Está en la página 1de 4

BIZITZA ZORIONTSUA De Beata vita

II Kapitulua
Lehen eguneko eztabaida. – Gorputz eta arima gara. –
– Gorputzaren ezinbesteko elikagaia. – Arimaren elikagaia. – Nahia betetzen ez
duena ez da zoriontsu. – Nahi adina daukana ere ez da zoriontsu. – Nork dauka
Jaungoikoa?. – Akademikoa ezin da
zoriontsu izan, beraz, jakintsu ere ez.

– Gu arimaz eta gorputzez osatuak izatea gauza nabaria iruditzen zaizue?


Baietz esan zuten denek, Navigiok izan ezik. Navigiok ez zekiela aitortu zuen.
Nik esan nion:
– Ez dakizu ezer ala deus ez jakitea bera ere zure ezjakinaren atal bat da?
– Nire ezjakina erabatekoa denik ez dut uste –esan zidan–.
– Esango al diguzu dakizunetik zerbait? –galdetu nion.
– Jakina baietz! –erantzun berak.
– Eragozpenik ez baduzu, –esan nion– azaldu zerbait.
Eta zalantzan ikusi nuenean, galdetu nion:
– Bizi ote zaren, gutxienez, jakingo duzu?
– Bai, badakit.
– Beraz, bizia daukazula badakizu, bizirik gabe ezin baita inor bizi.
– Hori ere badakit –esan zidan–.
– Gorputza daukazula ba al dakizu? (Baietz esaten zidan) Beraz, gorputzez eta
bizitzaz hornitua zaudela badakizu?
– Horrenbeste ere badakit; baina zerbait gehiago ba ote dagoen, zalantzak
ditut.
– Beraz, –esan nion– bi hauek, alegia, gorputza eta arima, badituzula
zalantzarik ez duzu; baina duda-mudak dituzu besterik ba ote dagoen gizakia
hobetzeko eta osatzeko.
– Halaxe da –esan zidan–.
Hurrengo batean aztertuko dugu hori, ahal badugu. Orain denei luzatzen
dizuet galdera: gorputzik eta arimarik gabe gizakirik izan ezin daitekeela aitortu
dugunez, hauetarik zeinentzat nahi ditugu janariak?
– Gorputzarentzat –Lizentziok erantzun.
Gainontzekoen artean zalantza eta eztabaida sortu zen, nolatan izan zitekeen
ezinbestekoa elikagaia gorputzarentzat, biziari eusteko jan nahi izaten baitugu eta
bizia arimarena baita. Berriro esku hartu nuen eztabaidan:
– Janez gero gugan hazten eta garatzen denarekin elikagaiak zerikusirik
baduela uste duzue?
Denek baietz esan zuten, Trigeziok izan ezik:
– Zergatik –zioen– ez naiz, bada, ni hazi neure jateko gogoaren neurrian?
– Gorputz orok ditu izadian bere mugak –esan nion– eta ezin dira mugaz
gaindik irten; neurria, ordea, laburragoa litzateke elikagairik gabe. Aise antzematen
dugu hori abereengan, janaria gutxituz haien gorputzek galdu egiten baitute
tamainan eta sasoian.
– Argaldu egiten dira, ez txikiagotu –esan zuen Lizentziok–.
– Argaltzearekin nahikoa dut nire argudiorako –esan nion–. Arazoa da ea
elikagaia gorputzari dagokion, eta horren zalantzarik ez dago hura murriztuz
argaltzen bagara.
Denak ados ziren honetan.
– Eta arimak, zer? – galdetu nien-; ez al du elikagairik? Jakintza ote da
arimaren janaria?
– Ezbairik gabe –esan zuen amak-; arimaren elikagai bakarra gauzen ezagutza
eta zientzia dela uste dut.
Trigezio ez zegoen ados hitz horiekin eta amak jarraitu zuen:
– Ez al duzu, bada, zerorrek gaur bertan azaldu nola eta nondik elikatzen den
arima? Jaten ari ginela esan baituzu ez diozula erreparatu esku artean generabilen
edalontziari, beste auskalo zeintzuk gauzetan pentsatzen ari zinela-eta; hala ere,
ahoari eta eskuari ez diezu bakerik eman. Non zen, orduan, zure gogoa ezeri
arretarik eman gabe jan eta jan? Sinetsidazu hor ere arima bere jaki bereziez
bazkatzen dela, hau da, bere pentsamendu eta irudipenez, horien bidez zerbait
bereganatu nahian.
Hitz hauek tirabira eragin zuten taldean, eta nik esan nien:
– Ez al didazue onartuko pertsona oso jakintsuen arimak beren izakeran
