Está en la página 1de 3

MAKOKEREN NAHASTEA

Makoke bederatzi urteko neska bat zen. Bere ilea ikatza bezain beltza zen eta bere
begiek, nire amona Karmenek egiten zuen txokolatearen kolorekoak ziren. Igeri egitea
zuen gustukoa, oso alaia eta maitagarria zen, berritsu xamarra, eta bere gauzak beti
nahiko nahastuak izaten zituen:”Ama, non dago jantzi urdineko, nire panpina?, Ama,
non dago hartzak dituen nire arkatza?, eta nire bainujantzia?”. Inoiz ez zuen ezer
aurkitzen.

Makokek Txisko izeneko txakur beagle bat zeukan, potoloa, on itxurakoa eta ile marroi
eta zurikoa zen. Egun batean ile apaindegira eraman zuen bere ile ugaria moztera. Ile
apaindegiko bidean berak zer egingo zuen pentsatzen zihoan Txisko han zegoen
bitartean: atzo liburu dendako erakusleihoan ikusi zuen arkatz bat erostera joango zen,
gero txikle bat erosiko zuen eta azkeneko bere lagun Magalirekin jolastuko zen.

Pentsamendu horietan zebilen Makoke ile apaindegira iritsi zenean.


- Kaixo Makoke, nolatan hemen?-galdetu zion Lusok.
- Kaixo Luso, Txisko ekarri dut ilea moztera -erantzun zuen Makokek.
- Oso ondo, utzi hemen, eta ordu batean etorri bere bila -esan zion Lusok

Txiskori muxu handi bat eman ondoren gero arte esan eta joan egin zen.

Horrela, Makokek bere buruan zeuzkan plan guztiak egiten hasi zen. Lehenengo liburu
dendara joan zen.
- Kaixo -esan zuen Makokek -erakusleihoko hartzadun arkatz arrrosa hori nahi
dut.
- Oso ondo, hemen daukazu. Bi euro dira -esan zuen dendariak.

Bere eskuetan hartu ondoren, liburu dendatik atera zen, Ferminen kioskora joateko
asmoz. Han bi txikle erosi zituen, bata beretzat, eta bestea bere lagun Magalirentzat, eta
parkera jolastera joan zen bere lagunarengana. Arratsalde osoa igaro zuten parkean:
zabu batetik bestera, igo hemen eta jaitsi han, salto hemen eta jauzi han. Bat batean
Makokek ordularia begiratu zuen eta konturatu zen hiru ordu igaro zirela Txisko ile
apaindegian utzi zuenetik, orduan korrika eta presaka bere laguna agurtu zuen,
biharamunean ikusiko zirela esanez eta txistu bizian joan zen. Makoke korri eta korri
zebilen baina ez zuela gehiegi aurreratzen iruditzen zitzaion, hain ikaragarria zen
iristeko gogoa eta bere txakurra jasotzeko gogoa. Ile apaindegira iritsi zenean, ikusi
zuen itxita zegoela, orduan beste izkinara joan zen beste atetik sartzeko asmoz, baina
hau ere itxita zegoen. Makoke oso triste eta errudun sentitu zen eta negarrez hasi zen.
Negar eta negar ari zen konturatu zenean malkoek bere hanken aurrean putzu zulo bat
eratu zutela. Orduan ulertu zuen oso arduragabea izan zela bere txakur maitea ahaztu
zuelako. Makokek ez zuen beste pentsamendurik buruan:Txisko zein gaizki pasatzen
ariko zen, berak ahaztu zuelako. Pentsaera hauetan zebilen, lurrera begiratu zuenean eta
ikusi zuenean bere malkoek eratutako putzu zuloak bihotz itxura zuela, orduan argi
ikusi zuen zerbait egin behar zuela bere laguna lehenbailehen berreskuratzeko.

