntza eta eraldaketa soziala helburu bakarra duen proiekturen bi zutabeak dira, herriz herri, herrialdez herrialde, behetik hasita eta ezker aldetik jorratu beharrekoak, eredu politiko, ekonomiko eta sozial berri, aske, justu eta berdintasunean oinarritutakoa eraiki nahi badugu eta, bide batez, PSOEk, PPk, UPNk eta PNVk sostengatzen duten egungo errealitatea gainditu, baita beren eskutik bideratzen

diren eskuin politikak eta Euskal Herriko herritarren eskubideak zapuzketak ere. Etorkizunean nahi ditugun herri eta hiriek, euskaldunak eta solidarioak izan behar dute, ingurumenarekiko sostengarriak eta gizon eta emakumeen arteko benetako parekidetasunean oinarriturikoak. Nola ez, herritarren zuzeneko kalitatezko esku hartzea da bertan eman behar den sakontze demokratikoaren zutabea. Politika fiskal mailakatuago eta aurrerakoiagoaren bidez aberastasunaren birbanaketa erreala egingo duten herri eta hirietan bizi nahi dugu, egungo errealitateari eta etorkizunari erantzun dieten kalitatezko benetako zerbitzu publikoen jabe izango direnetan, jaioterria zein nahi dutelarik ere pertsona ororen eskubide guztiak aitortuko dituzten herri eta hirietan, Babes Ofizialeko Etxebizitzak alokairuan jartzeari lehentasuna eman dietenetan, interes ekonomikoen aurrean ingurumena babestuko duen eredu sozioekonomikoa garatuko dutenetan, garraio publiko eraginkorra izango dutenetan. Eta hori guztia, herritarrekin elkarlanean egin nahi dugu. Horretarako hartzen diren erabakien inguruan kalitatezko esku hartzea bultzatuko duten bitarteko guztiak jarriko ditugu martxan eta, jakina, gure hautetsi guztien zintzotasuna eta gardentasuna ziurtatu. Horretarako, ezinbestekoa da udalen betekizunaren eta funtzio eraginkorraren aldeko apustu irmoa egitea. Hauek herritarrengandik gertuen dauden instituzioak izanik, ezinbestekoa da berauen beharrei eta erronkei erantzungo dien errekurtsoz eta bitartekoz osatzea. Eskumenen jabe diren udalak behar ditugu, eta horretarako ezinbestekoa duten aurrekontuaren jabe izan behar dute, ez egungo eredu instituzional guztiz eskasaren moduan. Bestetik, bai udalak eta baita hautetsiak ere, Euskal Herriaren nazio eraikuntzan eta eraldaketa sozialean partaide izan daitezke, gure herriaren egituratze instituzionalean parte hartuz. Horrexegatik, hain zuzen, arlo instituzionalean udalek duten pisua handitzeko lan egiteko hitz ematen dugu eta baita udala oinarritzat duen nazio mailako egitura bultzatzeko ere. Eraiki nahi dugun herria, herriz herri, herrialdez herrialdez martxan jarri beharra dugu. Bilduren inguruan indarrak biltzeko eta metatzeko garaia iritsi da. Konbentzimenduz eta ilusioz, beren inposizioei eta pribilegioei aurre egin behar diegu, Euskal Herri osoan, pertsona orori eskubide guztiak aitortu arte. Orain da garaia!

II.- UDALAREN DEMOKRATIZAZIOA. GARDENTASUNA KUDEAKETAN 2.1.- Herri eredu parte hartzaile eta bizia; demokrazia parte hartzailea Herria herritarrekin batera eraikitzea da sistema honi buelta ematen hasteko lehen heldulekua. Erabakiguneetatik aldendu gaituen sistema honetan, herritarrek erabakia hartzeko bitartekoak berreskuratu behar ditugu. Parte hartzeko baldintzak (denbora, aukerak, ...) eta mekanismoak berreskuratuz (informazioa, ...). Herritarrei, gaien azterketa eta eztabaidarako guneak eman. Instituzioek erabaki horiek onartu. Emakume, gazte eta etorkinen parte hartzea bultzatzeko bitartekoetan inbertsioak egitea ezinbestekoa da. Herritarren harremanak eta auzolan dinamika sustatzea bilatu behar dugu. Herri bizia eraikitzeko, Herri Mugimendu indartsua sortu, eta bere espazio politiko soziala garatzen saiatu. Auto antolakuntza sustatu, herri eta auzoetan sare sozialak eta ehun asoziatiboa babestu. Auzo Elkarteen figura indarberritzeko apustua egitea ezinbestekoa da.

Udalaren demokratizazioa. Barne Araudia. Udalaren Barne Araudia. Herritarren parte hartze zuzen eta zabala bermatuko duen Barne Araudia onartuko du Udalak. Bertan herritarren parte hartzea bultzatu, eskubideak zabalduz eta beronen pedagogia egiteko bitartekoak jarriko dira. Udalaren Barne Araudian sartzen diren elementu berri hauek Udal Erakunde Autonomoetako araudietan ere sartuko dira. Araudi honetan honako elementu hauek garatu eta arautu beharko dira: - Osoko Bilkuretan herritarren bertaratzea errazteko, hauek arratsaldez izango dira. - Herritarrek zuzenean Osoko Udal batzarrean proposamenak egin eta hitza hartzeko eskubidea. - Herritarrek zuzenean Udal Batzordeetan proposamenak egin eta hitza hartzeko eskubidea. - Herritarrei iraunkorki informazioa bideratzeko bitartekoak. - Udal Batzorde eta Kontseiluetan emakume eta gizonen arteko paritatea bermatzea. - Erreferendum eta herri kontsultak burutzeko eta eskatzeko aukera (araudia). - Herritarren eskaera eta proposamenak bideratzeko aukera. - HAPO-a garatzeko prozedura parte hartzaileak eta azken erabakia herri kontsulta edota erreferendum bidez hartzea. Udal aurrekontu parte hartzaileak. Pausu bakoitzean herritarrei hitza eta erabakia emateko gertuko bitartekoak jarri behar ditugu. Krisi ekonomikoari aurre egiteko, herritar guztion indarra bilatuko duena.

Herrian emakumeen kalitatezko esku hartzeak indartzeko neurri zehatzak bideratzea Emakumeok orobat bizi dugun egoera diskriminatzailea kontuan hartuz, propioki emakumeon parte hartzea ahalbideratu eta sustatuko duten neurri zehatzak ere aurreikusten ditugu. Berdintasun batzorde-kontseilu irekia Udal politiketan ikuspuntu feministaren zehar-lerrotasuna ziurtatzeko Udalaren atal ezberdinetan berdintasunaren aldeko unitateak sortzea. Helburu berarekin, plangintzaz, pertsonalez eta bitartekoz hornituriko ekintza berezituak bultzatzea. Udal txikietan, hauen arteko elkarlana bultzatuko da helburu hauek bideragarriak izan daitezen. Udalerrian emakumeek bizi duten errealitatea ezagutzeko diagnostikoak egitea. Hautetsiek eta izendapen politikoko laguntzaileek berdintasunaren inguruko formakuntza jasoko dute. Berdintasunaren aldeko plangintzen zein konpromiso politikoen betetze maila aztertzeko jendarte auditoriak egitea. Botereratze Eskolen proiektuak sortzea eta bultzatzea, emakumeen formakuntza, kontzientziatzea eta botereratzea lortzeko bitarteko modura. Demokrazia parte hartzailearen bidez, emakumeen esku hartzea ziurtatuko duten espazioak bermatzea politika publikoen definizioan eta kudeaketan (kontseiluak, aurrekontuen genero ikuspegia) Berdintasunaren kontseiluei bitartekoak jartzea eta sortzen diren sektore ezberdinetako parte hartze kontseiluetan emakumeen ordezkaritza ziurtatzea. Ekimena administratiboetan zein norma ezberdinetan genero politikak izan duen eragina neurtzea. Gure herrietan emakumeek duten garrantzia argitan jartzea, bizitza sozialean, kulturalean zein kirol mailakoan emakumeen parte hartzea bultzatuz. Lan hau gizonezkoen esku egon diren ohiko ekimenetan bultzatuko da nagusiki.