ezjakinenak baino askoz hornituagoak eta zabalagoak direla?
– Bistan da –erantzun zuten denek–.
– Arrazoi osoz esan ohi da, beraz, ezein diziplinatan ezjakitun direnen arimak
eta eskolatu gabekoak baraurik eta gose antzean daudela.
– Nire ustez –esan zuen Trigeziok–, horien gogoak ase daude, baina bizioz eta
gaiztakeriaz.
– Horixe bera ere –esan nion– antzutasun mota bat besterik ez da, eta
gogamenen gosea modukoa. Zeren, jan gabe gorputza, goseak eraginda, sarritan
gaixotu eta ezkabiaz kutsatzen den bezala, baraualdien poderioz gogamenak ere
gaitzez betetzen dira. Nagikeriari berari ere antzinakoek bizio guztien ama deitu
nahi izan zioten, deus ez baita. Eta bizio honen kontrako bertuteari neurritasuna
deitzen zaio. Hitz hau (latinez: frugalitas) fruge-tik dator eta fruitua esan nahi du,
gogamenen nolabaiteko emankortasuna adierazi nahian. Aurrekoa, nequitia
latinezko nihil-etik dator, hots, deus ez, nolabaiteko antzutasuna. Isurtzen,
disolbatzen, likidotzen eta ia beti galdu eta ezereztatzen dena hutsa baita edo
deuseza. Horrelako gizakiei ere galduak deitzen zaie. Alderantziz, bere horretan
iraun eta tinko eusten diona zerbait da, hala nola bertutea beti bat baita, eta
beronen atal nagusiak eta dotoreenak eratasuna eta neurribidea dira. Baina
esandakoa ulergaitz egiten bazaizue, onartuko didazue, behintzat, ezjakinen
gogamenak beterik badaude, gorputzentzat bezala arimentzat ere bi motatako
elikagaiak daudela: batzuk osasungarri eta onuratsu, besteak hilgarriak eta
kalterako.
Gauzak horrela, eta gizakia gorputzez eta arimaz osatzen dela ados
gaudelarik, nire urtebetetze egun honetan gorputzak bazkari oparoagoz gozatzeaz
gain arimei ere gozagarriren bat eskaintzea pentsatu dut. Jaki gozoa zein izango
den esango dizuet jateko gogorik baduzue. Alferrekoa baita eta denbora galdua
asetuei eta jangurarik gabeei jaten ematen saiatzea; eta gero eta gehiago desiratu
behar ditugu espirituaren janariak gorputzarenak baino areago. Hori lortuko dugu
gogamenak osasuntsu edukiz, gaixoek, gorputzaren gaitzaldian bezalatsu, janariak
errefusatu eta kanporatu egiten baitituzte.
Aurpegien keinuez eta ahotsez adierazi zidaten gogo onez hartuko zutela nik
prestatutakoa.
Eta hitzaldiari lotu nintzaion berriro:
– Denok nahi dugu zoriontsu izan, ezta?
Entzun orduko, denek ados onartu zuten nik esandakoa.
– Eta zoriontsu deritzozue nahi duena ez daukanari?
Ezetz esan zuten denek.
– Eta zer? Nahi adina daukan oro izango ote da, bada, zoriontsu?
Amak erantzun:
– Gauza onak nahi eta edukiz gero, bai, zoriontsu da; gaitzak nahi dituena,
ordea, lortuz gero ere, zoritxarreko da.
Irribarrez eta pozarren esan nion:
– Filosofiaren gazteluan sartzea lortu duzu, ama. Hitzak soilik falta izan dituzu,
filosofiaren defentsa eta gorespenerako Zizeronek idatzitako Hortensius liburua
bezain egoki mintzatzeko. Hangoak dituzu hitz hauek: Horra bada; filosofoek ez,
zehazki, baina eztabaidarako prest dauden guztiek diote zoriontsu direla nahierara
bizi direnak. Errakuntza galanta! Komeni ez dena desiratzea zorigaitzik handiena
baita. Nahi duzuna ez lortzea baino zorigaiztoagoa da komeni ez zaizuna lortu nahi
izatea. Zoriak ekar lezakeen ongia baino gaitz ugariago ekartzen baitu nahimenaren
zitalkeriak.
Hain ozenki onartu zituen hitz hauek ezen, beraren sexuaz erabat ahazturik,
alboan gizon handi bat genuelakoan geunden, eta nik neure artean, ahal nuen
neurrian pentsatzen nuen zein iturri jainkozkotik isuri ote zitzaizkion egia horiek.
– Esaguzu, bada, orain –esan zuen Lizentziok– zoriontsu izan gura duenak zer