Egingo zuen lehenengo gauza Luso non bizi zen jakitea zen, eta gogoratu zen behin
batean Txisko ile apaindegira eraman zuenean, Luso berak esan ziola Larrunarri kalea
inguruan bizi zela. Inoiz bezain azkar harantz joan zen Makoke. Iritsi zenean aulki
batean eserita zegoen andre bateri galdetu zion.
-Barkatu andere, mesedez jakingo zenuke esaten hemendik bizi den Luso izeneko
mutil bat?-galdetu zuen Makokek.
-Luso, Luso,..Hori izen arraroa -erantzun zuen andreak -Ez dut inoiz entzun
horrelako izenik, baina orain gogoratzen naizela, ni gaztea nintzenean, gizon bat
ezagutu nuen....

Eta hasi zen kontatzen Makokeri iruditu zitzaion istorio bukaezin bat. Andreak bukatu
zuenean, pixka bat aurrerago jarraitu zuen eta kapeladun gizon batekin gurutzatu zen,
beretzat handi eta arraro xamarra, baina...

-Barkatu gizon, ba ahal dakizu hemendik bizi den gazte bat Luso izenekoa?-galdetu
zion Makokek kapela erraldoia zeukan gizonari.
-Luso, Luso. Hori izen arraroa -erantzun zuen gizonak -Ez dut inoiz entzun
horrelako izenik. Baina orain pentsatzen dutela, Luso ahal zen izan: Yuso, Suso ,Peluso,
Filete Ruso, baina ez, ez dut inor ezagutzen izen horrekin. Agur.

Eta kapela alde batera ezarri ondoren aurrera jarraitu zuen. Handik hona nora joan jakin
gabe zebilen Makoke, haur batzuk jolasean ikusi zituenean.

-Barkatu, Luso ezagutzen duzu?-galdetu zion Makokek hortz beltzak zituen haur
bati.
-Luso, Luso… -erantzun zuten denok batera -hori izen arraroa, ez dugu inoiz entzun
horrelako izenik.

Eta abesten hasi ziren:

“Luso, peluso cara de suso pin, pan, puso”

Haurrak abesten jarraitu zuten eta Makoke joan egin zen.

Makokeri bukaezina iruditzen zitzaion Luso eta Txisko bila zebilen denbora, eta aulki
batean eseri zen atseden pixka bat hartzera. Berehala bere ondoan bikote bat pasatu zen.

-Badakizu?-esan zion batek besteari- oraintxe ikusi dut Luso txakur berri batekin.

Makokek Luso izena entzun zuenean altxagailu bat bezala altxatu zen eta neskari
galdetu zion:

-Barkatu zuen hizketan sartzen banaiz, baina entzun zaituztet Lusoz hitz egiten.
Mesedez esango zenidakete non bizi den?-galdetu zuen Makokek.
-Luso, Luso. Bai, laukidun gortina duen etxe horretan -erantzun zuen neskak.

Makoke oso urduri etxerantz joan zen eta atea jo zuen “Tok-tok-tok” irekitzerakoan
lehenengo atera zena bere txakur maitea izan zen, bere isats txikia mugituz alde batetik
bestera.

-Kaixo Makoke -esan zuen Lusok -nolatan ez zara joan Txiskoren bila esan dugun
orduan, etxera ekarri dut afaltzera.
-Eskerrik asko Luso -erantzun zuen Makokek bere txakurra besoetan hartuz,
aurpegia miazkatzen zion bitartean, bere alaitasuna adierazi nahian.
-Makoke, espero dut gaur gertatu dena ez dela gehiagotan gertatuko -esan zion
Lusok.
-Ez Luso -erantzun zuen Makokek – gauza garrantzitsu bat ikasi dut; erantzule izan
behar dudala, eta adi egon behar naizela.

Horrela Makokek Luso agurtu zuen eskerrak emanez. Bitartean bere txakurra artazika
eta itzulipurdika zebilen bere alaitasuna ezin gorderik.

Egilea: Vicky Requena (Oiartzun)

También podría gustarte