Emakumeak baztertzen dituen kultur zein kirol ekitaldiak ez dira diruz lagunduko. Gure udalerrien historia berraztertu eta emakumeek izan duten garrantzia ezagutarazi. Emakume ospedunak herriko kale izendegian sartu, adibidez Neguri Langileko Gernika parkea Maria Isabel parkea deitu eta ofizialki izendatu. Arlo honetan proposamenak egin ahal izateko berriki ikerketa lan bat egin da: Emakumeak Getxoko historian.

2.2.- Udalen kudeaketa-eredu ireki eta gardena bultzatu Herritarrei informazioa zabalduz, erabakietan partaidetza zuzenerako aukerak irekiz, erabakitakoa gauzatuz eta berriro ere informazio zehatza eskainiz. Bestalde, Udaleko diru kontu guztiak arrazoitutako eskaera egiten duen edozein herritarrentzat eskuragarri egongo dira. Urteko aurrekontuari dagozkion kontuak, herritar guztien eskura egongo dira udalak dituen komunikazio baliabide ororen bidez. Honako urratsak ezinbestekoak ikusten ditugu iruzurrari eta ustelkeriari aurre egiteko: Hautetsien diru sarrerak, bai ardura instituzionalari dagozkionak zein bestelako sarrera pribatuak, publikoak izango dira. Helburu horrekin antolatutako erregistroak publikoak izango dira, horien inguruan edozein pertsonak nahi duen informazioa jaso dezan. Egungo liberazio politikoen kopurua berraztertu, eta soldaten gehiegikeriak dauden lekuetan murrizteko konpromisoa hartzen dugu. EUDELek eta FCNk ezarrita dituzten taulekin kritikoak gara. Getxorako irizpide berriak zehazten ari gara. Ustelkeriarekin edota diru publikoaren iruzurrarekin loturik ikerketa judizialak irekita dituzten pertsonak, gutxienez bere karguetatik baztertuak izango dira, ikerketak amaitu bitartean. Baliabide publikoen erabilera desegokiengatik edota ustelkeriagatik inputatutako hautetsiei, arduren eskaria eta dimisioa exijituko zaie. Zerbitzu eta instalazio publikoen gestio zuzena entitate publikoen printzipio orokorra izango da. Horretarako externalizazioaren egungo mapa burutuko da, era progresiboan administrazioaren prestazio zuzena garatu ahal izateko. Enpresa publikoen kasuan eta kontratazioari dagokionez, kudeaketa gardenagoa suposatuko duten bitartekoak aintzat hartuko dira: kontratazio publikoaren legislazioa kasu guztietan kontuan hartuz eta era berean, zuzendaritza karguen kasuan ere publizitate eta aukera berdintasunaren oinarriak sustatuz. Egun ematen diren entxufismo kasuak ekiditeko neurriak aterako dira. Obra publikoak eta zerbitzuak egiteko enpresen kontratazioa lehiaketa publiko bidez egingo dira modu orokorrean, urgentziazko prozedurak ekidinez. Baldintzen pleguari zein eskaintza ezberdinen irekierarako prozedurari trataera publikoa emango zaie, baita legeak kasu batzuetarako bestelako aukera hain gardenak eskaintzen dituenean ere. Lanak esleitu zaizkien enpresei, eraikuntzaren garantia klausula izenpetu arazi, martxan jarritako lanak ondorengo bost urtetan izan ditzaketen arazoak konpon ditzaten. Kontrataziorako mahaietako kideek eta bere familiakoek lehiatzen direnekin harremanik duten edo izan duten kasuetan, adjudikazio prozeduretan parte hartzea ekidingo da. Edozein estamentu publikotan langileak kontratatu ahal izateko, lehiaketa-oposaketa prozedura jarriko da martxan, burutu beharreko hautaketa prozesuetan publizitatea eta aukera berdintasuna bermatuko direlarik. Aurrekontuen publizitatea edozein pertsonak ulertu ahal izateko moduan emango da, instituzio bakoitzaren aurrekontuak herritarrei irekiak egongo dira edozein moldaketaren aurrean gardentasunez aldatutako diru partida zertan den jakin ahal izateko. Susmoen edota gardentasun faltaren aurrean, kontuen fiskalizaziorako hirugarren baten esku hartzea eskatuko da: herritarrek eta eragile sozialek organo fiskalizatzailearen parte

hartzea bultzatzeko aukera izan dezaten bitartekoak jarriko dira. Kontratu ezberdinetarako oinarrizko baldintza pleguetan klausula sozialak txertatzea (eskaintza egiten duten enpresatan gizonezko zein emakumezkoen lan baldintzen zein lana eskuratzeko baldintzen berdintasuna bermatzen duena). Gobernu Batzordeko aktak publiko dira eta aurrerantzean, onetsi ahala, osorik eskegiko dira Udalaren web gunetik.

III.- ALDAKETARAKO EREDU POLITIKO ETA SOZIALAREN OINARRIAK 3.1 . -Getxotik Euskal Herriaren erro eta nortasuna indartu Euskara. Euskara gure herriaren identitatearen elementu nagusia. Normalizazioan urrats tinkoak eman behar ditugu. Getxotik ere, hizkuntza politikari buruzko eztabaida zabaldu. Hizkuntza Politika Berria behar dugu: Euskarak ofiziala izan behar du Euskal Herri osoan. o UEMAk markatutako bidea erreferentzia nagusia. Baldintzak dituzten herriak UEMAn sartzea eta honen ildoak garatzea ezinbestekoa izango da. Udalerriaren euskaldunen indizea %70a edo handiagoa izatea da UEMAn parte hartzeko irzipide nagusia eta Getxo oraindik indize horretatik urrun dago. o Herriaren azterketa soziolinguistikoa egingo da. o Euskalduntzeko plangintza estrategikoa burutuko dugu. o Udal Administrazioa euskalduntzeko plangintza berezia. Getxoko Udalak badu Euskara Plana eta hau zentzu positiboan betearaztea eta gainditzea izango dugu helburutzat. Udal administrazioarekin batera, Udal Erakunde Autonomoetan ere helburu eta irizpide bereko plangintzak egin eta gauzatu behar dira. o Udalarekin lan egingo duten enpresek, pribatuek nahiz publikoek, udalari dagozkion hizkuntza irizpideak bete beharko dituzte. Irizpide hauek kontratuen baldintza pleguetan behar bezala arautu behar dira. o Herriko eragileekin, euskararen ezagutza eta erabilera ziurtatu eta bermatzeko ildoak garatuko dira. Getxon badira euskararen aldeko herri eragile indartsuak eta euskara biziberritzeko Udalak eurekiko elkarlana sustatu behar du. o Udalak eremu laboral eta produktiboan euskararen erabilera sustatzeko eragile ardura izango du. o Kafe Antzokia Euskararen Etxea proiektua Udalaren eta herri eragileen arteko elkarlanean 4 urteotako epean zehazteko eta gauzatzeko helburua. Hezkuntza. Hezkuntza, pertsona orok duen eskubidea izateaz gain, euskara oinarri, Euskal Herri librean emakume eta gizon libreak hezteko bitartekoa izango da. o Herri orotan euskarazko hezkuntza-eskaintza osoa ziurtatzeko konpromisoa. Euskaldunduko duen eskola eta hezkuntza/hizkuntza-eredu berri baten aldeko apustua egin, horren inguruan antolatzen diren ekimenak bultzatuz. o Norabide horretan eredu herritar, publiko, kooperatibo eta parekidea bultzatu eta sustatuko da udaletik, lankidetza eta elkarlan eremuak topatuz. o Herrian dauden hezkuntza aldarrikapenak udalera eraman. Aukerak ikusten diren tokietan,

