Está en la página 1de 3

SARDINA ETA ILARGIA

Behin batean, itsasoa ilunpean gelditu zen orduan, sardina ttiki batek argitasun
txuri-txuri bat sumatu zuen.

- Zer gertatzen da? Zer da argitasun hori? Galdetu zuen.


- Ez dakigu zer den, baina hobe zenuke gauza horietaz ez arduratzea.
Arriskutsua izan daiteke eta.

Erantzun zioten. Baina jakina, sardina ttiki hura, sardina ttiki guztiak bezala,
jakin minez, eta ausardiaz beterik, ez zegoen sardina heldu haien aholkuei
jaramon egiteko prest.

- Ni ez naiz beldur! Ur azalera joango naiz, eta misterio hau argituko dut!

Esan eta egin! Taldetik banatu eta gora eta gora hasi zen igeri.

- Baina, nora zoaz? Zatoz hona! Ez igo! Argi horrek jan egingo zaitu!
Esaten zioten. Baina berak entzungor eginez, igerian jarraitu zuen bere
indar guztiekin.

Zenbat eta gorago igo, ura epelagoa zen. Eta indarrak gutxitzen hasi zitzaizkion
heinean, beldurra handitzen. Orduan ikusi zuen han goian, biribil distiratsu bat,
marmoka bat gogorarazi ziona.

Begira-begira geratu zen. Zein ederra! Zein misteriotsua! Eta hantxe geratu zen
ilargiarekin liluratuta. Ametsetan bezala. Eta horrela egon zen denbora luzez.
Ez zekien zenbat denbora igaro zen. Eta azken begirada batekin agur esan
zion, oso berandu baitzen.

- Itzuli da! Itzuli da! Esaten zuten bere kideek, ikusi zutenean.
- Zer ikusi duzu? Zer zen argi hori? Seguru estralurtarrak zirela! Esaten
zuen beste sardina ttiki batek.

Eta berak ikusitakoa kontatu zien denei.

Hurrengo gauean, berriro joan zen ilargia ikustera. Eta bezperan baino
ederragoa iruditu zitzaion. Bere inguruan beste argi ttiki asko ikusi zituen. “Bere
umeak ote dira?” pentsatu zuen. Hurrengo gauean, berriz, hodei lodiek
estaltzen zuten zerua, eta ezin izan zuen beste ezer ikusi. Bera, ordea, ilargia
ikusteko irrikaz zegoen. Eta bai, halako batean ilargia ikusi ahal izan zuen,
baina,… Hura sorpresa! Bazen zerbait harrigarria. Ilargia, dagoeneko, ez zen
biribila! Ertz batean xerrenda luxe bat falta zuela zirudien! Horrek kezkatu egin
zuen sardina. Egia ote zen ikusten zuena?

Gauero segitu zuen ilargiari bisitak egiten. Egia zen! Ilargia ttikitzen ari zen!
Gero eta ttikiagoa zen! Zomorro batek jango balu bezala. Edo… gaixorik balego
bezala! Xerra mehe bat besterik ez zen gelditzen zeruan, eta oso triste zegoen
sardina. Azkenik, ilargia desagertu zen gauean, negar eta negar egin zuen
sardina gaixoak.

-O! Betirako joan da ilargia! Ez dut inoiz gehiago ikusiko!

Itsasoko sakontasunean murgildu zen etsiturik. Eta horrelaxe ikusi zuten


besteek, goibel, burumakur, erabat lur jota.

- Nire laguna galdu dut! Esan zien. Ez dut inoiz gehiago ikusiko! Eta
negarrez hasi zen berriro. Inork ezin izan zuen kontsolatu gaixoa.

Egunak pasatu ziren eta ez zuen inorekin hitz egin nahi. Bakarrik egon nahi
zuen.

Baina halako batean, beste sardinatxo bat hurbildu zitzaion esanez:

- Badakit triste zaudela, baina gauza bat esan behar dizut. Nik…beno…
Niri iruditu zait… Zera… ba…argi ttiki bat ikusi dudala han goian, eta
zera bururatu zait, agian zure laguna itzuliko zela behar bada.

Sardina ttikiak ez zuen erantzun. Begira-begira gelditu zitzaion, entzundakoa


ulertuko ez balu bezala, Eta gero, poliki-poliki, gorantz begiratu zuen.

Egia zen! Argi-izpi ahul bat ikus zezakeen.

Bere lagunari begirada bat eskaini zion, eta hitzik esan gabe, gorantz abiatu
zen, bere lagunak atzetik jarraitzen ziolarik.

Ur azalera iritsi zirenerako bihotza lehertzear zeukaten biek, hain ziren azkarrak
beren bihotz-taupadak. Eta… BAI! Zeru goian argi-lerro mehe bat ikusi zuten.
Berak ondo ezagutzen zuen lerro biribildu bat.

Pozaren pozez saltoka eta jauzika hasi zen sardina ttikia. Eta gero, bere
lagunari azaldu zion, hasieran ilargi biribil argitsua zena, gauero-gauero pixka
bat ttikiagoa bihurtu zela, orain ikusten zen neurrikoa bihurtu arte. Eta gero
erabat desagertu.

- Agian orain poliki-poliki berriro osatuko da!

Eta gauero-gauero, biak elkarrekin joaten ziren, ilargiak zer egiten zuen
ikustera.

Hala, pixkana-pixkana handitzen ikusi zuten, biribil argitsu bat egin zen arte.

Oso pozik zeuden bi sardinak, ilargiaren misterioa argitu zutelako, eta


hurrengoan ttikitzen hasi zenean, ez ziren kezkatu, zeren eta ondo zekiten,
nahiz eta desagertu, berriz ere azalduko zela zeruan.
Geroztik ilargia eta izarrak aztertzen jarraitu zuten. Horrela asmatu zuten
itsasgora eta itsasbehera ere ilargiaren eraginez gertatzen zirela. Beraiek izan
ziren lehenengo sardina astronomoak.

Hala bazan edo ez bazan, sar dadila kalabazan, eta atera dadila herriko plazan.

EGILEA(K): Asier eta Xabier Olaziregi (Lezo)

También podría gustarte