Está en la página 1de 3

E-28 MANIFESTUA:

IKUSGARRIAK, ANITZAK ETA OSASUNGARRIAK.

GORA GU ETA GURE GORPUTZAK


Soropilak, maritxuak, marigizonak, zaharrak, marizoroak, feministak, marimutilak, definitu gabekoak, putak, desbideratuak, umemokoak, paperik gabekoak, gaixo mentalak, heterointsumisoak eta mestizoak gara eta harro gaude gizarte aske eta anitz batean sinesten dugulako. Aurten kolektibo ezberdinetako pertsonak bildu gara, aldarrikapen ezberdinekin lesbianen, gayen, transexualen, intersexualen, bisexualen eta abarren eskubideekin bat egiteko. Ahots bakarra izan nahi dugu sexu eta identitate sexualaren askatasunaren nahiz desioaren orientazioaren eskubidearen alde. Uste baitugu horiek pertsona guztiak ukitzen gaituztela eta gizon-emakume guztion ondare direla. Hala ulertzen dugulako, defendatu egiten dugu eta gizartea deitzen dugu elkarrekin bekatuaren eta bazterkeriaren katakonbetara kondenatu nahi gaituztenen aurka egiteko. Indarkeria sexistak dituen forma guztietan irauten du: emakumeen aurka, homosexualen aurka, trans pertsonen aurka eta esparru guztietan: lanean, ikastetxeetan, kartzeletan nahiz komisarietan, kalean eta komunikabideetan. Ez gaitezen engainatu, ezkontzeko legea dugun arren eta telesailaren batean agertzen garen arren, transmaribollofobiak sistema heteropatriarkalean errotuta jarraitzen du eta lege konkistak galdu daitezke. Horregatik: 1. IKUSGARRI azaldu nahi dugu. Ez gara sartzen egin dezatela nahi dutena baina beraien etxean esaten dutenen joko hipokritan. Besteen aurrean agertzen gara eta estereotipo erotiko nagusiekin bat ez datorren emakume biluzien irudiaren zentsura salatzen dugu. Nazkatuta gaude askatasun erlijiosoa edo eskandalu morala aitzakiatzat hartuta, pertsonak kriminalizatzeaz eta argitalpenak zentsuratzeaz. Gure gorputzak nahi ditugunean, eta ez industriari egoki iruditzen zaionean, erakusteko dugun eskubidea aldarrikatzen dugu. Ikastetxeetan armairuak kentzea aldarrikatu eta defendatzen dugu. Gogaitzen gaitu adingabekoen babesari buruzko argudio faltsuak entzuteak, ezkutuan horien eskubideak murriztea helburu dutenean. Haurraren batek ezarritako rolekin bat ez egiteagatik tratu txarrak jasatea edo baztertua izatea ekidingo duen osoko sexu heziketa plural baten alde egiten dugu. Era berean, irakasleak armairutik ateratzearen alde gaude. Izan ere, ikastetxe askotan ez-ikusiarenak izatera kondenatuak baitaude. Horrekin lotuta, politika sexistak edo/eta transmaribollofobikoak bultzatzen dituen edozein entitate erlijiosori edo bestelako izaeradun entitateri finantzazio publikoa kentzearen alde gaude baita LGTBIQ pertsonen aurkako gorrotoa babesten edo sustatzen duten langileak kargu publikoetatik kentzearen alde ere.