o o o o o o o o

o o

udaleko, herriko eta hezkuntza-zentro guztietako ordezkariak bilduko dituen hezkuntza batzordea osatu (aukerarik ez den herrietan, zinegotzi batek hezkuntza gaiei jarraipena egiteko ardura hartu beharko du). Batzorde horretan, herri-proiektu komunaren bidean, hezkuntza-zentro eta aisialdi taldeen arteko plangintza komunak egin. Hezkuntza zentroei eta herritarrei orokorrean zuzendutako hezkidetza programak garatzeko hitzarmenak. Udalak ikasleentzako antolatzen dituen ekimen guztietan eskaintza euskalduna bermatu. Bertan zein kanpoan jaiotako pertsona helduak euskalduntzeko eta euskal kulturan sakontzeko ikastaroak antolatu. Udalak, Hezkuntza Sailarekin batera, ikasketarako azpiegiturak ikasleen beharretara egokituko ditu. Oztopo arkitektonikoak kendu eta eskola barruan garatu beharreko aisi jardunetarako egokituz. Eskolaren azpiegiturak, ikastetxearen jardunerako ez ezik, herri osoaren erabilerarako izan daitezkeen hainbat zereginetarako ere (kirol, kultura edo festa ekitaldiak, e.a.) erabiltzeko akordioak sinatuko ditu udalak. Eskola eta herria uztartuz. Arautu gabeko ikasketak bultzatu eta babestuko dira Udaletik Udalek bertako hezkuntza zentroekin lan bateratua garatuko dute, besteak beste, herriko historia eta kultura bultzatu eta udalaren jarduera hurbildu eta demokrazia parte hartzailea sustatzeko. Bestalde, ikasleek eta irakasleek udalaren informazioa jaso, ekimenetan parte hartu eta herrigintzaren subjektu izateko hezkuntza lana egitea ezinbestekoa da. Parte hartzea sustatuz eta lan publikoaren aldeko kultura eta ardura sortuz. Haur eskoletan, herrian dagoen 0 3 urteko eskolaratzeko eskaera bermatuko da. Getxon eskaera asetzen ez duen haur eskola publiko bakarra izatetik auzoz auzoko eskaintza zabala izateko helburua. Algortan dagoen haur eskolaz gain, Itzubaltzeta-Areetan eta Getxo-Andra Marin beste haur eskola bana sortzea. Lehen eta bigarren hezkuntza formalean genero ikuspuntutik bideratutako hezkuntza afektibo-sexualaren moduluak bidera daitezen bultzatuko da. Hezkuntza afektibo-sexuala bideratzeko programa hauen bidez, jendarte baloreen aldaketa bultzatu nahi da, ikas zentroetan hezkuntza parekidea bultzatuz eta lan munduratze ez sexista bideratuz. Horretarako, hezkuntza curriculumeko hutsuneak beteko dira, Euskal Gobernuari bere curriculumean ere hutsune horiek bete ditzan aldarrikatuz. Zer Ikusia Ikasi Getxori buruzko unitate didaktikoa zabaldu. Getxoko Udalak ikastetxeei eta gazteei jadanik egiten dien eskolaz kanpoko jardueren eskaintza aztertu eta zabaldu.

Kultura. Euskal herritar orok bere herriaren historia, ohitura eta kultura ezagutu eta sakontzeko eskubidea du. Kultura, hizkuntza, hezkuntza eta beste zenbait eskubideren moduan, herri eskubide kolektiboa izateaz gain, pertsona bakoitzak duen eskubide indibiduala ere bada. Beraz herritarrei auzo-herritik hasiz Euskal Herri mailan sorturiko kulturaren jabe eta partaide izatea zor diegu. o Horretarako, informazio eta ezagutza bitartekoak eskainiko zaizkie herritarrei. o Kultur ekitaldiak kalean era autonomoan egiteko baimenak erraztuko dira. o Herritarren kultura sormena sustatu eta indartzeko bitartekoak eskainiko ditu Udalak. Kulturaren herri elkarte eta eragileekin parez pare lan eginez. o Elkarteen lana eta bertoko iniziatibak bultzatuko ditugu. o Jai herrikoi eta parekideen alde, jai batzordeen lana eta autonomia aldarrikatu eta babestuko ditugu. o Kultura-espektakuloaren aurrean, berezko kultura lehenetsi.

o o o o o o o

o o o

o o

Kultura eta kulturaren kontsumoari buruzko azterlanak egitea proposatuko dugu. Jaialdien azpikontratazio eredua gainditzearen alde egingo dugu (Sea-week, ...). Kultura, herri, auzo zein herritarrengana hurbildu. Udal Gobernua bultzatzen ari den Getxo Antzokia eta Romo Kultur Etxea azpiegitura handien aurrean, kultur ekipamenduei eta hauen erabilera herritarrari buruzko hausnarketa eta eztabaida bultzatuko ditugu. Udaletatik beste udalerri batzuen artean sarea sortzea, ahaleginei eta gastuei etekina ateratzeko eta baita eskaintza pribatua hobetzeko ere. Euskal Herriaren eta herriaren beraren historia ezagutzera eman eta Oroimen historiko hurbilena indartu. Euskal Herrian hedatutako hainbat ospakizun herrian txertatu: Olentzero, Ihauteriak, Sanjoan Bezpera, Santagedak, Santazeziliak... Norabide berean, Lurralde osoan arbasoek utzitako beste altxorrak berreskuratu eta ezagutzera eman: izaki mitologikoak, elezaharrak edo kondairak, istorioak, ipuinak. Adiskidetasun Egunak antolatu edo sustatu: herrialde edo eskualde ezberdinetako kultur elkarteen artean antolatuak. Herrien arteko harremanak estutzea eta elkar hobeto ezagutzea helburu. Herritik sustatu, Euskal Herri mailako elkarguneak. Gure udaletatik indar biziz sustatuko ditugu nazio proiektu hauek. Herri mugimendua indartzea eta zabaltzea dugu lehentasuna. Interkulturalitatearen norabidean, Etorkinen eta gutxiengo etnikoen garapena sustatzeko Plan Estrategikoa egin: kolektibo hauekin harremanetan jarri behar dugu. Euskal Herriak beren beharra baitu. Gure kulturaren sustapenean inplika daitezen. Etorkinen kulturak ezagutzera emateko ekimenak antolatu edo sustatu. Beren kultur errealitateak ezagutzera emateko ekimenek herritar guztien arteko harremanak trinkotzea izango dute helburu. Udalaren eragin eremu eta administrazioan software librea sustatuko dugu. Hileta zibil eta laikoak egiteko leku publiko estalia egokitzea.

3.2.- Lan eta bizi baldintza duinak euskal herritarrentzat. Bizi nahiz herri proiektu aske, burujabe eta duina jorratu ahal izateko ezinbestekoak diren oinarriei eutsi behar diegu. Elkartasun printzipioa oinarri, euskal herritar ororen eta bereziki gazteen, emakumeen eta etorkinen eskubideak, babes sozial publiko, unibertsal eta parte hartzailearen bitartez bermatuko ditugu. Aberastasunaren banaketaren aldeko apustua egiten dugu. Lau dira euskal herritarrei bermatu beharreko eskubide sozialak: etxebizitza duina baliatzeko eskubidea; lan duina izateko eskubidea, bermatutako gutxieneko errenta izateko eskubidea eta zerbitzu publiko eta sozialak jasotzeko eskubidea. Etxebizitza. Etxebizitza Jabego pribatuaren eta merkatuaren logikatik at atera. Ondare soziala izateari ekin behar dio. o Horretarako, alokairuzko etxebizitza publikoaren aldeko apustua egiten dugu, beronen aldeko ekinbideak lehenetsiko ditugu. Honako urratsak gauzatuz: Udalaren etxebizitza politikan alokairuzko etxebizitzen sortzea lehentasuna izan dadin, lur erreserba bermatzea. Alokairuzko etxebizitza parke publikoa sustatzea. Hiri lurzoruan etxebizitza publikoen eraikitzea azkartuko dugu.