nahi behar duen eta zein gauzetan desira ipini.
– Zure urtebetetze egunean gonbida nazazu, ongi baderitzozu, eta plazer
handiz hartuko dizut eskainiko didazun oro. Era berean gera zaitez, arren, gaur
gurean, baina ez eskatu agian prestatu ez dugunik.
Egindako ohar apalaz hura lotsatu, eta nik ostera jarraitu nuen:
– Denok bat gatoz honetan, alegia, inor ezin dela zoriontsu izan nahi duena ez
badauka; ez eta nahi duen guztia daukan oro ere. Ez al da hala?
Baietz esan zuten denek.
– Eta zer? –esan nuen– Zoriontsu ez dena dohakabea al da?
Zalantzarik gabe, baietz erantzun zuten.
– Beraz, nahi duena ez daukan oro dohakabea da.
Denek onartu zuten.
– Zer behar du, beraz, gizakiak bilatu, zoriontsu izateko? –Galdegin nuen–.
Gure gonbitean, agian, hau ere eskainiko dugu, Lizentzioren gogo bizia asetzeko;
lortu egin beharko baitu, nire ustez, nahi hutsez lor dezakeena.
Nabarmena zela esan zuten.
– Gainera, –jarraitu nuen– gauza iraunkor eta segurua behar du izan, zorteari
eta bizitzako gorabeherei lotu gabea. Izan ere, iragankor eta galkorra dena ezin
dugu nahi dugunean geure nahierara eduki.
Denek onartu zuten. Baina Trigeziok esan zuen:
– Badira zoriontsuak gauza galkor eta aldakorrak, baina bizitza honetan
atseginak, oparo dauzkatenak eta noiznahi euren desirak asetzen dituztenak.
– Eta zerbaiten beldur dena –galdetu nion– zoriontsu dela uste duzu?
– Inola ere ez –erantzun berak–.
– Hortaz, maite duena gal dezakeena bizi al daiteke beldurrik gabe?
– Ezinezkoa du –erantzun zidan–.
– Beraz, badaezpadako horiek gal badaitezke, horietan bihotza jarri eta
eskuratzen dituena ezin da zoriontsu izan.
Kontrakorik ez zuen esan. Amak hartu zuen hitza:
– Seguru egonik ere ondasun horiek galduko ez dituela, ezin da horietaz ase
izan; beraz, pobre bezainbat dohakabe izango da beti.
Nik erantzun:
– Eta gauza hauetan guztietan oparo bizi arren, bere desirak kontrolatu eta
daukanaz pozik eta neurriz bizi denari zer deritzozu? Zoriontsu izango dela uste
duzu?
– Ez da gauza horiengatik izango zoriontsu –erantzun zuen berak-;bere
gogamenari ezarritako neurritasunari esker izango da zoriontsu.
– Oso ondo –erantzun nion–. Nire galderak ez zuen beste erantzunik onartzen
eta ez nuen zugandik besterik espero. Beraz, inolako zalantzarik gabe, zoriontsu
izan nahi duenak ondasun iraunkorrak bereganatu beharko ditu, ezein paturen
ezbeharrak ezin kenduko dizkion ondasunak.
– Horretan konforme gaude aspalditik –esan zuen Trigeziok.
– Jaungoikoa betikoa dela uste duzue eta beti bera?
– Hain da egia diozun hori –esan zuen Trigeziok– galdetzerik ere ez duela
merezi.
Guztiek txalotu zuten zaletasun berberaz.
– Zoriontsu, beraz, Jaungoikoa daukana.
Denek azken ideia hau pozez beterik onartu eta gero
– Beraz, –jarraitu nuen– Jaungoikoa nortzuk daukaten aztertu besterik ez dugu
egin behar, hauek baitira egiaz zoriontsuak. Honi buruz esadazue zuen iritzia.
– Ongi bizi denak dauka Jaungoikoa –esan zuen Lizentziok–.
– Haren nahia betetzen duenak dauka Jaungoikoa –erantsi zuen Trigeziok;
Lastidiano ados berarekin.
Gaztetxoenak ere zerbait esan behar eta,
– Espiritu likitsaren kutsurik ez duenak dauka Jaungoikoa.
Denak ontzat eman zituen amak, baina batez ere gaztetxoaren hitzak. Navigio
isilik zegoen. Zer sentitzen zuen galdegin nionean azken erantzun hau gustatu
zitzaiola esan zidan.
Rustikori ere galdetu behar nion zein iritzi zuen gai garrantzitsu honetaz, isilik
baitzegoen, deliberoz barik lotsaz, nik uste, Trigezio-
rekiko bere adostasuna erakutsi zuen.

También podría gustarte