2. ANITZAK gara. E-28 Plataformakook pertsona guztiak nahi dutena eta nahi duten bezalakoak izateko askatasunaren alde gaude eta identitatea faktore askorengatik eta denboran zehar aldatu daitekeen egitura gisa ulertzen dugu. Hortaz, fosilak izango bagina bezala etiketatu nahi gaituzten edo bizitza osorako ezaugarri batzuk ezarri nahi dizkiguten arauen aurka gaude. Pertsonak jendaurrean eduki nahi duten identitatearekin zerikusia duten erabakiak ez ditugu osasun erakundeen edo erakunde juridikoen esku utzi nahi. Pertsonek adierazitako identitateak errespetatzea eskatzen dugu. Pertsona guztiak gizon ala emakume gisa ez identifikatzearen eskubidearen alde gaude eta uste dugu dokumentu ofizialetan ez lukeela sexuaren aipamena derrigorrezkoa izan behar. Gainera, eskatzen dugu legalki gizon nahiz emakume gisa identifikatzen gaituzten izenen araudia bertan behera gelditzeko. Era berean, trans edo intersexualak diren pertsonentzako, adingabekoak eta etorkinak barne, normalizazioko mediku-protokoloen eguneratzea eskatzen dugu. Batetik, pertsonek garapen pertsonala urratsez urrats erabakitzeko eta informazio on batekin kudeatzeko duten eskubidea beti bermatua izan dadin, eta bestetik, eskubideak aitortuak izateko protokolo horietara jo beharra derrigorrezkoa izan ez dadin. Horrekin batera, transexualitatea gaixotasunen liburuetatik (DSM-V eta CIE-11) kentzeko eskatzen dugu hurrengo eguneratzean. Anitzak garenez, pertsonek nahi dutenarekin eta nahi duten moduan erlazionatzeko duten eskubidea aldarrikatzen dugu. Eredu tradizionala da, hein handi batean, pertsona askok, emakumeek bereziki, jasaten duten indarkeriaren arduradun. Eredu horrek harreman matxistak eta norbaiten menpekoak bultzatzen baititu. Irmoki gaitzesten ditugu familia tradizionala modu baztertzaile batean defendatzen duten pertsonak. Izan ere, pertsona horiek erlazionatzeko bestelako moduei ordezkaritza nahiz ondorio legalak (fiskalak, ugalketarekin lotutakoak etab.) eta errekonozimendu soziala kentzea helburu baitute. Edozein motatako harremana eta familia egitura defendatzen ditugu. Hori dela eta, uste dugu babes legala eredu guztietara zabaldu behar dela, lesbianen, transexualen eta bikoterik gabeko pertsonen ugaltze eskubidea bermatu behar dela eta seme-alabatasun eskubidea aitortu behar dela ezkondu beharrik gabe eta biologia kontuan hartu gabe. 3. OSASUNGARRIAK gara. Plazer sexuala osasun iturri gisa aldarrikatzen dugu eta uste dugu pertsona guztiek dutela eskubidea plazer sexual hori gozatzeko norberaren desioa eta partekatu nahi duten pertsonenganako errespetua ez beste mugarik gabe. Gorputz desiratuak eta desiratzaileak gara eta sexuaren inguruko taburik gabeko gizartea nahi dugu. Izan ere, tamalgarria bada ere, emakumeen desioa subjektu aktibo gisa, ezgaitasunen bat duten pertsonen desioa eta edadetuena tabu handiak baitira oraindik. Ez gara ezaugarri zehatzak dituzten objektuak, subjektu osoak eta askeak gara eta gure gorputz desiratzaileak aldarrikatzen ditugu, guk geuk eraikiak eta guretzako baitira.

Bestalde, gure plazerra, gurea baita, eta gozatu nahi duguneko pertsonena edozein arauren gainetik jartzen dugu, araua medikoa edo merkatuarekin nahiz errentagarritasun politikoekin lotua delarik ere. Edozein motatako sexu-abusuak salatzen ditugu, emakumeen, adingabekoen edo pertsona guztien sexu-askatasunaren aurkakoak. Era berean salatzen ditugu, halako praktikak babestu dituzten zenbait kargu eklesiastikok egindako adierazpen higuingarriak. Edozein motatako sexu esplotazioa salatzen dugu eta sexu zerbitzuak kontraprestazio ekonomiko baten edo beste motatako kontraprestazio baten truke eskaintzen dituzten pertsonei oinarrizko eskubideak aitortzea eskatzen dugu, betiere pertsona horiek askatasun osoz jarduten dutelarik eta ahultasun egoerengatik behartuak ez direlarik. Heziketa Sexuala Orain eskatzen dugu, plazerdun sexu harreman kontzienteak edukitzea ahalbidetzeko ikasgela baita genero berdintasunaren eta sexu aniztasunaren errespetua sustatzeko gune garrantzitsuena. Sexu transmisioko gaixotasunen aurkako borrokari dagokionez, administrazioak prebentzio kanpaina baikorretan parte hartzea eta osoko arreta eskaintzea aldarrikatzen dugu. Era berean, eskatzen dugu, pertsonak beraien sexualitatea modu osasungarrian bizitzeko duten eskubidea nagusitzea, horretarako beharrezkoak diren baliabideekin, inor baztertu gabe eta interes ekonomiko transnazionalen gainetik, bereziki farmaziakonpainien interesen gainetik. Era berean eskatzen dugu, emakumeen gorputzean eta araututa ez dauden gorputzetan ikerketa zehatzak egiteko. Dirudienez, emakumeen gorputzak ugalketa interesa baino ez du zientziarako. Ohartarazi nahi dugu, praktika lesbikoetan sexu transmisioko gaixotasunei buruzko ikerketan, tratamenduan eta dibulgazioan gabezia lotsagarriak daudela baita emakumeen plazerrari buruzko manifestaldi fisikoei dagokienez ere, emakumezkoen eiakulazioari dagokionez esaterako. Pertsona migratzaileek identitate sexualarengatik edo desioaren orientazioarengatik asiloa eskatzeko eskubidea izan dezaten defendatzen dugu. Desioetaz, gorputzaz eta sexualitateaz harro egonik, geure burua ikusgarri, anitz eta osasungarri aldarrikatzen dugu. Gora gu eta gure gorputzak!

E28 PLATAFORMA NUPeko Asanblada Libertarioa - Asanblada diverGENerANITZa - Bilgune Feminista - HIESaren kontrako Batzorde hiritarra - Nafarroako Gazte Kontseilua - Ehgam Nafarroa - Ilota Ledo Kattalingorri Lamias Lumatza - Mdicos del Mundo - Sare

También podría gustarte