Etxebizitza zaharren birgaitzea. Etxe hutsen erabilpenari lehentasuna ematea. Etxebizitza hutsaren definizioa zehaztea. - Etxebizitza hutsen zentsua egin, hauen egoera eta erabilerarako aukerak aztertuz. - Etxebizitza hutsei zergak gehitzea. - Alokairuan jartzeko neurri pizgarriak garatzea. - Laguntza publikoak alokairu sozialera bideratzea. Udal etxebizitzen eta lokalen inbentario publiko eta gardena. Gazte eta pertsona helduen beharrak kontuan izanik (zerbitzu eta azpiegitura komunitarioak, e.a), tipologia berriko etxebizitzen aldeko apustua egitea. Gure herrien eraginkortasun energetikoa handitzeko asmoz, bertan egingo diren eraikuntza berriek energia berriztagarriez jabetzeko gai izan daitezen kode tekniko berezitua bete dadin bermatzea..

o Espekulazioari bideak itxiko dizkion lurzoru politika egingo dugu. Erosketa nahiz desjabetze bidezko lur urbanizagarriaren banku publikoaren osaketari ekin. Horretarako, urteko aurrekontuaren zati bat bideratu. Udala finantzatzeko makro operazio urbanistikoei uko egin

o Herritarrek, kooperatiba bidez beren etxebizitzak eraikitzeari erraztasunak eman, udalaren ekimen propioa baztertu gabe. Lanpostu duina. Herritar orok lanpostu duina. Sistemaren porrotak eragindako krisi basati honen aurrean, eta langabeziari aurre egite aldera ezinbestekoa da lana banatzea eta prekarietateari (behin behinekotasuna, azpikontratazioa, lan erritmo biziak, kontraturik eza) aurre egitea, bai administrazioan bertan, baita zeregin horretarako administrazioaren bitartekoak baliatuz ere. Hauek dira ezinbestean garatu beharreko konpromisoak: o Azpikontratekin amaitu. o Martikoenako tailerretan eta oinarrizko udal zerbitzuetan lanean diharduen pertsonala mantendu. o Getxo Kirolak udal erakunde autonomoan zerbitzu enpresen kontratazioa murriztu eta lan poltsen bitartez kontratazio zuzena handitu. o Zerbitzuen pribatizazioarekin amaitu edo amaitzen joan. Bitartean azpikontratatuta dauden zerbitzuetako langileen egoeraren berri jaso, hauen lan eta bizi baldintzak egokiak izan daitezen. Prekarietatearekin amaitu. o Udalean ordu extrak kendu (zerbitzu berezietarako salbuespenak egon daitezke) o Udal langileen lan eta bizi baldintzak hobetu, segurtasuna eta istripuen prebentzioa landuz. o Udaleko lanpostuak betetzeko OPE-ak atera. o Norabide berean, langileen kooperatiben sorrera bultzatu; o Udalaren bitartekoak lan istripuak salatu eta borrokatzeko baliatu. o Udaletik, ekonomia sozial eta kooperatiboaren sustapena eta babesa garatu. o Ekoizpen-kontsumo sare zuzenak bultzatu eta herriko enpresa txikien jarduerari jarraipena egin. Gutxieneko errenta.

Herritar orok bermatutako gutxieneko errenta izan behar du: dela lanpostu duin baten bidez edo dela gizarte soldata bidez. Oinarrizko soldata eta gizarte soldatek pobreziaren mugaren gainetik egon behar dute. Nahiz eta Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta eta AESen banaketaz gain udalek eskubide hau bermatzeko eskumenik ez duten, Udalen esku dagoen heinean informazio zein laguntza zuzenak bideratzeko baliabideak jarriko dira premiarik larriena duten herritarrentzat. Era berean, Oinarrizko Errentak baldintzatzen dituen errenten ordezkapen mailakatuaren aldeko jarrera bideratzea, Oinarrizko Errenta hori unibertsala eta baldintza gabea izan dadin. o Egungo laguntza instituzionalei mozorroa kentzea Bide honetatik, hasteko, lanbidearteko gutxieneko soldata baino diru-sarrera txikiagoak dituzten pertsona guztiek, horrelako laguntzak eska ditzaten ahalegindu behar dugu (eskatzen zaizkien baldintzak betetzen ez badituzte ere), lege-sorta horren izaera murritza agerian utz dezagun. Zerbitzu publikoak eta sozialak. Zerbitzu publikoak, zerbitzu sozialak eta laguntza sozialek bermatutako eskubidea behar dute izan: o Zerbitzu publiko eta sozialen pribatizazio politikarekin amaitu. o Zerbitzu horiek ematearen ardura izango duten langileek lan baldintza duinak izan ditzaten bermatu. o Oinarrizko zerbitzuek doakoak behar dute izan pobreziaren mugaren azpitik aurkitzen den herritar ororentzat. o Horrekin batera, oinarrizko beharrak eta eskubideak izaki, osasunaren nahiz hezkuntzaren izaera publikoa, unibertsala eta parte hartzailea bermatu beharra dago. o Zerbitzu sozialen arloan, umeen zaintzarako guneak, haur eskolak auzoz auzo, jantoki publikoak, zaharren egoitzak, eguneko zentroak eta etxez etxeko zerbitzuak bermatu beharra dago. o Gutxieneko sarrera ekonomikora iristen ez direnak garraio publikoa doan izan dezaten. o Aisialdirako zein kulturarako udal azpiegituretan haurtzaindegi zerbitzua sortu. o Udalaren eskumenekoak diren menpekotasunen bat pairatzen duten pertsonen zaintzarako zerbitzuak, kudeaketa publikokoak izango dira, ez dute ordainketa partekaturik beharko eta dagoen eskaera guztiari erantzuteko adinako aurrekontua izango dute. o Haur eskola, ludoteka eta haur liburutegien sarea bermatu, beti ere, ordutegien malgutasuna, kostua eta adin ezberdinetarako egokiera ziurtatuz, eta, nola ez, behar handiena duen jendarteko sektorearen onerako begira. o Zerbitzu eta laguntza ekonomikoak eskuratzeko oinarrizko irizpidea ez da familia izango etorkizunean, baizik eta eskubide pertsonala. Irizpide horretan oinarrituz bideratuko dira laguntza guztiak. o Adineko pertsonen esku hartzea bultzatuko da kultura, jendarte eta aisialdiko proiektuetan. Ezaugarri hauek dituzten pertsonentzako topa lekuak sortuko dira. o Modulu psiko sozialak bultzatuko dira. o Droga menpekotasunak prebenitzeko programak hobetzea. o Nekezari munduaren beharren azterketa egingo da eta, ondoren, egiten den zerbitzu eskaintza behar horietara egokitua eta neurtua izango da. o Gutxieneko sarrera ekonomikora iristen ez direnak energiaren kontsumoaren (gasa eta elektrizitatea) kostua arintzeko bitartekoak ipiniko dira. o Gutxieneko sarrera ekonomikora iristen ez direnak bizikide-unitate guztien udal zergen ordainketaren luzamendua eskatu. Neurri hau udal askotan aplikatzen ari delarik, Euskal

Herrikoetan ere indarrean jartzea da kontua. o Gutxieneko sarrera ekonomikora iristen ez direnak bizikide-unitate guztien etxebizitzaordainketaren luzamendua Udalari eskatzea. Euro bateko hileko errentaren ordainketa sinbolikoaren eran, eta erabaki hori betetzeko egoki diren neurriak hartzea. o Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko Udal bakoitzak izan beharreko babes protokoloa. o Atal honen barruan, adineko eta pentsionisten errealitateak azpi atal oso baten beharra du. Gero eta gizarte zaharragoa dugu eta honek dituen ondorioak gero eta larriagoak dira. Gizarte bazterkeriak gero eta gehiago harrapatzen du adinduen eremua eta arazo honi aurre hartu behar diogu udaletatik: Heldu eta pentsiodunen elkarteekin harreman zuzena garatuz eta herrira begirako ekimenak bultzatuz Zaharren egoitza eta eguneko zentroen aldeko Udal inbertsioak eginez (Foru Instituzioekin batera). Dagozkien diru laguntza eta babes sozialaren informazio zehatza eta eguneratua eman, bai beraiei baita beren familiarrei ere Etxez etxeko zerbitzu zein tele-alarma bera, baldintzak betetzen dituztenei zerbitzua emateko baliabideak ezartzea, laguntza-orduak gehitzea eta itxaronzerrendei bukaera ematea. Etxeko Laguntza Zerbitzuak atentzio integrala eskaini behar die erabiltzaileei, hau da, pertsonaren behar guztiak ase bete behar ditu, eta bereziki garatuko diren egitasmo guztien aurreikuspenari zein hezkuntzari begira eginikoak. Herriko ekimen kultural, sozial eta aisian, helduen parte hartzea indartuz. Pertsona hauek bilduko diren gune ezberdinak sortuz. Eguneroko bizitza egiteko izan daitezkeen barrera fisiko, oztopo arkitektoniko eta antzekoak ezabatzea. Kaleetan oinezkoei lehentasuna emanez.

