Está en la página 1de 2

NIRE IZEBAK MAGIA EGITEN DU

Ezagutzen al duzue Mirenen istorioa? Ez? Bada, nik kontatuko dizuet.

Miren neskatxa jator eta polit bat da. Herri txiki polit batean bizi da bere familiarekin.
Mirenek izeba bat du eta berarekin mendi aldera joatea oso gustuko du.

Mendira egindako bueltaxka haietan, behin baina gehiagotan, izebak lore txiki batzuk
biltzen zituela ikusi izan zuen Mirenek eta haietako batean horrela galdetu zion izebari:

- Izeba, zergatik jasotzen dituzu hain lore txikiak? Niri bitxiloreak dira gehien
gustatzen zaizkidanak. Politenak dira txarro batean uretan jarri eta etxea apaintzeko, baina zuk
biltzen dituzunak, txikiegiak dira horretarako.

Izebak barre egin zuen.

- Hara, nik jasotzen ditudan loreak ez dira lore soilak, magia egiten dut nik hauekin.

Neskatxak begiak zabal-zabal zituela begiratzen zion izebari eta berriro ere galdetu
zion:

- Baina, nola egingo duzu magia belar horiekin? Nik ikusi nuen behin mago bat
herriko plazan magia egiten eta ez zuen horrelakorik erabiltzen. Txano bat hartu eta barrutik
untxia ateratzen zuen. Belar horiekin ezin duzu zuk horrelakorik egin, izeba!

Izebak berriro ere barre egin zuen:

- Hara, belar hauek sendabelarrak dira. Etxera eraman eta han jendea sendatzeko
botika eta ukenduak prestatuko ditut.

- Aizu, izeba! Nola dakizu zuk belarrekin jendea sendatzen? Non ikasi duzu?

- Bada, niri nire izebak erakutsi zidan eta hari haren izebak, ari harenak…

Miren zur eta lur geratu zen.

Etxera iritsi zirenean izeba lanean hasi zen, sendabelar haiek guztiak sailkatu eta
bakoitzarekin beharrezkoa zena egiten hasi zen: batzuk buruz behera zintzilik jarri zituen
lehortzeko, besteak botilatxo txiki batzuetan sartu zituen, besteak uraren antzeko likido batean
sartu… Bitartean neskatxa txikiak adi-adi entzun eta erne begiratzen zuen izebak esan eta
egiten zuen guztia.

Egun batean, berriro ere joan ziren biak, beste askotan bezala, mendira paseatzera,
baina oraingo honetan gauza berezi bat gertatu zen. Izebak sendabelarrak jasotzen zituen
bitartean, iloba geldirik ez zegoela konturatu zen. Tira, ez zen sekula geldirik egoten, baina
egun hartan Miren txikia ez zen hain gustuko zituen bitxiloreak biltzen ari. Oraingoan,
eskuetan zeramatzanak sendabelarrak ziren: pasmobelarra, belar-mina, azeri-buztana…

- Zertan ari zara, Miren? –galdetu zion izebak.

- Bada, zuk bezalaxe, nik ere magia egin nahi dut eta jendea sendatzen laguntzeko,
zuk dakizuna irakastea nahi dut.

Izebak konforme zegoela esan zion eta hala egin zuen. Urteak joan ahala, Miren txikia
hazi egin zen eta neskatxa gazte egin zenean naturaren zientzia ikasi zuen, biologia ikasketak
egin zituen, ordurako zaharra zen izebari lagundu ahal izateko. Biologia ikasketak bukatu
zituenerako, izebak, berak sendabelarrei buruz zekien guztia erakutsia zion ilobari. Hala esan
zion izebari egun batean:

- Izeba, prest nago zuk bezala, magia egin eta inguruko guztiak sendatzeko.

Handik aurrera, Mirenek ingurukoak sendatzeaz gain, izan zuen beste lantxo bat:
izebaren, izebaren izebak ilobari eta honek bereari erakutsitako guztia ilobari erakustea.

Hala bazan eta ez bazan, sar dadila kalabazan, eta atera dadila, Oiartzungo plazan.

Egilea: Lurdes Garmendia Bengoetxea (Oiartzun)

También podría gustarte