3.3.- Emakumearen menpekotasun estrukturala gainditu. Emakumearen menpekotasun egoera, sistema patriarkarrak eragiten duen zapalkuntza estrukturalaren ondorioa da. Jendarte honen antolaketa ekonomiko, politiko eta ideologikoaren oinarrian dagoelako. Hezkuntza, kultura, eremu soziala,... gizarteko eremu guztietan transbertsala den arazo baten aurrean gaude eta konponbidea ere transbertsala izango da: o Modu integralean erantzun behar zaio egoera honi, eta horretarako abiapuntua emakumeen eskubideen aitortzan datza. Udaletatik ekarpen handia egin dakioke eta egin behar da, ikuspegi integral batetik egoera iraultzeko. o Lehenik eta behin, emakumearen egoeraren diagnostikoa egin behar dugu herrian, hainbat arlo ezberdinetan emakumeen eta gizonen egoeraren datuak alderatzeko moduan egoteko. o Zapalkuntza errealitate honi irtenbidea emateko, plangintza integrala egin behar dugu eta plangintza honen jarraipena eta betearazpena. o Ondoren urrats errealak eman eta plangintza berezituak jarri behar ditugu martxan norabide hau urratzeko. o Berdintasuna Udal mailan bultzatzeko, pertsonal eta egitura nahikoak dituen egitura sortzea. o Udal pertsonalaren formakuntza bultzatzea, bai langileena, bai pertsonal politikoarena. o Hirigune handietan eta baldintzak ikusten diren herrietan, Emakumearen Udal Batzordea martxan jartzea beharrezkoa ikusten dugu. Getxon Emakumearen Kontseilu edo Berdintasun Kontseilu parte hartzaile eta irekia behar dugu. o Historikoki arlo pribatura mugatu diren eta publikoki ikusi ez diren emakumeen jardueren

eta espazioen mapa egitea proposatuko dugu. o Kale izendegian emakumeak dagokion lekua behar du. Genero indarkeriari aurre hartu eta gertatuari erantzuteko, honako neurri hauek betetzeko konpromisoa hartzen dugu: o Emakumeen aurkako bortxakeriaren udal diagnostikoa egitea eta, modu horretan, larrien diren lan ildoak finkatzeko datu eguneratuak izango ditugu, arreta berezia udalerri txikietan jarriz. o Emakumeen aurkako bortxakeriaren aurrean arreta eta koordinazioa (zerbitzu sozialak, osasun mundukoak eta lege esparrukoak) indartzeko, protokoloak sortzea edota indartzea. o 24 orduko larrialdi sozialen zerbitzua sortzea eta arreta zuzen eta duina emateko azpiegitura izatea. o Emakumeen aurkako bortxakeria ekiditen laguntzeko aurretiaz egin behar den aurreikuspen eta arreta lana bermatzeko behar den aurrekontu partida ziurtatzea. o Arreta integralaren fase guztietan bortxakeria egoera bizi duten emakumeen seguritatea bermatzea. o Beharrezkoak dituen zerbitzu eta laguntza ekonomikoen babesa bermatzea bortxakeria jasaten duten emakume guztiei eta bereziki bazterketa anitza jasaten duten emakumeei. o Emakumeentzako arriskugarriak izan daitezkeen leku zehatzak ezagutzea eta deuseztatzea. Hiria Kolektiboak gure udalerrirako egin duen diagnostikoan oinarrituta, lehentasunak aztertu, identifikatutako puntu beltzak kendu eta bilakaeraren jarraipena egin. o Sentsibilizatze egitasmoak garatzea bortxakeria sexistaren forma anitzen inguruan jendarte pertzepzioa handitzeko, besteak beste, ezkutuenak eta sotilenak, eta gizon eta emakumeen berdintasuna babesten duten hezkuntza baloreak indartzea. o Bortxakeria sexistaren aurkako borroka islatzen duten egitasmoak eskoletan eta ikastetxeetan garatzea (antzerki saioak, ikus entzunezko emanaldiak, hitzaldiak,...) o Bortxakeria sexistaren prebentziorako programen garapen eta betearazpenean, Ikasketa Zentroen, Eskola Kontseiluen eta Ikasleen Guraso Elkarteen inplikazio handiagoa bultzatzea. o Genero biolentziaren aurkako gako bezala, jabekuntzaren ikuspegitik emakumeen interbentzio guneak bultzatu. o Genero biolentziako kasutan Udalak akusazio partikular modura bere burua aurkeztea. o Bortxakeria jasan eta arrisku egoeran dauden emakumeentzako udal babes etxebizitzak sortzea eta beste udalekin hitzarmenak izenpetzea bortxakeria arrisku horrek biktima udalez aldatzea eskatzen duen kasuetarako. o Biktimizazio bikoitza eta hirukoitza ekidin nahian, genero bortxakeria pairatu duten emakumeen arteko topaketa guneak bultzatzea. o Aparteko jabekuntza ikastaroak eta bitartekoak bortxakeria pairatu duten emakumeentzat. 3.4.- Udal inklusiboak eta migrazio politika Edozein pertsona etorkinekiko pentsamolde arrazistaren aurrean, pertsona orok, gizakia den neurrian, bere eskubide eta arduren jabe dela aitortzen dugu. Gauzak horrela, etorkina lanerako langile merketzat jotzen duen jarrera edota krisialdi ekonomikoaren erdian Ongizate Estatuarentzat karga izateaz gain lan merkatuan konpetentzia desleiala sortzen duelako baztertu behar dela dioen pentsamoldea arbuiatzen dugu. Horregatik, o Euskal Herriko mugen kanpotik datozen pertsonak eskubide sozial, zibil eta politikoen subjektu gisa aitortzen ditugu.

o Etorkinak herri proiektuaren partaide egin eta euskal subjektu kolektiboaren parte aktibo bilakatzeko bitartekoak landu behar ditugu. Gure hizkuntza, hezkuntza eta kulturaren berri eman; gure herriaren eskubideen errespetutik abiatuz, beren sorterriarekin elkartasun bideak irekiz, naziotasun eskubidea zein eskubide horretatik eratortzen diren gainontzeko eskubide guztiak bermatuz. Beste herritarrekin batera, politika publikoen jardueran eta kudeaketan parte hartzea bermatuz. Honako konpromiso hauek hartuko ditugu: Errealitate horren diagnostikoa elkarrekin egitea ezinbesteko ikusten dugu. Ondoren, Plana diseinatu eta ezarri. Interbentzio eta dinamika honetan pertsona hauen jatorri eta egoera legalaz gain, emakumearen egoera modu berezi batean landuko da. Bai diagnostikoa, bai plana, genero ikuspegitik eginak izan behar dira, hau da, modu berezituan hartu behar dira kontutan emakume eta gizonen behar, baldintza eta kokapen desberdinak. Era berean, arrazakeria eta xenofobiaren aurkako eta elkarbizitza eta aniztasunaren aldeko politika baten garapenean partaide izateko eskubidea. Etorkinen Herritartasuna eta Eskubide Politikoak. Herrian bizi eta erroldatzeko eskubidea eta horretarako udalen gaitasun autonomoa eta subiranoa, estatuen eta bere indar polizialen esku hartzerik gabekoa. Prozesu politikoan, zein erabakitzeko eskubidearen irizpideen lanketan herri mailako guneetan parte hartzeko eskubidea. Bere jatorrizko naziotasunaren bateragarria izango den euskal naziotasuna onartzeko eskubidea. Oinarrizko zerbitzu sozialen bidez, errotze mailaren inguruko txostena egitea. Bide beretik, laguntza juridikoa eta soziala eskaintzen duten elkarteei buruzko informazioa banatzea. HELDU-ren desagerpena eta gero, Getxo bezalako udalerri batek atzerritartasunaren aparteko arreta juridiko eta soziala bere egin behar du. Jatorrizko kultura, ama hizkuntza eta sinesmenak mantentzeko eskubidea izan behar dute etorkinek. Baita euskal kultura ezagutzekoa ere. Kulturartekotasuna landu, bertoko kultura ezagutarazteko eta integrazioa errazteko. Eskubide sozial eta ekonomikoak. Berdintasun eta aniztasun baldintzetan insertzioa bermatuko duen harreman laboral, sozial, ekonomiko eta lurralde antolaketarako marko propioaren defentsan aritzeko eskubidea. Lan, osasun, etxebizitza eta gutxieneko diru sarrerak izateko eskubideak bultzatuko ditugu udaletik. Udalak garatutako indartze ekonomikorako programetan, lurralde antolaketaren babesa bilatzen dutenetan, enplegu sustapenean, etxebizitza eta formakuntzan, etorkinen populazioak dituen beharrak gehitzea -bereziki pobrezian eta bazterturik bizi direnena-. Elkarrekikotasunean oinarritutako udal kooperazio politikaren diseinuan eta garapenean parte hartuko dute etorkinek, bereziki etorkinen jatorrizko herriekin. Bide honetan beraien jatorrizko herriekin senidetze politikak garatuko ditugu. Udal langileriaren formazioa atal honi dagokionean, gizarte zerbitzuetan, udaltzaingoan, ... 3.5.- Ekonomia eta ekoizpen bitartekoak Euskal Herriaren eta euskal herritarren zerbitzura. Ekoizpen bitartekoek eta ekonomiak, Euskal Herriaren garapen osoa eta askea ahalbidetzeko bitartekoa izan behar dute. o Bide horretan pribatizazioaren kontra egingo dugu. o Lehen eta bigarren sektoreak defendatu, turistifikazioan eta tertziarizazioan soilik oinarritutako ekonomiari aurre eginez. Gune turistikoen eremuan osagarria izango den sare industrial eta ekonomikoa osatzea ere izango da helburua. o Nazioarteko merkatuen interesen arabera zehaztutako ekonomia tertziari guneen aurka egingo dugu gure herrian. Gure beharren arabera eta modu dibertsifikatuagoan antolatzen saiatuko gara gure sare ekonomikoa.

o Nekazal guneetan, lur kooperatibak garatuko ditugu, lehen sektoreak bizi duen krisi estrukturalari aurre egin ahal izateko. Udalak ahal duen heinean bere azpiegitura eta baliabideak lehen sektorearen mesedetan ere jarriko du. Herri lurren kudeaketan nekazarien hitza entzun eta errespetatuz. Herri lurren erabilera eta garapena herriko lehen sektorearen interesen arabera eginez. Herri lurren alokairu merkearen bitartez nekazariei aukera berriak irekiz. o Arrantza portuak dituzten herrietan ere, eta nahiz eta eskumen gutxi izan, udalak dituen baliabideak sektorea indartzeko martxan jarriko ditu. o Auzo langintzan sakontzeko bitartekoak jarriko dira udaletik- Herri txiki nahiz handi izanik,interes publiko zein kolektibokoak diren ekimenak aurrera ateratzeko elkarlanaren kultura zabaltzea ezinbestekoa da. o Komertzio txikiaren defentsa egingo dugu, merkatal gune erraldoien aldeko politika baztertuz. o Udaletatik ere, nazio eraikuntza eta eraldaketa sozialaren zerbitzura jardungo duen kooperatibismoaren aldeko apustua egingo dugu. o Elikagai soberania garatu.- Elikagai soberania indartzeko politika aktiboak bultzatu behar dira, egun indarrean dagoen nekazaritza industria ordezkatuz. Horretarako, beharrezkoa da Makro azpiegituren bidez zein lurraren etengabeko birkalifikazioaren bidez ematen ari den nekazaritza lurraren suntsiketari amaiera ematea. Udala, bitartekari eta kudeatzaile gisara aritzea, errenta eskuragarrien truke udalaren lurra (lurraren bankua) nekazarien esku uzteko. Nekazaritza Feriak indartzea eta baserritarrek beren produktuak erosleei zuzenean saltzeko udal espazioak erreserbatzea. Politika hori udalak zuzenean edota nekazal garapenerako agentzien bidez gara daiteke. Hazien udal bankuak indartzea. Ekologian oinarritutako ustiapena babestea, bio aniztasuna indartuz (monolaborantza deuseztatu) Uraren, haizearen, lurraren, ... eta gainerako ondasun naturalen kudeaketa planifikatua, kolektiboa eta soziala. Transgenikoen erabilerarik ez. Jabego publikoa duten hiri baratzen ugalketa erraztea. Autogestioan oinarrituriko ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko elkartzea babestea. Ekimen instituzionaletan bertako produktuen ez transgenikoen kontsumoa bultzatzea eta baita jantoki kolektiboetan ere (eskoletan, zaharren egoitzetan, ospitaletan, osasun zentroetan, ...) Udalek Transgenikoetatik Libre izeneko guneak izendatzea eta egitasmo hori baserritarrei eta baratz txikien jabeei luzatzea, gauza bera egin dezaten. Nekazaritza garapenerako funtsak zerbitzuen indartzera, nekazaritza azpiegiturak hobetzera edota eskualde ezberdinen produkzioa handitzera bideratu behar dira, argi indarra eskuratzeko bideak jorratuz, ura eta saneamendu sarea zabalduz, gazteak nekazaritza munduan sar daitezen produktuen eraldaketa zein komertzializazioa erraztuz eta beste motatako neurriak hartuz, beti ere, nekazaritza aktibitatearen bideragarritasuna ziurtatzeko asmoz. Udalerrian dauden beharren azterketa egitea, artisauen produkzio txikia merkaturatzeko eta komertzio txikiarekin lan egitea enplegurako aukera berriak sortzeko. Getxon geratzen diren nekazari eta abeltzainei, eta horretan aritu nahi dutenei, laguntza osoa eman, nekazaritza hurbila eta ekologikoa bultzatuz eta bertoko

nekazaritza produktuen salmenta sareak indartuz. Bertoko nekazaritza produktuen zabaltzea eta kontsumitzea helburu duten kontsumo taldeak laguntzea eta bultzatzea. Zerga politika Ongialdi ekonomikaren urteetan administrazioek dirua biltzeko zerga politikan emandako pausuek zerga egitura gero eta erregresiboagoa eratu dute. Batik bat, zuzeneko zergen bidezko presio fiskala murriztu dutelako. Halakoek zergadunen ekonomi eta zerga ahalmena kontuan izateaz gain, dirudunagoek zerga handiagoak ordain ditzaten gehitze elementuak sartzen dituzte. Egoerari aurre egiteko neurri hauek ezinbesteko ikusten ditugu: o Joera hori zuzentzeko eta egungo larrialdi egoera fiskalari aurre egiteko, ezinbestekoa da zerga erreforma bat abian jartzea: Hau da ezker abertzaletik bultzatuko duguna. o Zerga politika aurrerakoia eta birbanatzailea garatuko dugu. o Udal finantzaketarako diru iturri sendoagoak aldarrikatzen ditugu: Udalen finantziazio justua, duina eta nahikoa exijitzera gatoz. Udalen autonomia eta eragiteko esparrua babestu eta krisiaren aurrean eragile aktiboagoak bilakatu behar ditugu udalak. Horretarako finantziazioa behar dugu eta hori da exijitzen duguna, finantziazio justua eta nahikoa. o Aberastasuna banatzeko apustua. Gehien dutenek gehiago eman behar dute, gutxien dutenek bizi baldintza duinak izan ditzaten. Udal zerga eta tasa politika garatzeko honako norabide hauek proposatzen ditugu: Udalaren kontuak eguneratuak izan eta diru sarreren aurreikuspen zehatza izatea ezinbestekoa da. Era berean, Udal Tasen kostuen azterketa bat egitea nahitaezkoa da. Herriak tasa eta zergen alorrean azken urteetan izan duen bilakaera, kontuan hartzeko erreferentzia izango da. Urte batetik besterakoa baino ikuspuntu luzeagoa izatea ezinbestekoa da. Lanbide arteko gutxieneko soldatara iritsi ez edo oso gertu ibiltzen diren herritarrentzat, hobarien (bonifikazioen) edo zerga-salbuespenen (exenciones fiscales) eskaintza taula onartuko dugu. Gutxien dutenei, udal zerbitzuetarako aukerak, doan edo merkeago emango zaizkie, hori arautuko duen taula onartuko dugularik. Kasu hauetan, ordainketen atzerapen edo zatiketak ere aurreikusiko dira. Oinarrizko zerbitzuen (ura, zaborra, estolderia, ...) gutxieneko erabilera, ahalik eta merkeen bermatu behar du udalak. Kontsumoaren gehitzearen arabera zama fiskala areagotuko da. Lehen sektorearen premien baitako salbuespenak aztertuko ditugu. Hutsik dauden etxebizitzei ahalik eta karga fiskalik handienak aplikatuko dizkiegu. Udal eremuan ematen den iruzur fiskalari aurre egiteko neurri zehatzak hartuko dira, bereziki JEZ (IAE)-ri dagokionean. Herri mailan garatzen ditugun irizpide hauek baliagarriak izango dira, mankomunitate, partzuergo eta gainontzeko udalez gaindiko eremuetarako ere. Hauetatik hainbat irizpide onartuta etortzen badira ere, herriaren behar eta errealitatearen arabera berrikusteko aukera izango da. 3.6.- Lurralde antolaketa sostengarria eta ekologia Egun nagusi den lurralde antolaketak, ez dio erantzuten herritarren behar eta interesei. Ez da ez gizartearen garapen egokiaren norabidean zuzendua ez eta herritarren gehiengoak onetsia ere. Azpiegitura edo proiektu nagusietan, besteak beste, eztabaida eta konflikto sozial handia sor

daitekeen kasuetan, hauek martxan jarri aurretik eztabaida sozial zabalari bide eman behar zaio. Are gehiago baliabide ekonomikoak hain urriak diren garai hauetan. Herri eta hirien garapenak, herritarren behar eta ongizateari erantzun eta Ama Lurrari ahalik eta kalte gutxien egin behar dio. Ez da kudeaketarik onena, gehien eraikitzen duenarena, beharrak eta baliabide natural zein ekonomikoak egokien eta zuzenen kudeatzen dituenarena baizik. Lurra eta eraikuntza dira gaur egunean espekulatzeko erabiltzen diren bi elementu nagusiak. Gutxi batzuk aberasteko, baliabide naturalen txikizioa eta eraikuntza dentsitatea neurri gabe handitu eta azkartzea izan da azken urteotako errealitatea. o Egun martxan diren proiektu txikitzaileak gelditu eta aipatu eztabaida sozial zabalari bide eman beharra dago. Andra-Mari eta Azkorri urbanizatzeko asmo eta proiektuak bertan behera uztea. o Kontsumo basatiaren espiraletik ihesi, zaborraren gutxitzea, birziklatzea eta berrerabilpena garatuko dugu. Norabide horretan zaborra zero helburu izanik, zabor bilketa sailkatuaren aldeko apustua egiten dugu; momentu honetan martxan dauden sistemen segimendua eginez eta emaitza hoberenak ematen dituena lehenetsiz. Era berean gizartearen inplikazioa bilatzeko asmoz, eztabaida soziala sustatu eta bere erabakia errespetatuko dugu. o Hondakin edukiontzien kokapen, garbiketa eta bilketa frekuentziari buruzko azterketa. o Eraikia dagoenari, ahalik eta etekinik handiena atera behar zaio berria eraiki aurretik. o Espazio irekiak aurreikusi behar ditugu, bai eraikuntzen artean eta baita herritarren aisiari begira bereziki prestatuak ere. o Hirian dauden ekipamendu publiko eta zerbitzu berak auzoetan zein udalerrietan herritarren eskura egon daitezen bermatzea. o Hiri kalitate berria indartzea, espazio publiko urbanoak zein periurbanoak hobetuz. Herriko plazak herriaren beharretara egokitu. Masifikatuta dagoenez, ItzubaltzetaRomo auzoak aisialdirako gune libre gehiago behar du. Golf klubak Galean okupatzen dituen udal lurzoruak erabilera eta aisialdi publikoetarako berreskuratu. Galeako dorre-gotorleku eraikina kultura eta hezkuntza helburuak dituen eta erabilera publikoa izango duen proiektu baterako egokitu. Punta Begoako galerien errehabilitazioa eta erabilera publikoa. Portu Zaharreko orubearen erabilera publikoa. o Mugikortasunaren ikuspegitik, oinezkoei, bizikletei eta garraio publikoari lehentasuna emango dieten plangintzak burutu behar dira. Ez da hiri plangintza berririk onartuko, aurretik sektore berri horretan emango diren mugikortasun arazoei eta beharrei irtenbide planifikaturik eman ez bazaie. o Bizitza soziala eta komertziala izango duten auzoen aldeko apustua. Lotarako hiriak sortu eta garraio pribatuaren erabilera bultzatzen duten lur zoru zabalen sorrera ekidingo da. o Alokairuzko bizikleten sistema publikoa indartzea udalerrietan eta txartel bakarraren politikan txertatzea. o Mugikortasun bertikaleko planak o Eskola bidea indartzea o Garraio publiko merke eta funtzionalak sortzea da, herri eta hiriak autoz ez betetzeko dagoen neurririk eraginkorrena. Garrantzi berezia du, hiriguneetatik distantziaz bereizitako auzo eta herri txikiek duten garraio publiko desegokiaren arazoari irtenbidea emateak. Merke eta maiztasun minimo batekin eskaintzen ez baldin badira, eraginkortasuna galtzen dutelako. Industria guneetan, lan ordutegiarekin lotura estua duen garraio publikoa indartzea, dagoen mugikortasunaren beharrei erantzuteko. Zamudioko parke teknologikoa eta Txorierri eskualdea Getxo eta Uribe Kostarekin lotuko duen garraio zerbitzu publikoa ezartzeko pausuak emango ditugu.

o Herria edo hiria oinezkoei lehentasuna emanaz antolatu behar da. o Era berean, eremu publiko zein pribatuan, ezindu fisikoentzat irisgarritasuna egokitu behar da, jada eraikitako eraikinetan muga arkitektonikoak kenduz eta eraikitzear daudenetan kontuan izanik. o Euri jasa handiak direnean saneamendu sarean atzeman diren arazoak konpondu eta oro har saneamendu sarearen egokitze lanetan inbertsioak egin. o Isurketa kutsatzaileen salaketa eta zainketa sistematikoa egitea. o Autoek eta motorrek eragindako kutsadura akustikoaren kontrola. o Bidezabal eta Algorta geltokien arteko Metroaren lur gaineko ibilbidean soinu panelak jartzea, beti ere paisaian izan dezaketen eragina ondo baloratu ondoren. o Lur kutsatuen katalogoaren gaurkotzea eta berauen zainketa. o Kutsadura elektromagnetikoaren (telefonia antenak eta argindarra) azterketak eta aldian aldiko kontrolak. o Zabor sortzaile handienei eta biltzeko paper zein plastikozko poltsa sortzaile nagusiei zergak handitzeko aukera izan dadin, araudiaren aldaketa aldarrikatzea. o Udal eraikinetan energia bereganatzeko iturriak handitzea (eguzki panelak edota fotoboltaikoak, haize generadore txikiak, zentral hidrauliko txikiak...) o Kandelu errekaren arroa eta inguruak berreskuratu, natur gune izaera babestuz. o Bolue paduraren zainketa integrala. Espezie aloktonoen ugaltzea kontrolpean izateko lanak burutuko dira eta gehiegizko lohiak pilatzea ekidingo da. o Gobela ibaiaren berreskurapena bere ibilbide osoan. Uholde lautadaren eremu ahalik eta zabalenak natur gune gisa egokitu eta helburu horrekin bateragarria den aisialdirako baliatu. Oro har ontzat ematen dugu Ura Proiektua bezala ezagutzen dena eta lanak azkartzea bultzatuko dugu. o Hirigintza plangintzatik Portu Zaharra-Arrigunaga pasealekua kendu. 3.7.- Gazteria Gazteriak egun bizi duen egoeraren aurrean, atal eta arlo ezberdinak jorratzen dituen gazte politika integrala garatzea ezinbestekoa da. Langabezia, etxebizitza lortzeko arazoak, kontsumismoan oinarritutako aisialdia eta kultura,... horiek eta beste asko atalez atal landu ditugun proposamenetan izan dute isla zuzena. Edonola ere, eta horietaz gain, honakoak ere azpimarratu nahi ditugu: o Gazteek erabakitzeko eta antolatzeko guneak bultzatu eta errespetatuko ditugu. o Gazteek autogestionaturiko espazioak sortzea eta jada daudenak bultzatzea: Itzubaltzeta Gaztetxea, Txorimalo Gaztetxea, Eztabaida Gune Antiautoritarioa, Koska Irratia, ... o Entsegu eta sorkuntza artistikorako aretoak eskaintzea . o Etxebizitza politika garatzerakoan, gazteek pairatzen duten arazoari garrantzi eta interes berezia jarriko diogu. o Enplegu politikaren alorrean, gazteriaren errealitate berezitua aztertu eta landuko dugu informazioa eta harreman zuzena garatuz. o Gazteria udal jardueraren partaide izan dadin, demokrazia parte hartzailearen norabidean, bideak irekiko ditugu; herriko gazte kolektiboei ahotsa emango diegu. o Lonjen aisialdirako erabilera dinamizatzeko plana eta erabilera hau arautzeko Udal Ordenantza egitea. o Gazteriaren aisialdi guneetan drogen kontsumoari buruzko informazioa eta jendeak kontsumitzen dituen sustantzien analisiak eskaintzea. 3.8.- Kirolak

Kirola, lehiaketa mundutik haratago, herritarrentzat osasuna, aisialdia eta harreman sozialak indartzeko bitartekoa da. Beste hitzetan esanda, ongizatea osatzen duen beste atala da, ondorengo neurriekin bermatu behar dena: o Erabiltzailearen errenta mailara egokitutako tarifak, arreta berezia jarriz langabezia egoera daudenengan. Irizpide sozialak eta progresibitatea aintzat hartuz, Getxo Kirolak-eko tasen azterketa zehatza egingo dugu. o Bai amateur zein profesional mailan, emakumeen kirola azaleratzea eta indartzea, bereziki erabat gizon munduarekin lotuta ageri direnetan. o Emakumeen parte hartzea sustatu eta emakume gazteei zuzendutako programak bultzatu, bereziki nerabeentzat, adin honetan kirol praktika alde batera uzteko joera handia dagoelako. o Emakumeen kirol federatua lagundu, laguntza teknikoa eskainiz, Getxo Kirolaken aldetik instalazioak eta ekipamenduak utziz eta aparteko diru laguntzak emanez. o Eskola kirola eta hirugarren adinekoena indartzea. o Ikas orduetatik kanpo, ikasketa zentroetako kirol azpiegiturak zabaltzea, herritarrek erabiltzeko aukera izan dezaten. o Herri kirolen sustapena eta balorazioa ,eta hauen eskolaratzea. o Kirola egiteko espazio irekiak eta doakoak indartzea. Getxo Kirolakek kirol jarduera dinamizatu behar du eta kalean agerikoa izatea lortu. Kiroldegiek kirola egiteko ohitura duten pertsonak erakartzen dituzte, baina eskaintza zabalagoa egin behar da eta bestelako jendea erakarri. Horretarako eskalada egiteko instalazioak behar dira (bulder), mendi irteerak, skate-parkeak, hondartzak eta pasealekuak bezalako baliabide batzuk gehiago baliatu, eta abar. o Lehiaketarik gabeko eta arautu gabeko kirola indartzea: Jendea kirol egiten laguntzen duten kirol begiraleak ordu zehatz batzuetan hondartzetan eta kale gimnasioetan. o Getxo Kirolak udal erakundeak eskaintzen dituen kirol ikastaroetako plazak handitu eta itxaron zerrenda murriztu. o Andra Mari kiroldegian erabilera anitzeko aretoak egin, ekipamendu honi erabilear aldetik etekin handiagoa ateratzeko. 3.9.- Internazionalismoa Euskal herrietatik, eta Euskal Herritik, munduko beste herrien nazio eta sozial askapen borrokekin elkartasuna garatu behar dugu. Internazionalismoa eta kooperazioa ezin dugu ulertu urtean diru kopuru bat hirugarren mundura bideratzea soilik. o Eremu honetan, Euskal Herriaren askapen nazional borrokaren berri munduan zehar zabaltzea dugu helburu, besteak beste. o Beste herri hauekin elkartasun politiko eta kulturala garatuko dugu, guk gure borrokaren berri emanez eta beraiena gurean zabalduz. Horretarako, ekimenak antolatuko ditugu. o Euskal Fondoa, izango dugu elkartasun eta kooperaziorako gune nazional nagusia. Bertan parte hartuko dugu eta bere baitan erabakitzen diren ildoak garatuko ditugu. Udaletik udalerako elkartasuna bideratzen duen heinean, oso baliagarria da, bai garatzeko, baita proiektuen kontrola eramateko ere. o Urteko aurrekontu finkatuaren % 0,7 izango dugu erreferentzia gisa eremu honetarako. o Demokrazia erradikalarekin eta giza garapen osoarekin bat eginik dauden Hegoaldeko lurralde txirotuekin harreman estrategikoak sortzea eta indartzea. o Udal aurrekontuaren atal bat egungo sistemak mundu mailan sortzen dituen desoreka estrukturalak Euskal Herrian ezagutuak izan daitezen erabiltzea, baita giza eskubideen bortxaketak salatzeko ere.

3.10.-Udaletik, bizi-eredu eta harreman-molde askatzaileak sakondu eta praktikan jarri. Bestelako balore askatzaileak aldarrikatu eta jendarteratu behar ditugu, baita Udaletatik ere: Mentalitate merkantilista alboratu eta gauzen erabilpen balioa sustatu. Sexu arteko bereizkeria baloreak suntsitu eta parekidetasun baloreak jendarteratu. Kontsumismoa baztertu eta zentzuzko kontsumoaren aldeko jarrerak bultzatu. Indibidualismoa eta norberekeria alboratu eta jarrera eta jokabide kolektiboak eta elkartasuna eta eskuzabaltasuna indartu. o Segurtasunaren aitzakian burutzen den kontrol soziala borrokatu. Neurri zehatz bat: Udaletxe sarbideko segurtasun arkua eta izpiak ketzea. o o o o Emakumezkoen menpekotasun egoeran sustengatzen diren harreman-moldeak aldatu eta harremanmolde berriak sortu beharra dago. Funtsezkoa da bizi-eredu eta harreman-molde askatzaileak elikatuko dituzten espazioak eta egitasmoak sortzea, sustatu eta babestea, hala nola, gaztetxeak, trukerako azokak, bigarren eskuko azokak, auzolana, birziklapenerako egitasmoak... Norabide honetan, honako neurri hauetan sakondu beharra ere ikusten dugu: o Udalak ez du parte hartze instituzionalik izango emakumeak baztertzen dituen ekitaldietan. o Publikoak diren udal eraikinetatik erlijio ikur guztiak kentzea, Udaletxeko Udal Batzar Aretoko gurutzea eta Algortako Villamonte kultur etxearen kanpoaldean dagoen gurutzea kendu. o Iragarkietarako dauden udal espazioetan edozein erlijiotako inolako mezu edota ikurrik azaltzen ez dela bermatzea. o Erritu zibilerako instalazioak hilerrietan sor daitezen bultzatzea eta aldi berean erritu zibil eta laikoetarako gune publiko estalia sortzea. o Elizak behar ez bezala eskura ditzakeen udal ondarearen inbentario osoa egitea. o Inolako konfesio erlijiosoari lehentasunik ez ematea bere tenpluak eraikitzeko baimena o eskatzean. Ekipamendurako lur sailik ez ematea.

También podría gustarte